euskal diaspora eta kultura
2015/06/09
Iragan larunbatean bertso-bazkaria egin zuen Berlingo Euskal Etxeak On Egin jatetxe euskaldunean. Jatetxea jendez lepo bete zen, entzuleak Jon Maia eta Alaia Martin bertsolarien abileziaz gozatzeko irrikaz. "Euskaldunak zein alemaniarrak izan genituen, azken hauek gehienak euskara klaseetako ikasleak. Gainera, hemen jaiotako gaztetxoentzat oso interesgarria izan zen, lehengo aldiz bizi izan zutelako bertso saio bat aurrez aurre", esan dio EuskalKultura.com-i elkarteko presidente Ainhoa Añorgak.
2015/06/09
Euskal kultura zabaltzeko ekintza programa oparoa ari da garatzen General Villegasko euskal etxea bere egoitzan bertan eta Elordi herriko landa eskola batean. Joan den astean, ordea, etenaldia egin zuten Villegasko Euskaldunak instituzioko lagunek asteroko aktibitateetan ‘Ni una menos' (Ezta bat gutxiago ere) lelopean eta nazio mailan egin zen genero indarkeriaren kontrako manifestaldian parte hartzeko. Afixak euskaraz eta gaztelaniaz eraman zituzten.
2015/06/08
Maiatzaren 25ean, Seattle-ko Northwest Folklife jaialdian hartu zuen parte Boiseko Oinkari dantza taldeak. 44. edizioa zuen mundu osoko dantzari, musikari, ipuin kontalari eta abar luzea biltzen dituen festibal honek eta, antolatzaileen esanetan, 235.000 lagun baino gehiago hurbildu ziren aurtengo programaz gozatzera. “Ederra izan zen”, esan dio EuskalKultura.com-i Lael Uberuaga Oinkarien Harreman Publikoetarako zuzendariak.
2015/06/08
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak ostiralean argitaratu zuen euskal etxeak dauden tokietara bira kulturalak egiteko diru-laguntzen ebazèna. Guztira hamar talde edo artistek jasoko dituzte laguntza hauek, 2015ean zehar proposatutako biren bidaia gastuak ordaintzeko.
2015/06/08
Txalaparta argitaletxe nafarrak kaleraturik, “euskal herritarren eta baita diasporako kideen artean ere Atahualpa Yupanqui folklorista argentinarrak euskal kulturarekin izan zuen lotura ezagutaraztea” finkatu du liburuak helburu. ‘Atahualpa Yupanqui, indio, criollo y vasco’ Euskal Herriko eta Espainiako liburudendetan eskura daiteke; Argentinan oraingoz, internet bidez soilik. Sergio Recarte egileak ez du baztertzen Argentinan ere aurkeztu ahal izateko aukera.
2015/06/05
Uztailean Euskal Herriko hainbat lagunek Boiserako bidea hartuko dute, Jaialdiz gozatzeko irrikaz. Horietako batzuk gidari izango dute Julian Iantzi aurkezlea, euskal artzainen semea eta Kalifornian jaioa. AEBetako euskal Diasporarekin biltzea esperientzia oso berezia izango dela dio berak: "Gure asmoa Diasporako euskaldunekin egotea eta gozatzea da. Eurekin jan, dantza egin, abestu...". Hara doazen bi bidaia beteta omen daude dagoeneko, baina badira oraindik 15 leku, Boisez gain Las Vegas eta Coloradoko Kainoi Handira doan bidaian.
2015/06/05
Ekintza batzuen berri eman eta beste batzuetara gonbidatu nahi du Patagoniako argentinarrean, Chubut probintziako Comodoro Rivadaviako euskal etxeak. Agenda bete betearekin ekin zion instituzioak bere 92. urteurreneko asteari, aste berean bere urtebetetze jaia ospatu eta Maiatzaren Iraultzaren desfilean parte hartuz. Ekaineko datozen egunetan, aktibitate solidario bat egingo du Euskal Echea elkarteak, etxeko dantza taldea partaide.
2015/06/04
Hemeretzi urte daramatza Boisen (AEB) bizitzen eta bertakoak dauzka bi seme-alabak, Andoni eta Maitane. Ortuellan duela 41 urte jaioa, Henar Chicok software teknikari gisa egiten du lan eta itzulpen-enpresa txiki bat ere badauka. Honezkero esan daiteke boisetarra ere badela eta 'Made in USA' euskalduna, blogaria eta --azken gertatutakoa baina askorentzat ez garrantzi gutxien duena-- Idahoko hiriburuan sortu berria den Boiseko Athletic Club Peña izentzat hartu duen athleticzale talde ofizialeko burua.
2015/06/04
Anitz lagun bertaratu ziren Florida hiri uruguaitarreko hego sarrerara muralaren inaugurazio ekitaldian parte hartzera, tartean euskal jatorriko jendea, arte eta historia ikasleak, eta mandatariak. FIVUko (Euskal-Uruguaitar Elkarteen Federazioko) lehendakaria Enrique Poittevin Gilmet ere izan zen zeremonian eta hitz batzuk zuzendu zizkien bildutakoei. Ekintzaren baitan plaka oroigarria desestali eta Gernikako Haritzaren kimu bat landatu zuten agintariek.
2015/06/04
Igandean Diasporako entzuleek hitzordua dute 8 Herrialdeak Zuzenean irratsaioak egingo duen emankizun bereziarekin. Saioak hamar urte bete ditu eta Benoit Etcheverryk eta Robert Acheritogarayk gidaturiko lantaldeak sorpresaz beteriko emanaldia prestatu dute: Begiz Begi taldearen kontzertua, zuzeneko konexioa Petalumako Piknikarekin eta Viedmako euskal etxearekin... Zuk ere zuzenean entzun eta parte har dezakuzu internet bidez!
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus