euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kontzertu batekin amaitu dute urtea Villa Mercedesko Euskal Etxean: Chascomusen, Olentzero eta suziriekin

2011/12/30

Villa Mercedesko txikienen abesbatzak, besteak beste, Txoria txori eta Gernikako Arbola kantatu zituen, Claudia Quattrocchio eta Daisy Cabeytú zuzendari Villa Mercedesko Euskal Etxeak, San Luis probintzia argentinarrean, bere jantzi ederrenekin esan dio agur 2011. urteari. Urteko tailer eta ekitaldien amaiera gisa, abenduaren 9an hasi zituen ekimenak aste honetan bertan amaitu ditu: elkarteko haurren korala eta helduen abesbatza, eta euskal etxe bertako dantzari txiki eta helduak protagonista. Bere aldetik, Chascomusko Euskal Etxeak Olentzeroren bisita jaso zuen. Inguruko haurrek harrera ezinhobea prestatu eta marrazkiak oparitu zizkioten. Elkarteko kide batek bere kondaira kontatu zuen, eta ikazkinak ere opariak banatu zituen, eguna suziri sorta eder batekin bukatzeko. Geroztik, EEkoak Udaleko ordezkariekin solastu dira, Chascomusen hirugarren urtez egingo den euskal Udaleku hasteko astebete eskas geratzen dela.

Gehiago irakurri...


Diasporan egoera larrian dauden pertsonentzako laguntzak eskatzeko epea ireki da; otsailaren 29a arte

2011/12/29

Lehendakaritzaren egoitza, Gasteizen Eusko Jaurlaritzak gaurko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitara eman du atzerrian euskal gizataldeetako partaideak diren eta egoera larrian eta asistentzia faltan dauden pertsonei laguntzeko diru-laguntzak eskatzeko 2012. urteko deialdia. Orotara 202.000 euroko zuzkidura du deialdi honek eta eskabideak aurkezteko epea otsailaren 29an itxiko da. Aurreko urteetan bezala euskal etxeak dira eskabideak aurkeztuko ardura dutenak; hori dela eta, laguntzak eskatu nahi dituztenek gertuen duten euskal elkartearekin jarri behar dute harremanetan lehenbailehen.

Gehiago irakurri...


'Zinema euskaraz': Gabonetan 43 filme euskaraz ikusteko aukera streaming bidez eta doan interneten

2011/12/29

'Olentzero eta subilaren lapurreta' da filme berrietako bat. Horrez gain, drama, komedia, dokumentalak... bada zer aukeratu! Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen 'Zinema Euskaraz' ekimenaren barruan Kulturklik.com webgunean euskarazko film zerrenda luze bat jarri da eskuragarri. Nahi duenak luzemetraia bakoitzaren izenburuan klik egin eta filme hori ordenagailuan ikusi ahal izango du, streaming bidez eta doan, eta, esaterako, bere euskal etxean eskaini. Filma ezin da jaitsi, zuzenean webgunetik ikusi behar da. Iaz abiatu zen kanpaina honi 13 izenburu emendatu zaizkio aurten, tartean '80 egunean', 'Arriya', 'Izarren Argia' edo 'Olentzero eta oparien ordua' eta 'Amerikanuak' dokumentala.

Gehiago irakurri...


Urte berriaren omenez topa egin dute Argentinako euskal etxeetako kideek abenduko azken elkarretaratzeetan

2011/12/29

Paperetan idatzitako desioak sutan erre ziren,  errealitate bihurtuko direlakoan (argazkia EuskalKultura.com) 2011. urtea atzean geratuz doa. Momentu onak eta ez hain onak izan jadanik oroitzapen dira eta urte berria, orri zuri bat izango balitz bezala, esperientzia berriez beteko dugu egunez egun. Etorkizun hori ari dira ospatzen Argentinako hainbat euskal etxetako kideak egunotan euren kopak lagun artean altxatuz. Jai guztietan sentimendu handiko omenaldiak egin zaizkio euskaldunen lokarri den kultura eta sentimentuari. Esaterako Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxean, Rosarioko Zazpirak Baten, Mar Chiquitako Izatez Harron, Arrecifeseko Euskaldunak Denak Baten eta Trenque Lauquengo Euskal Sustraiaken. Hona euren urte amaierako elkarretaratzeen laburpena.

Gehiago irakurri...


Hiriburu europarrak badu berriz ere euskal etxea: Bruselako Euskal Etxea ofizialdu zuen atzo Jaurlaritzak

2011/12/28

Bruselako Euskal Etxearen (BEE) logoa Zazpi urte pasatu dira Bruselak bere azkeneko euskal etxea ofizialki galdu zuenetik, Jaurlaritzako euskal etxeen erregistrotik erorita. Iazko udan, Julian Celayak, euskal etxe bat sortzeko eman beharreko pausoak azaldu zizkion Bruselako euskaldun talde bati, hirira egindako bisitan, eta azaroan oraingo ofizialtzean amaitu diren aurreneko urratsak eman zituen Bruselako Euskal Etxeak (BEE). Zorionak eta ongi etorri Bruselako lagunei!

Gehiago irakurri...


Olentzeroren etorrerak itxi du Paueko EEaren urte biribila, Lagunt eta Maitak egoitza estreinatu duen urtea

2011/12/28

Olentzero Paueko Lagunt eta Maita Euskal Etxera heltzen (argazkia PauEE) Olentzero ez da esku hutsik azaldu Pauera; pozik dira Lagunt eta Maita Euskal Etxean bukatzen ari den urteak eman duenarekin, batez ere aspaldiko ametsa bete eta egoitza propioa eskuratu dutelako aurten. Iragan azaroaren 26ean inauguratu zuten egoitza berria eta ekitaldian bizitako pozak luze iraungo du. Horrez gain, elkarteak indartsu abiarazi ditu euskara eskolak, lau irakasle berriei esker eta, abenduaren 17an, Olentzeroren bisita jaso zuen Lagunt eta Maitak lehen aldiz. Elkarteko neska-mutikoek pozez zoratzen hartu zuten Gabonak iragartzen dituen euskal ikazkin mitologikoa.

Gehiago irakurri...


Udako atsedenaldia hartu aurretik, Argentinako hainbat euskal etxek urte amaierako jaiak ospatu dituzte

2011/12/28

Olentzerok Buenos Airesko Eusko Kultur Etxeko lagunak bisitatu zituen (argazkia EE) Urtea eta ikasurtea amaitzeko eta udako oporrak hasteko sasoina da Hego Hemisferioan. Urtarrilean, udako oporrak hastearekin batera, aktibitateak zinez gutxituko dira Argentina, Txile eta Uruguai bezalako herrialdeetako euskal etxeetan. Hala ere, eta atsedena hartu eta indarrak berritzeko epea hasi baino lehen, bukatzen ari den urteari “agur” esateko mota askotako topaketak egin dituzte. Aurten joandako lagunak oroituz, lagun arteko afariak antolatuz, Olentzeroren bisita jasoz, jaiotza bizidunak eginez eta euskal herri kirola praktikatuz ospatu dute, esaterako, Puerto Madryn, La Plata, Buenos Aires, Tandil eta General Las Heras-en. Hona kronika.

Gehiago irakurri...


Abendua bizi-bizi joan da Londresen: Olentzero & Mari Domingi, Mikel Urdangarinen kontzertua... (bideoak)

2011/12/27

Mari Domingi eta Olentzero, London Basque Society elkartearen bazkarira heldu berriak (argazkia LondresEE) London Basque Society Euskal Elkartea sasoi ederrarekin ari da urtea bukatzen eta ekitaldi ugari antolatu ditu azken asteotan. Azkena abenduaren 17an izan da, elkartearen Eguberri Jaiarekin. Londongo euskaldunak bazkaltzeko bildu ziren eta bertara agertu zen Olentzero bera ere, Mari Domingi emaztea lagun zuela, elkarteko txikien artean opariak banatzeko prest. Horrez gain Algortatik etorritako trikilari taldeak giro ederra jarri zuen hiriburuko kaleetan. Hileko beste ekimen batzuk Mikel Urdangarin kantariak eman zuen kontzertua eta abenduaren 3an ospatu zen Euskararen Nazioarteko Eguneko mintzapraktika eta jaia izan ziren. Elkarteak bideoak jarri ditu sarean.

Gehiago irakurri...


Euskal dantzak Rapa Nui kulturarekin bat egin zuen Santiago Euzko Etxean egin zen 'Musika Berbaldia' ekitaldian

2011/12/27

Itxaropen Gaztea taldeko dantzariak Musika Berbaldian egin zuten emankizunean (argazkia Berriketarai) Txileko Santiagoko Euzko Etxearen Berriketari buletinak elkarte honetan egin diren azken ekimenen berri dakar azaroko alean. Horien artean aipagarriak dira, bildu zuten jende kopuruagatik, bi ekitaldi bereziki: elkarteko frontoian jokatu zen Esku Pilota Txapelketa, eta Musika Berbaldia delako jaiaren bigarren edizioa. Jai honetan dantza eta gonbidatu berezi bati egiten zaion elkarrizketa batzen dira. Dantza alorrean erakustaldia burutu zuen elkarteko Itxaropen Gaztea taldeak, eta eurekin batera aritu zen Telar de Rancagua taldea, Txileko eta Rapa Nui irlako dantza ikuskizunarekin.

Gehiago irakurri...


Euskara eskolei dantza gehituko die Zuzendaritza berritu berria duen San Joseko euskal etxe uruguaitarrak

2011/12/27

'San Joseko euskaldunak taldea' euskal etxeko euskara ikasleak eta irakaslea Sylvia Arosteguy eta Juan Licio, lehendakari eta lehendakariorde legez, hurrenez hurren, dira 'San Joseko Euskaldunak Taldea' (sic) euskal etxeko Zuzendaritza Batzordeko buru berriak Uruguaiko San Jose departamentuko izen bereko hiriburuan. Elkarteak 2009ko abuztuan eman zituen lehenengo pausoak eta 2010ko abenduan jaso zuen Eusko Jaurlaritzaren aldetik ofizialtasuna. Amaitzen ari den urte honetan euskara eskolak eskaini ditu urte osoan zehar horretarako Montevideotik astean behin propio etorri den Andrea Bella irakaslearen eskutik. 2012ari begira, euskal dantzak ematen hasi nahi du, Andrea Bella bera irakasle, eskaintza euskal jatorrikoei baina oro har San Joseko herritar guztiei ere zabaltzen dielarik.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia