euskal diaspora eta kultura
2014/10/02
3 de Febrero Udal Antzokian egindako emanaldi arrakastatsuaren ostean beste betebehar polit bat dute Urrundik euskal elkarteko dantzariek asteburu honetan. Rio Grande do Sul-eko Euskal Etxeak antolatutako Mendebaldeko Mugako Lehendabiziko Euskal Topaketan aurkeztuko dira dantzari paranarrak, Uruguaiana hirian. Behin etxean, Euskal Astera joateko bidaia prestatzen jarraituko dute Urrundik-eko kideek. Berrogei bat lagunek osatutako ordezkaritza abiatuko da aurten La Platara.
2014/10/02
Festaz jantziko da datorren igandean Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat euskal etxea bertako Itxarkundia-ren sorreraren 70. urtemuga eta horren jarraitzailea izan den Ugarritzak taldearen 25. urtebetetzea ospatzeko. Jaian garai guztietako dantzariak bilduko dira, senidetasun bazkari handi batean. Gonbitea luzatzearekin batera, euskal etxeak Iruki Alaiak bere abesbatzaren azken aktibitateak jakinarazi ditu.
2014/10/02
Ondarean Eguneko ospakizun eta jarduera ugari egin zituen Bordeleko Euskal Etxeak iragan irailaren 21ean eta elkarteko arduradunak pozik agertu dira bertan bizi izandakoarekin. Musika eta dantza tailerrak, Bestalariak eta Aizkoa abesbatzen kontzertuak eta giro ederra Euskaldunen Plazako gaualdian, Txanbelatxoa taldearekin eta bertsoak botatzera animatu ziren hainbat lagunekin. Aipagarria ere euskal etxeko bolondresek izan zuten sorpresa ederra, ezustean Euskal Herriko sei musika talde etorri baizitzaizkien bisitan.
2014/10/01
Bahia Blancako Union Vasca, Tres Arroyoseko Hiru Erreka eta Pringles bertako euskal etxeetako 75 ume bildu ziren Eusko Biltzar-en egoitzan, Beti Dantzari dantza taldeak antolatutako euskal asteburuan parte hartzeko. Bi egunetan zehar, jolas, kanta eta dantza egin zuten neska-mutilek, ‘euren arteko harremanak sendotu eta euskal kulturan murgiltzeko’ asmoarekin. Nobedade bat ere proposatu zien etxe anfitrioiak haurrei: euskal etxean bertan gaupasa egiteko esperientzia.
2014/10/01
Oroimen asko piztu zituen artaldean Bardeetan sartzen ikusteak bertara bildu ziren Ameriketako euskal artzainen artean. Paisaia idorrak, hautsa, ardiak balaka… Oesteko basamortuetan bizitako urteak gogora ekarri zituen batek baino gehiagok. Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak deituta, jai egunaz gozatzeko bildu ziren bertara 500 lagun inguru eta horietako batek, Jose Aguas artzainak, artaldeen sarrera markatzen duen tiroa botatzeko ohorea izan zuen.
2014/10/01
Aita donostiarra eta ama Osintxuko bergararra, Naguanaguan harrapatu dugu Arrate Coscojuela Zanguitu euskal-venezuelarra. Caracastik pare bat ordu pasexera dagoen Naguanagua, Carabobo estatuan kokatzen da, eta urtero abuztuan ospatzen ditu herriko festak, ospatu ere Begoñako Andra Mariaren ohoretan, 1782tik hona bertako patroi zaindaria baita Ama Birjinaren euskal adbokazio hau.
2014/09/30
Urriaren 6an abiatuko da Bernardo Atxaga Katedra City University of New York (CUNY) unibertsitatean. Etxepare Euskal Institutuaren sostenguarekin antolatutako katedra hau urriaren 11 bitartean luzatuko da eta azken 40 urteetako euskal literatura hartuko du aztergai. Nerea Arruti eta Mari Jose Olaziregi EHUko irakasleeta literatura adituak emango dituzte klaseak. Horrez gain, musikak ere tartea izango du Katedraren egitarauan eta bi kontzertu egingo dira The Graduate Center-en; aurrena, Ruper Ordorika eta Ben Monderrekin, eta bigarrena, Josu Okiñenaren kontzertu-hitzaldi bat izango da.
2014/09/30
Jose Miguel Ramírez Giraldo izan zen lehena. Pereiratik (Kolonbia) hasi zen hizkuntza desberdinetan grabatutako bideoak YouTube-n eskegitzen. Horietako batean, euskaraz berba egiten ikusi zuen Maria Spantidi greziarrak eta beste bideo batekin erantzutea erabaki zuen. 7.000 bistaratze inguru dituzte Jose Miguelen bideoek. 15.000tik gora Mariarenak. Biek ala biek egin dute berba Euskalkultura.com-ekin.
2014/09/30
La Platako Udalak, Euzko Etxea euskal etxeak eta La Plata Handiko Industria Elkarteak sinatutako hitzarmen baten barruan burutuko da Nekazaritza eta Industria Erakusketa azaroaren 7tik 9ra, Euskal Herriko zein Argentinako hainbat erakusle lagun. Ekitaldia Republica de los Niños izeneko parkearen lur-eremuan egingo da eta, iragarri denez, bertan elkartuko dira, Argentinako agintariekin, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Pirinio Atlantikoetako Departamentuko ordezkariak. Euskal Astearekin bat, La Platako “Hargatik” euskal aldizkarian iragarkiak ipintzera gonbidatzen du euskal etxeak.
2014/09/29
Azaroaren 1etik 9ra izango da aurten Argentinako euskal diasporaren festarik handiena, La Plata hirian. Behin-behineko programa, antolatzaileek azken orduetan jakinarazia, oparoa bezain zabala da eta ohiko ekintzak –erromeriak, hitzaldiak, dantza emanaldia eta euskara zabaltzeko aktibitateak– ez ezik, proposamen berriak ere badakartza, tartean Nekazaritza eta Industria Erakusketa. Hona behin-behineko programa.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus