2011/10/04

Hilaren hasieratik eta datorren larunbata arte Bogotan da Joxemari Carrere ipuin kontalari gipuzkoarra, 'Quiero Cuento' izeneko jaialdian parte hartzeko. Jaialdiaren hamaikagarren edizioa da aurtengoa eta bertan Kolonbiako, Mexikoko, Estatu Batuetako eta Costa Ricako narratzaileekin batera ariko da Carrere. 'Todo lo que se nombra existe. Los vascos en el País de las Maravillas' izenburupean, euskal kultura eta ipuinak dakartza Karrerek Karibeko herrialdera.
Gehiago irakurri...
2011/10/04

Udaberrian sartuta gaude jadanik Argentinan eta urtaro honetako jaialdi igurikatuenetako bat da dudarik gabe Ume Topaketa. Aurrekoetan bezala, 14. elkarretaratze honetan ere FEVAko euskara arloa izan da ekintzaren bultzatzaile nagusia, HABEtik jasotako diru-laguntzarekin. Baina jaia ez litzateke posible izango ezin estimatuzko beste bi kolaboraziorik gabe: helduen taldea, eurak baitira umeekin daudenak eta euren jolas eta beharrez arduratzen direnak, eta Euskal Echea Institutua, urtero Llavallolgo bere egoitzako ateak irekitzen baititu festa erraldoi hau egin ahal izan dadin.
Gehiago irakurri...
2011/10/03

Munduko Euskal Gizataldeen arteko Mus Txapelketa datorren larunbatean hasiko da Ipar Euskal Herrian, Angelun (Lapurdi), eta astebetez, mundu osoko dozena bat bikote ariko dira lehian, Australiatik Kanada eta Argentinaraino, norbera bere herrialdean garaile gertatu ondoren. Aurtengoa 34. edizioa da eta iaz Kaliforniako Los Angelesen egin zen lehiaren lekukoa hartuko du. Txapelketara biltzen diren lagunek, partidak jokatzeaz gain Iparraldeko zenbait bazter ezagutzeko parada ere izango dute. Besteak beste, irteerak egingo dituzte Donibane Lohizunera, Ainhoara, Donibane Garazira, Larrun mendira, Baionara eta baita Lourdes-era ere.
Gehiago irakurri...
2011/10/03

Argentinan urtero ospatzen dute irailean Immigrantearen Eguna eta, horrekin batera, ospakizunak eta ekitaldiak hilabete osoan luzatzen dira zenbait kasutan, immigranteek ostatutako herrialdea izanik presentzia eta garrantzia handia baitauka oro har immigrazioaren egitateak. Beste batzuetan egin legez, Concordia herrian, bertako euskal gizataldeko kide den Maria Rosario Echeverria bertako prentsara atera da, eta honakoan gutuna zuzendu dio bere amatxi edo amona euskaldunari, Euskal Herritik argentinaratu eta euskalduntasun sentimentuaren lekukotasuna eman zionari.
Gehiago irakurri...
2011/10/03

Bizirik eta osasuntsu segitzea oso arrazoi ona da ospatzeko; Pergaminoko Lagun Onak-eko kideek urte osoko ospakizun egitaraua proposatu zuten 2011 hasieran eta egitaraua zintzo-zintzo ari da betetzen. Inguruko herrietako euskal gizataldeetako ordezkariak bertaratu dira Pergaminora ekitaldietan – hitzaldi, erakusketa, abesbatzaren aurkezpenak, eta jaiak antolatu dira, besteak beste – parte hartzera. Urtebetetzeko ekimen bereziez gain, ohiko ekintzak ere antolatu dituzte Pergaminoko euskaldunek: esaterako, irailaren 25ean Karitas-ek urtero antolatzen duen Erdi Maratoiaren babesleak izan ziren 9. aldiz.
Gehiago irakurri...
2011/09/30

Internet Diasporako euskaldunentzako aurrerapen itzela izan da eta informazioa eskuratzeko eta elkarren berri izateko tresna ezinbestekoa bihurtu da azken urteotan. Aurretik beste euskal etxe batzuek jorratutako bideari eutsiz, orain New Yorkeko Eusko Etxea komunikazio hori pauso bat haratago eramateko bidea urratzen hasi da: igande honetan Eusko Etxean egingo den hitzaldi bat mundu zabalera emitituko du, telebista bailitzan, internet bidezko streaming webgune baten bidez. Ricardo Riverak emango du hitzaldia eta izenburua 'Making friends in Basque' da. Adi igandean, beste euskal elkarteetara zabaltzeko esperientzia polita izan daiteke eta! Bestalde, Eusko Etxeak Angela Mejias argazkilariaren 'Geroa eta Itxaropena' (sic) erakusketa aurkeztuko du igandean, hitzaldiarekin batera.
Gehiago irakurri...
2011/09/30

Iragan ostegunean hasi eta igandea bitartean, AEMI elkartea urteroko bilkura egiten ari da Danimarkako Aalborg hirian. Bertara bildu dira elkarteko ordezkariak: Europako eta munduko 25 bat herrialdeetako erakunde, museo eta emigrazio ikerketa zentro. Eusko Jaurlaritza elkarteko kide da 2009az geroztik, eta bera izan zen iaz Euskal Herrian egin zen bilkura nagusiaren antolatzailea. Benan Oregi, Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako saileko teknikaria Danimarkan da, euskal gobernua Zuzendaritza Batzordeko kide denez.
Gehiago irakurri...
2011/09/30

Sarean da jada Liburuklik, Euskal Liburutegi Digitalaren fondoak eskuratzeko aukera ematen duen ataria. Honen bidez, munduko edozein lekuko erabiltzaileek sarean irakurri ahal izango dituzte Euskal Herrian argitaratu diren milaka dokumentu eta liburu. Atariak 1940 aurreko dokumentuak bakarrik jasotzen ditu, jabetza-eskubideak direla eta. Momentuz 3.000 titulu daude jada Liburuklik-en, baina urtea bukatu baino lehen beste 300.000 igoko dituzte sarera arduradunek.
Gehiago irakurri...
2011/09/30

Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies, hautagaitzak jasotzen hasi da 2012-2013 ikasturteko 'William A. Douglass Distinguished Scholar Award' jarlekurako. Beka hau eskatzeko Euskal Ikasketen arloren batean aditua behar da izan eta kontuan hartuko da eskatzaileak bere arloan egin duen ikerketaren kalitatea eta berrikuntza, hautagaien artean erabakitzeko orduan. 2012-2013 ikasturterako, CBS, Arte aditu baten bila ari da (Artearen Teoria, Historia eta Politika). Eskabideak aurkezteko epea abenduaren 16ean itxiko da.
Gehiago irakurri...
2011/09/30

Euskal Echea Institutuaren babesarekin 2009an hasi zen proiektua aurrera doa inoiz baino sendoago. Beste hezkuntza ekimen batzuk bezala, euskal kultura hedatu eta ezagutaraztea da Udako Euskal Unibertsitatearen asmoa, baina kasu honetan izenak adierazten duen legez, proiektuaren bultzatzaileek maila akademikoko proposamena eskaintzen dute eta hori dela eta kurtsoa gainditzeko idazlan bat egin behar dute akreditazioa jasotzeko interesa duten pertsonek. Datorren urteari begira, baieztatuta dago jadanik ikastaroaren data. Otsailaren 6tik 17ra Euskal Echea Eskolako Sarandi kaleko egoitzan. Aurreko edizioetan bezala, euskal historia, arte, politika eta hizkuntza izango dira gai nagusiak. Euskaditik propio etorria, Jon Sarasuak emango du amaiera hitzaldia.
Gehiago irakurri...