euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Atzokoan irabazi ostean, Euskadiko Saskibaloi Selekzioak Argentinakoaren kontra jokatuko du igandean Saltan

2011/08/05

Argentinako selekzioko Marcos Matta, Ricardo Uriz eta Urko Otegi-ren kontra (argazkia Tribuna Diez Egunkaria) Atzokoan irabazi egin zuen Cordoban. Bukatzear dago uztailaren 30ean hasitako Argentinako bira, baina etxera bueltatu aurretik, Euskadiko Saskibaloi Selekzioa saiatuko da Argentinako taldea indartsuren kontra. Azken egun hauetan bi partidu jokatu dituzte dagoeneko jokalari euskaldunek: iragan igandean, Chaco probintziako hiriburuan, ezin izan zuten bertako taldearen kontra. Atzo, berriz, Cordoba hirian, erraz irabazi zuen Pablo Lasoren taldeak, 75-59. Birako azkena, Salta hirian izango da, etzi arratsaldeko 6etan --ordu argentinarra, gaueko 11ak direnean Euskadin-- eta Argentinan zein Euskadin zuzenean ikusi ahal izango da telebistaz, EiTB, Canal Vasco eta TyC kateetan.

Gehiago irakurri...


Ikus itzazu Buffaloko NABO 2011 kabalkada euskal-amerikarreko argazki eta bideoak (III)

2011/08/05

Buffaloko NABO 2011ko kabalkadako beste irudi bat (argazkia EuskalKultura.com) Euskal-amerikar 'kabalkada' edo desfilearen erdian utzi genuen Buffaloko NABO 2011ko ekitaldiez egiten ari garen argazki eta bideo kronika. Irudi horietan kabalkada abiatua zen Buffaloko kale nagusia alderik alde ibiltzeko. Gaurkoan --klik egin bideoetan plazer baduzu-- argi ikusiko dugu zertan den, euskaraz 'kabalkada' eta ingelesez 'parade' deitzen duten desfilea. Karrokanpoak (euskal artzainen mendietako bizitoki izan ziren horiek) protagonista, Buffaloko euskal familia bakoitzak harro erakusten du Euskal Herritik etorri zen heien ahaidearen karrokanpoa. Buffalon gertatutakoari buruz bildu dugun sail honetako hirugarren artikulua da hau (III).

Gehiago irakurri...


Lagunarteko bazkaria egin dute Coronel Moldes-eko Gure Zainak EEkoek San Inazio eguna ospatzeko

2011/08/05

San Inazio egunean bertan, uztailaren 31an, ospatu zuten Gure Zainak euskal etxeko kideek San Inazio (argazkia EE) Tamainaz txikia eta erakunde gisa gaztea da eta antolatze bidean dabil Coronel Moldes-eko euskal etxea, baina handia eta sendoa da, ostera, bere kideek Euskal Herriko kultura ezagutu eta zabaltzeko duten asmo eta xedea. Helburu horrekin osatu zen elkartea, eta helburu horrekin lan egiten dute bertako euskaldunek egunez egun. Eta ez daude bakarrik proiektuan. Herriko beste kolektibitateak eta inguruko hirietako euskal etxeetako kideak euren lagun dira burutzen dituzten ekimenetan. Halaxe gertatu da berriz ere joan den igandean, uztailaren 31an, Gure Zainak-ek gauzatu duen San Inazio eguneko bazkarian.

Gehiago irakurri...


Euskal Herriko kulturari buruzko hitzaldi eta meza batekin gogoratu da Gral. Las Heras-en San Inazio eguna

2011/08/04

Gral. Las Heraseko dantzariak San Inazio ospakizunean Pasa den mendean, saioaldi batzuk egin ziren Buenos Aires probintziako Gral. Las Heras herrian euskal etxe bat sortzeko. Urte askotako eginahalek euren fruituak eman dituzte eta gauden 2011 honetan Zazpirak Bat euskal etxeak bere lehenengo zuzendaritza batzordea hautatu du. Batzordea osatu bezain laster, Luis Echegaray lehendakari duen taldeak lanari ekin eta ekintza batzuk antolatu zituen euskal kultura Las Heras eskualdean aurkezteko. Gipuzkoa eta Bizkaiko patroiaren eguna ere ospatu dute Gral. Las Heras-eko euskaldunek, hitzaldi bat, elizkizunak eta dantza erakusketa bat eskainiz.

Gehiago irakurri...


Iratxe Madariaga, Txileko ohorezko kontsula Bilbon, Viña-Valparaisoko Eusko Etxearen egoitza berrian bisitari

2011/08/04

Iratxe Madariaga Ibarra, Txileko ohorezko kontsula Bilbon, eta Archibaldo Uriarte, Valparaisoko Eusko Etxeko lehendakaria Bilbon Txileko ohorezko kontsula den Iratxe de Madariaga Ibarrak Bisita luzatu dio Viña-Valparaisoko Eusko Etxearen egoitza berriari, elkarteko lehendakari Archibaldo Uriarte eta Zuzendaritza Batzordeko zenbait kide lagun zituela. Alde instituzionalaz gain, bisitak bazuen besterik, Iratxe de Madariagaren aitona, Tomas Ibarra Barandika, Txileko Bostgarren Erregio honetako Eusko Etxeko fundatzaileetakoa izan baitzen, eta bertako zuzendari 1947an.

Gehiago irakurri...


Dantzaldia eta emakume euskaldunen omenezko saria Chascomuseko Euskal Etxearen 20. urtemugan

2011/08/03

Chascomuseko Eusko Hazia taldeko dantzariak herriko Brazzola Antzokian (argazkia Zingirako Euskaldunak EE) Erakundearen 20. urtebetetzea ospatzeko antolatu diren ekintzak ez dira gutxi izan Buenos Aires probintziako Chascomuseko 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxean. Eta ez dira gutxiago izango 2011 honi geratzen zaizkion hilabetetan. Instituzioko arlo guztietako kideak dira jai erraldoi honen protagonistak eta joan den larunbatean, uztailaren 30ean, dantzariei egokitu zaie ekitaldiko arduradunak izatea. 'Eusko Hazia' taldeko neska-mutilak gailendu egin dira herriko Brazzola Antzokian eta beren dantza eta alaitasunarekin argi utzi zuten euskal etxeak ospakizuerako dituen arrazoiak. Testuinguru honetan, Chascomuseko emakume euskaldunen omenezko sariaren berri ere eman du Zingirako Euskaldunak-ek.

Gehiago irakurri...


Ikus itzazu Buffaloko NABO 2011 kabalkada euskal-amerikarreko argazki eta bideoak (II)

2011/08/03

Euskal-amerikar kabalkada Buffaloko karriketan zehar (argazkia EuskalKultura.com) Diasporaz beti esaten duguna errepikatuko dugu: gauza batzuk irakurri edota telebistaren distantziatik ikustea baino behar direla bertan bizi eta arnastu. Batzuetan hori posible ez denez, ahaleginak egin ditugu geure irakurleak ahalik eta gehien barneratu eta sar daitezen Buffaloko NABO 2011 euskal elkarretaratzeko giro eta festan. NABO 2011ko bigarren kronika honetara larunbatean egin zen kabalkada edo desfileko argazkiak eta, gehienbat, bideoak ekarri ditugu. Ea lortzen duzuen nolabait bertaratu eta hor bizi izan genuenaren partaide bilakatzea. Buffaloko NABO 2011ko bigarren kronika artikulua da hau.

Gehiago irakurri...


Urteroko Ohiko Batzarra egin du Azul-go Gure Txokoa Euskal Etxeak; Jose Maria Iceta, lehendakari

2011/08/02

Azulgo Gure Txokoa, artxiboko argazki batean (argazkia EuskalKultura.com) Joan den asteburu honetan egin du urteroko bere Ohiko Batzarra Buenos Aires probintzia argentinarreko Azul herrian, bertako Gure Txokoa Euskal Etxeak. Gai zerrendaren barruan Zuzendaritza Batzordea berritzea tokatzen zen, 2011-2012 eperako eta hauteskundeak eginik Jose Maria Iceta hautatu dute lehendakari berri. Batzordekide izango ditu berarekin, besteak beste, Eduardo Recalde, lehendariorde; Sonia Latasa, idazkari; Silvia Iceta, diruzain; eta Alfonso Dussio, idazkariorde.

Gehiago irakurri...


Astebeteko ikastaroa bukatuta, Euskal Sustraiak-ek agur bazkaria eskaini zien Hegoamerikako euskara irakasleei

2011/08/02

2011ko Neguko Barnetegiko ikasle eta irakasleek Euskal Sustraiak euskal etxea bisitatu zuten euren Trenque Lauquengo egonaldian (argazkia EuskalKultura.com) Bukatu berria da Trenque Lauquen hirian Argentinan Euskaraz programako 2011ko Neguko Barnetegia. Aste osoan zehar, hogeita hamar bat ikasle/irakaslek euren euskara hobetu eta erabiltzeko aukera paregabea izan dute HABE Institutuak, FEVA Federazioak eta Euskal Sustraiak euskal etxeak antolatutako ikastaro trinko honetan. “Erronka handia izan da guretzat kurtso honen antolakuntza gure gain hartzea, baina orain poz-pozik gaude oso esperientzia polita izan baita guztiontzat” adierazi du Hector Alberto Echaide euskal etxeko lehendakariak barnetegian parte hartu zutenei eskainitako agur bazkarian.

Gehiago irakurri...


Argentinako dantza zuzendariak Necochean bilduko larunbatean, azaroko Euskal Astea prestatzeko

2011/08/01

Necocheako Euzko Etxearen egoitza (argazkia EuskalKultura.com) Pixkana eta konturatu gabe Argentinako 2011ko Euskal Astearen datak gainera etorri zaizkigu eta hiru hilabete baino zertxobait gehiago baizik ez da gelditzen euskal-argentinarren urteko elkarretaratze nagusia abiatzeko. Azaroaren 7tik 13ra bitartean gauzatuko da aurten Euskal Argentinar Aste Nazionala, Necochean, eta antolatzaileak deia zabaldu diete herrialde osoko euskal dantza taldeetako zuzendariei, datorren larunbatean, abuztuaren 6an, bilera batera ager daitezen Necocheara, Euskal Astean zehar egingo diren dantza emanaldien xehetasunak koordinatzeko.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia