euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Santo Tomas egunean, txistorra eta sagardoa Diasporara ere heldu da

2012/12/21

Santo Tomaseko txistorra pintxoak. (Argazkia: Luis Rodriguez) Abenduaren 21a egun handia da Euskal Herriko zenbait tokitan. Bilbon eta Donostian esaterako, azoka bereziak egiten dira eta kaleak txistorra usainez eta baserritarrez jantzitako jendez betetzen dira. Eta, nola ez, festa giro berezi hori munduko beste hainbat tokitan errepikatu nahi izan dute Diasporako euskaldunek. New Yorkeko Txikito jatetxean txistorra eta sagardoa dastatu ahal izango dira, Mexiko Hiriko D.O. jatetxean Santo Tomaseko azoka egingo dute eta festa Kataluniako eta estatu espainiarreko zenbait euskal etxe eta lekutan ere ospatuko da, besteak beste.

Gehiago irakurri...


Apirilean abiatuko da Frankfurteko Eduardo Chillida Katedra, Ana María Rabe irakasle gonbidatuarekin

2012/12/21

Irudiaren eskubian, Ana Maria Rabe, Chillida sendiarekin Berlinen urrian Chillidari egin zitzaion omenaldian (argazkia museochillidaleku.com) Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez Ana Maria Rabe izango da Frankfurteko Eduardo Chillida Katedraren aurreneko irakasle gonbidatua. Katedra apirilean irekiko da, Frankfurteko Goethe Universität delakoan. Rabe Arte irakaskuntzan esperientzia handiko irakaslea eta Eduardo Chillidaren obraren jakitun handia da. Katedrak Frankfurteko Goethe Unibertsitateko Artearen Historiaren Institutuan du egoitza, eta Frankfurteko Arteetako Liburutegiak berariazko atal batean bildu du artistari buruzko bibliografia osoa. Horri esker, Chillida Lekurekin batera, eta horrekin elkar hartuta, erreferente izango da Chillidaren obra ikertuko dutenentzat.

Gehiago irakurri...


Bihar irekiko du Jaurlaritzak 2013rako euskal etxeentzako dirulaguntzak eskatzeko epea

2012/12/21

Valparaisoko Euskal Etxea (argazkia EuskalKultura.com) Euskal Herriko Agiritzaren Aldizkariak (EHAA) gaur argitaratu du 2013ko euskal etxeentzako dirulaguntzen deialdiaren ebazpena, hortaz, bihar bertan irekiko da eskabidadeak aurkezteko epea. Orotara, aurtengo deialdiaren zuzkidura 1.234.667 eurotakoa izango da. Horietatik 934.667 euro V. kapitulurako (Ekintzak eta jarduera) izango dira; eta 300.000 euro VII. kapitulurako (Azpiegiturak). Eskabideak aurkezteko epea datorren otsailaren 28an itxiko da.

Gehiago irakurri...


Chascomuseko 2013ko Udaleku argentinarrean izena emateko epea gaur ostirala ahituko da

2012/12/21

2012ko Udalekun parte hartu zuten gazteak eta irakasleak (argazkia ChascomusEE) Chascomuseko "Zingirako Euskaldunak" Euskal Etxeak 2013ko Udalekuan izena emateko epea ordu gutxi barru itxiko dela gogora arazi du. Udalekua urtarrilaren 4tik 8ra egingo da eta 11 eta 15 urte bitarteko gazteei zuzendua da. Parte hartu nahi duenak abenduaren 21eko eguna bukatu arte du izena emateko epea. Edizio berri honetan ere Udalekuko ikastaroak emateko ardura Zingirako Euskaldunak elkarteko irakasleek eta Euskal Herritik etorritako begiraleek izango dute.

Gehiago irakurri...


'Jazoera', 'Berriketari' eta 'Mezulari' dute izena Caracas, Santiago eta Necocheako euskal buletinek

2012/12/21

Iñaki Etxepare txelistak kontzertua eman zuen Txileko Santiagoko Euskal Etxean (argazkia Berriketari) Venezuelatik, Argentinatik eta Txiletik hiru euskal etxeren buletinak heldu zaizkigu, hiru elkarte hauen azken jardueren berri emanez. Caracaseko Eusko Etxeak Jazoera buletinaren 21. zenbakia plazaratu du, Santiagoko Eusko Etxeak Berriketari albistariaren 46.a, eta Necocheatik Mezulari buletinaren abenduko alea heldu zaigu. Jarraian, hiru buletinak PDF formatoan.

Gehiago irakurri...


Biziarteko bazkideen izenak jarri dizkie Olavarriako Gure Etxe Maitea EEak egoitzako hiru gelari

2012/12/21

Olavarriako euskal etxearen urte amaierako jaiaren irudiak (argazkiak M.E. Arrondo) Ekintzez betetako urtea izan da aurtengoa 2009an berpiztu zen Gure Etxe Maitea euskal etxearentzat. Otsailetik hona burututako egitarauan, bat baino gehiago dira gailendu diren ekimenak; baina dudarik gabe garrantzitsuen artean Eusko Jaurlaritzaren onarpena aipa daiteke. Arrazoi hau eta beste hainbat tarteko, alai eta irria ezpainetan eman diote azken agurra Olavarriako euskal etxeko kideek 2012 honi. Laurogei bat lagun bildu ziren Marita Echave sukaldariak zuzendutako taldeak prestatutako afaria dastatzera. Hitzordua joan den abenduaren 15ean izan zen eta ospakizunaren baitan, euskal egoitzako areto batzuk ohorezko kideen izenekin izendatu zituen erakundeak: Marisa Viguri, Juan Luis Urrutia eta Raquel Melendez.

Gehiago irakurri...


Erromako euskaldunek konpainia onean ospatu zuten 2012ko Settimana Basca: Anari, Tapia ta Leturia...

2012/12/20

Dantza giro ederra sortu zen Tapia eta Leturiaren kontzertuan (argazkia euskara.it) Associazione Culturale Euskara (ACE) elkartea eta UPTER unibertsitateko Euskara Sailak gonbidatuta, Erromako Euskal Astean izan ziren abendu hasieran hainbat euskal musikari eta artista: Anari, Tapia eta Leturia, Maialen Lujanbio bertsolaria, Xabier Erkizia... Settimana-k euskal eta italiar kulturen arteko harremanak sustatzea lortu zuen eta une gogoangarriak bizi izan ziren, Tapia eta Leturiaren kontzertua, kasu. "Italian egiten dira trikitixa esku soinu gehien gehienak, baina hemen ez dute jotzen Tapiak jotzen duen moduan! Jendea erabat harrituta geratu zen!", esan digu ACEko Alex Mendizabalek.

Gehiago irakurri...


Olentzero hasi da munduko euskal etxeetako umeei opariak banatzen: Londres, Washington, Chivilcoy...

2012/12/20

Washington-eko Euskal Etxeko txikiei opariak ekarri zizkien Olentzerok (argazkia WashingtonEE) Gabonak bertan dira eta euskal tradizioan Olentzero Gabon gauean etortzen bada ere, Diasporako zenbait euskal etxetara goiztiar heldu da. Londresen, adibidez, Mari Domingirekin batera azaldu zen euskal kondairetako ikazkin ezaguna, opariak banatuz London Basque Society elkarteko umeen artean. Washington-eko Euskal Etxearen Eguberri festan ere izan zen Olentzero, urtero legez, eta handik Argentinako Chivilcoy herrira bidaia egin zuen. Asko dira munduan euskal ikazkinaren bisita aurreratua jaso dutenak Estatu Batuetan, Argentinan, Uruguain, Espainian, Venezuelan, Kanadan, Australian... Hona adibide batzuk.

Gehiago irakurri...


Euskara zinean, musika, abesti eta liburuetan, argentinar Cordobako Gerora elkartearen eskutik

2012/12/20

Lagun anitz bildu ziren III. Hizkuntz Gutxituengotu eta Gutxiarazitakoen topaketan (argazkiaEE) Hirugarren urtez jarraian, Cordoba hiriburuko Gerora elkarteak astebeteko ospakizunen programa batekin ospatu zuen Euskararen Nazioarteko Eguna. Egitarauaren baitan eta ekintza askoren bidez, Euskal Herriko hizkuntza nola gara daitekeen hainbat arlotan erakutsi zuten elkarteko ikasle eta irakasleek. Zinean, literaturan eta baita festetan ere euskara bera izan zen sei egunetan zehar cordobatar askoren bilgunea. Baietz Musika Taldea eta Txotx! Dantzarien Taldea ere izan ziren Euskararen Asteko protagonistak.

Gehiago irakurri...


San Nicolaseko Euskal Etxeak urte amaiera jaia egin ostean 2013 urtea Udako Barnetegiarekin hasiko du

2012/12/20

San Nicolaseko Euskal Etxea-ren egoitza barneak euskal herrixka baten itxura dauka (argazkiaEE) Urte berezia izan da 2012 hau San Nicolaseko euskaldunentzat. Alde batetik, euskara eta musika klaseak eman dira urtean zehar Natalia Hormazabal eta Valeria Magliocchetti irakasleen eskutik. Beste alde batetik, euskal etxeak bultzatzen dituen gizarte laguntza arloko proiektuak, tartean 'Etxe Nasaia', 'Irakurriz Hazi', 'Ume Jolasak', 'Diasporaren Herri Kirolak' eta 'Euskal Sentimendua Zabaltzen', betiko arrakastaz izan dira garatuak. Ospatzeko arrazoiak ez dira falta izan eta hori horrela, etxeko kide eta lagunek urte amaiera jaia polita burutu zuten. Hiru zatitan banatuta, festak ikasle eta irakasleak eta bertako eta beste erakunde batzuetako abesbatzak batu zituen. Urtarrilean, 'Euskara Munduan'go 2013ko Udako Barnetegiko egoitza izanez hasiko du urtea euskal etxe sannicolastarrak.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia