euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gaztemundu 2013 ikastaroaren argazki kronika: musika tresnak, partiturak, entseguak... eta askoz gehiago

2013/09/23

Miren Aizpitarte, Iñaki Esquiroz, Carlos Subijana (irakaslea) eta Facundo Lamenza Gasteizko dantza-plazan parte hartzeko entsaiatzen (argazkia Gaztemundu) Amaitu da 2013ko Gaztemundu eta etxean dira dagoeneko trebakuntza ikastaro honetan parte hartu duten Diasporako 15 lagunak. Euretako asko laster hasiko dira baliatzen egunotan landutakoa eta euskal musika tresnak jotzen irakasten euren euskal etxeetako bazkideei: txistua, panderoa, alboka, trikitixa... Euskal Herrian eman dituzten bi asteak bizi-biziak izan dira: klaseak, entseguak, emanaldiak, bidaiak, lagunak... Nola laburbildu hainbeste bizipen? Jarraian, Gaztemundu 2013ko argazki kronika, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak utzitako irudiei esker.

Gehiago irakurri...


Euskal Herriko dantzak eta zapore gozoak Buenos Aireseko Planetarioan, Immigrantearen Eguneko Jaian

2013/09/23

Ekin Dantzari Taldea atzoko Immigrantearen Eguneko Jaian (argazkia EuskalKultura.com) Buenos Aires hiriak Immigrantearen Eguna ospatu zuen atzo eta hirurogei bat gizatalde izan ziren festako protagonista. Jaialdia Tres de Febrero Parkean burutu zen, hiriko Planetario ondoan, eta zenbait proposamen gastronomiko eta kultural eskaini zitzaizkion publikoari eguerditik iluntzera. Buenos Aireseko euskal kolektibitateak ez zion hitzorduari huts egin eta beste hainbat banderarekin batera ikurrinaren koloreak ikusi ahal izan ziren taula zein standetan. Bi erakundek ordezkatu zuten Euskal Herria: Ekin Dantzari Taldeak eta Laurak Bat euskal etxeak.

Gehiago irakurri...


New Yorkeko Eusko Etxearen Mendeurrena ospatzeko ekitaldi egitaraua urriaren 7tik 14ra

2013/09/23

Programaren azala Urriaren 7tik 14ra bitartean New Yorken eskainiko den programak saio akademikoak zein zabalkundekoak eta sozialak biltzen ditu, hiriko Eusko Etxea elkartearen Mendeurrena ospatzeko. Batetik Bernardo Atxaga Katedraren eskutik CUNYn (City University of New York) egingo direnak, bestetik Euskal Herria Mugaz Gaindi (EHMG) mintegiarekin Columbia Unibertsitatean eta Eusko Etxean egingo direnak; eta azkenik, festa ekintza sozialagoak, tartean kantaldiak, piknika, saio instituzionalagoak, euskal meza bat St Patrick katedralean edota Columbus Day-ko kabalkadan euskal talde gisa parte hartzea. Urkullu lehendakaria eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusia ekitaldiotan izango dira.

Gehiago irakurri...


EuskalKultura.com-ek zozketatutako 2014 NABO egutegiak, Argentina, Estatu Batuak eta EHra abiatuko dira

2013/09/20

EuskalKultura.com-ek zozketatutako NABOren 2014ko egutegia. Emaitzen eguna da gaurkoa. NABO Ipar Ameriketako euskal elkarteen federazioak argitaratutako 2014ko egutegiak Estatu Batuetara (2), Argentinara (2) eta Euskal Herrira abiatuko dira. Partehartzaileak, berriz, hiru herrialde horietakoak eta Mexiko, Txile, Brasil, Frantzia, Kolonbia, Kanada, Espainia, Italia, Alemania, Ingalaterra eta Uruguaikoak ere izan dira.

Gehiago irakurri...


Euskal Herriko mexikarrek "Aldarria" ospatu zuten; DF-ko Athletic Peñak, San Mames berriaren inaugurazioa

2013/09/20

Euskal Herriko euskal mexikarrek bazkari batekin ospatu zuten Aldarriaren eguna Mexikon jai egun handia de Independentziaren Aldarriaren eguna delakoa eta aurten Euskal Herrian bizi den euskalmexikar talde batek bazkaria antolatu du festa ospatzeko. Iragan irailaren 15ean bildu ziren Gordexolako jatetxe batean, eta giro aparta izan zuten, bertan izan zen Maitena Jaureguik azaldu duenez. Mexikotik beste ekitaldi baten berri ere heldu zaigu: astelehenean, irailaren 16ean, DF-ko Euskal Etxean bildu ziren Athletic Peña-ko kideak, San Mames berriaren inaugurazioa ikusteko. Gazte asko bertaratu zen eta giroa alaia eta koloretsua izan zen. Azkenik, atzo Euskal Etxean Guerreroko uholdeetan kaltetuak izan direnak laguntzeko elikagaiak bildu zituzten.

Gehiago irakurri...


Bi eguneko hitzaldi ziklo batera gonbidatzen du La Platako Gogoetarako Euskal Katedra Askeak

2013/09/20

La Platako Unibertsitateko Gogoetarako Euskal Katedra Askeak antolatutako hitzaldien afixa La Platako Unibertsitate Nazionaleko Gogoetarako Euskal Katedra Askeak hamar hitzaldiko ziklo bat antolatu du urriaren 1 eta 2an. Saioak arratsaldeko 6etatik aurrera burutuko dira, hiriko Abokatuen Elkartean eta ‘Euskal erakundeak eta kultura’ izango dute gai nagusi. Euskal Herriari buruzko gaietan aditu den talde bat arduratuko da mintzaldiak emateaz. Izena emateko epea irekita dago eta ekintza doakoa da.

Gehiago irakurri...


Euskal literatura lau haizetara ibiliko da udazkenean: Asturias, Irlanda, AEB, Polonia, Argentina, Txile...

2013/09/19

Ostegunean eta ostiralean Asturiasen egingo den literatur topaketan izango Miren Agur Meabe, beste zenbait euskal idazlerekin batera (argazkia Zaldi Ero) Etxepare Euskal Institutuak aditzera eman du hainbat euskal idazlek eta itzultzailek datozen hilabeteetan Euskal Herritik kanpo egingo dituzten ekitaldiak. Miren Agur Meabe, Iban Zaldua, Jon Juaristi, Karlos Linazasoro, Harkaitz Cano eta Kirmen Uribe, besteak beste, nazioarteko topaketa eta jaialdi ezberdinetan izango dira irailean eta urrian. Jarduerok Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz edota bitartekaritzaz burutuko dira.

Gehiago irakurri...


Paraguaiko euskal frantziskotarrei buruzko liburu bat aurkeztu zen atzo Asuncion-en, Jone Lunak idatzia

2013/09/19

Liburuaren azala eta egilearen argazkia. Liburua atzo zurkeztu zuten Asuncion-en gaiari lotutako hiru doktorek Atzo aurkeztu zen hiriburu paraguaitarrean 'Franciscanos vascos en Paraguay, un estudio antropológico' (Euskal frantziskotarrak Paraguain, ikerketa antropologiko bat) liburua, Jone M. Luna Miranda euskal antropologo eta historialariak idatzia. Ramiro Dominguez doktoreak aurkeztu zuen Paraguaiko Elkarte Indigenistan (AIP) eginiko ekitaldia eta bertan aritu ziren hizlari bertako presidente Ricardo Moreno Azorero doktorea eta Nilo Damián Zárate doktorea, azken hau Asunciongo Unibertsitate Katolikoko Ikerketa Antropologikoen Zentroko zuzendaria. Liburuak antropologia eta misionogiaren arteko harremana aztertzen du Paraguaiko euskal frantziskotarren kasuan eta egileak 2004-2009 bitartean eginiko zenbait lan biltzen ditu, oinarri dituela Paraguain bertan eginiko hainbat elkarrizketa, bereziki bertako euskal frantziskotarren erdigune izan ziren Asuncion eta Villarrican.

Gehiago irakurri...


Zahatoa eskuan eta dantza eginez iragarri dute Etorritakoengatik Euskal Etxeko lagunek Euskal Asterako bidaia

2013/09/19

Puerto Madryngo euskal etxeko dantzariak joan den igandeko, irailaren 15eko elkarretaratzean (argazkiaEE) Berria ez litzateke hain bitxia izango Argentinako Patagonian dagoen Valdes penintsulatik Cordoba probintziako Villa Maria hirira 1500 kilometro daudela jakingo ez bagenu. Hori da azaroan 2013ko Euskal Aste Nazionalean parte hartzeko bertako haur, gazte eta helduek autobusez ibili beharko dutena. Besteak beste, bertako dantzariak Argentina osoko beste hainbat gazterekin bildu daitezen, azaroaren 8tik 10era. Berria, euskal etxeak kideentzako antolatutako bazkarian ezagutarazi da, joan den igandean, irailaren 15ean.

Gehiago irakurri...


Kirmen Uribek zenbait topaketa literariotan hartuko du parte datozen egunetan New Yorken

2013/09/18

Kirmen Uribe New Yorkeko kaleetan, Central Park inguruan paseatzen (argazkia Cosmopolitananuevayork.blogspot.com.es) Kirmen Uribe idazle ondarroarra Estatu Batuetara bidean da, zenbait topaketa literariotan parte hartzeko datozen egunetan. Ostegunean, irailaren 20ean, CUNY unibertsitatean bere obra hartuko dute mintzagai bi hizlarik, bera ere partaide. Igandean, ostera, Brooklyngo Book Festival delakoan bere poemen emanaldi bat egingo du eta 'Hiriak eta beren mamuak' izeneko mahai inguruan arituko da beste idazle batzuekin batera. Eta astelehenean, irailaren 23an, beste errezitaldi bateko partaide izango da Bowery Poetry Clubean.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia