euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kezkatuta daude Erromako UPTER Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura sailean euren etorkizunaz

2011/05/19

UPTERek eta Erromako Associazione Culturale Euskara elkarteak iaz egin zuten Euskal Astearen afitxa Erromako UPTER Unibertsitateko Euskara sailak idazkia bidali dio EuskalKultura.com-i, Etxepare Institutuarekin lankidetza hitzarmenaren inguruan izan dituzten desadostasunak agertuz. "Oso zaila gertatzen zaigu gaur egun Etxepare Institututik entzuten ditugun argudioak ulertzea, hau da, titulazio akademikorik eta 'maila' unibertsitari akademikorik ematen ez duen eredua ez dela haien prioritate, eta Etxepareren laguntzetatik at geratuko garela 2012 urtean", diote. Etxepareko Euskara Sustatzeko zuzendari Mari Jose Olaziregik, berriz, institutuak unibertsitate barruko irakurle figura indartzeko asmoa duela baieztatu du eta, UPTERek burutzen dituen ekintza interesgarriak aintzat hartzen dituztelako, hitzarmena birformulatzeko bideak bilatzen ari direla azpimarratu du.

Gehiago irakurri...


Balio anitzeko aretoko zorua inauguratu dute Eusko Aterpea-ko kideek Aberri Eguneko ospakizunean

2011/05/19

Eusko Aterpea euskal etxeko dantzariak Aberri Eguneko bazkarian (argazkia EE) Ehunda berrogeita hamar bat lagun bildu ziren maiatzaren 8an Argentinako Gral. Rodriguezko Eusko Aterpea euskal etxean Aberri Eguna ospatzeko. Euskaldunentzat hain garrantzitsua den efemeride hau ez zuten izan, ordea, elkartzeko arrazoi bakarra izan. Pausoz pauso altxatzen ari diren egoitza prest egotetik gero eta hurbilago dago eta 'SUM' edo balio anitzeko aretoko zorua inauguratu zuten Eusko Aterpea-koek pasa den egun horretan burututako bazkarian. Lujan, Moreno, Cañuelas, San Miguel eta Suipachako ordezkaritzek lagundu zituzten Rodriguetarrak beren festan.

Gehiago irakurri...


Urteko Ohiko Biltzarra egin du La Platako Euzko Etxeak, Javier Clua buru duen taldeari konfidantza berremanez

2011/05/19

Hurrenez hurren Javier Clua eta Jorge Batiz, La Platako Euzko Etxea euskal elkarteko lehendakari eta lehendakariorde berrautatuak (argazkiaEE) Maiatzaren 8an egin berria du Urteko Ohiko Biltzarra Buenos Aires probintzia argentinarreko hiriburua den La Plata hiriko Euzko Etxea euskal etxeak. 2010eko kontu ekonomikoak eta bestelakoak aipatu eta onartzeaz gain, bildutakoek elkarteko zuzendaritza berritu zuten, agintealdi berri baterako konfidantza emanez Javier Clua egungo lehendakaria buru duen taldeari. Cluarekin batera hor dira, besteak beste, Jorge Batiz, lehendakariorde gisa; Maria Fernanda Astigarraga, idazkari; Iñaki Azcarate, idazkariorde; Sergio Ochotorena, diruzain; eta Marina Biffareti, diruzainorde.

Gehiago irakurri...


Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxeko kideek ere bere egin dute Herri Urrats-en 'Gu ere lakuko!' leloa

2011/05/18

Buenos Airesko Herri Urrats jaian parte hartu zutenek beren ur-tantak eraman zituzten "Senpere Lakura" Joan den maiatzaren 14an --Euskal Herrian baino astebete berantago-- eta azken urte hauetako ohiturari jarraituz, Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeko Kultura Azpibatzordeak Herri Urrats jaiaren bere bertsioa egin zuen Argentinako hiriburuan. Berrogei bat lagun bildu ziren Moreno kaleko euskal egoitzan eta ur-tanta eskuan, lurrean margotutako “Senpere Lakuan” murgildu ziren. Horrela, janari ona eta jolasen eta dantzen bidez, euskaltzale argentinarrek ere fier ospatu dute Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko festa.

Gehiago irakurri...


Europako eta Ameriketako irakurleen deialdian onartuen behin-behineko zerrenda argitaratu du Etxeparek

2011/05/18

Etxepare Euskal Institutuaren logotipoa Etxepare Institutua Europako eta Ameriketako hamar unibertsitateetarako irakurle postuak betetzeko hautaketa-prozesu publikoa egiten ari da eta aste honetan bertan parte hartzeko onartuak eta baztertuak izan diren hautagaien zerrenda argitaratu du. Baztertuek maiatzaren 23a arte dute epea erreklamazioak aurkezteko. Era berean, Institutuak La Platako Unibertsitate Nazionalean Euskara eta Euskal Kultura klaseak ekainaren 7an abiatuko direla jakinarazi du. Ikastaro honetan izena-emateko epea maiatzaren 27an itxiko da.

Gehiago irakurri...


Erreniega abesbatzaren bidaia Kubara eta Habanako Aberri Egunera: "Esperientzia zirraragarria izan da"

2011/05/18

Erreniega Koralak Habanan eman zuen kontzertura irlako euskaldun asko bildu ziren. Nafarrek San Fermineko zapi gorriak banatu zituzten ikusleen artean (argazkia Erreniega) Kubara joan bertako koruekin emanaldi batzuk egiteko... eta Habanako Aberri Eguneko jaian jotak kantatzen bukatu, horixe gertatu zitzaien Zizur Zendeako Erreniega abesbatzako lagunei. Koru nafarraren zuzendaria kubatarra da eta bere kontaktuak baliatuz iragan apirilean Santigon eta Habanan zenbait kontzertu eskaini zituen taldeak. Halaber, Fernando Garcia koruko presidentea Habanako euskaldunekin harremanetan jarri zen, EuskalKultura.com-en bitartez, eta taldeak gonbidapen berezia jaso zuen Aberri Eguneko bazkarian parte hartzeko. Esperientziaren argazki kronika bidali digute Erreniegakoek, bide batez Habanako lagunei goraintziak bidaliz.

Gehiago irakurri...


Latinamerikako ikasleek EHUn Masterrak egiteko laguntza deialdia ireki dute

2011/05/17

EHUren kanpusa Donostian Irailetik aurrera Euskal Herriko Unibertsitatean Masterra egin nahi duten Latinamerikako ikasleek irekita dute EHUk eskaintzen dituen mugikortasunerako laguntzak eskatzeko epea. Master hauek, baina, Hezkuntza Ministerioaren Bikaintasuneranzko Aipamena eskatu duten doktoregoetarako sarbide zuzena eman beharko dute. Dirulaguntza urteko 4.500 eurokoa izango da eta onuradunak salbuetsita egongo dira masterreko prezio publikoak ordaintzetik. Eskabideak aurkezteko epea ekainaren 6ean itxiko da.

Gehiago irakurri...


Southamptongo Unibertsitateko tesi batek Erresuma Batura heldu ziren Gerrako Umeen memoria aztertzen du

2011/05/17

Susana Sabin-Fernandez Ingalaterran gelditu ziren haur horietako batekin, 2007an Southamptonen egin zen bilkuran. Ondoan, egun hiri ingelesaren kaleetan dagoen plaka oroigarria (argazkia SSabinFernandez) Susana Sabin-Fernandez bizkaitarrak 1937an Erresuma Batuan errefuxiatu ziren gerrako umeen memoria eta aztarnak jasotzen ditu Southamptongo Unibertsitatean aurkeztu duen doktoretza-tesian. Ikerketa honekin egileak bere familiaren istorioa bera izan du aztergai; izan ere, ama Santurtzitik Habana untzian atera ziren 4.000 haur horietako bat izan zen. Taldearen memoriak bizirik dirau eta neska-mutil haietariko askok datorren igandean Euskal Haurren urteroko bazkaria egingo dute Londresen, Southamptonen lehorreratu zireneko 74. urteurrenean.

Gehiago irakurri...


Bogota-ko EEak 'persona non grata' izendatu du Jaurlaritzaren ordezkaria, eurekiko 'ezinikusia' egotziz

2011/05/17

Bogotako Euskal Etxeak, elkarteko lehendakariorde Jose Vicente Katarainen eskutik, 'persona non grata' izendatu du Jaurlaritzaren Kolonbiako ordezkaria, Iñaki Martinez, "alderdikoi eta baztertzaile"tzat joz eta salatuz idazki baten bidez "Bogotako Euskal Etxearen eta Emprebask-Kolonbiaren kontrako bere ezinikusia". Iñaki Martinezek gogor ukatu ditu salakuntzok, "faltsuak" direla esanez, eta gainerakoak Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak Legebiltzarrean maiatzaren 24an egingo duen agerraldira bideratuz.

Gehiago irakurri...


EEaren egoitza bukatzeko laguntza eta Euskadiko ordezkariaren bisita Saladilloko Itxaropen Euskal Etxean

2011/05/17

Saladilloko alkateak pontxo bat opari zion Elvira Kortajarenari (argazkia CN Saladilloko egunkaria) Euskal Etxearen egoitza bukatzeko lanak bideratuta daude jadanik Saladillon. Alabaina, komunitatearen laguntza behar dute herri honetako euskaldunek eraikuntzaren bigarren zatia amaitu ahal izateko. Helburu horrekin, zozketak antolatu ditu euskal erakundeak. Ehun pesoko bonoak kaleratu ditu Itxaropen-ek eta bonoak erosten dituzten partaideek Euskal Herrira bidaiatzeko bi pertsonentzako txartelak irabazteko aukera izango dute. Helburu berarekin herriko udalak 20.000 pesoko dohaintza egin zion euskal etxeari Elvira Kortajarena Jaurlaritzaren Argentinako Ordezkaria bertan izan zen ekitaldi batean.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia