euskal diaspora eta kultura
2016/10/17
Urriaren hasieran aurkeztu dute Kepa Junkera eta Chango Spasiuk musikariek "Mar de fuelles" ikuskizuna, Manresan, Madrilen eta Bartzelonan. Makina bat proiektutan sartuta daude biak, baina lankidetza honek sortu duen jakinmina ikusita, saio gehiago egingo dituztela aurreratu dute, horietako batzuk, espero dute, Argentina aldean ere. Bien bitartean, eta gure irakurleen eskariei erantzunez, hona ikuskizunaren bideo-aurrerapen bat.
2016/10/17
Immigrantearen Eguna dela eta San Juanen egindako ekintzen artean, probintziako gobernuak, Migrazio Zuzendaritzak eta Kolektibitateen Federazioak, Argentinan euren jatorriko kultura mantentzen duten etorkinen erakunde batzuk saritu zituzten, tartean San Juango Eusko Etxea. Berri honekin batera Eusko Etxeko lagunek Euskadiko ordezkaria Sara Pagolaren bisitaren berri ere jakinarazi digute.
2016/10/17
Urte osoko luzera duen programa ari da garatzen Maipuko Euskal Etxea bere 40. urtemuga ospatzeko. Azken ekintza Urteurren Taska izan da, aurreko proposamenak bezain arrakastatsua: 200 bat gonbidatu bildu ziren, tartean, Arantxa Anitua FEVAko lehendakariordea, hiriburuko Laurak Bateko kideak eta jaian dantzatzeko, La Plata, Tandil, Olavarria eta Dolores hirietatik Maipura propio bidaiatutako Maipúko dantzari ohiak.
2016/10/14
Gaztezulo aldizkariak eta Azkue Fundazioak abian jarri dute Gaztezulo VII. Bideo Lehiaketa, gazteen artean euskararen erabilera ikus-entzunezkoen arloan sustatzeko asmoz. Munduko edozein gazte taldek parte har dezake, baina bideoak euskaraz eginak izan behar dira. Euskal Etxeetako euskara ikasleentzako ez da esperientzia berria, eta hemendik lehiaketan parte hartzera animatzen ditugu. Irabazleak 1.200 euroko sari potoloa jasoko du!
2016/10/14
2017an 140 urte beteko ditu Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxeak. Ospakizunak ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ jaiarekin bat hasiko dira, martxoaren 18an, larunbata, eta asteburu berean jarraituko dute, instituzioko instalazioetan, beste hainbat euskal etxe partaide. Gonbite honekin batera, beste bat ere badu Euskal Etxeak baina hau asteburu honetarako: bihar larunbata Agirre lehendakariari buruzko hitzaldi bat antolatu du eta segidan Dantzari Eguna ospatuko da Belgrano etorbideko egoitzan.
2016/10/14
Elias Echegoyen hil da Brasilen, Sao Pauloko Eusko Alkartasuna Euskal Etxea 1959an sortu zutenen artean bizirik geratzen den azketakoa. Duela hilabete batzuk, EuskalKultura.com-eko zuzendari Joseba Etxarri bertan izan zela, bideo labur batean Eliasi hitz batzuk kentzeko aukera izan zuen. Bideo haren pusketa bat ekarri dugu hona, azken omenaldi gisa. Nafarra zen Elias Echegoyen, Xabier-koa. Bere aldeko elizkizunak bihar larunbata egingo dira Sao Paulon.
2016/10/13
Erakusketa antolatu du Bizkaiko Foru Liburutegiak 19. mende amaieratik aurrera erbesteko euskal komunitateetan argitaratutako agerkari sorta hautatuz. Europan eta Hego Ameriketako euskal agerkarietako nabarmenenak biltzen ditu, bere egoitzan eta urriaren 31eraino ikusi ahal izango diren izenburuak erakutsiz. Erakusketako liburuska ere argitaratu du eta hona ekarri dugu pdf formatuan.
2016/10/13
"Origen" saioak Ernesto Ché Guevara argentinarraren euskal sustraiak aurkituko ditu gaur, haren anaia Juan Martin Guevararekin batera Euskal Herriko familiaren sorlekuak bisitatuz. Olga Zabalgogeaskoa kazetariak XX. mendeko pertsonaia historiko garrantzitsuenetako baten euskal jatorria erakutsiko digu, eta historialari eta genealogia adituen ikerketei jarraiki, Ché-ren anai txikiak, Juan Martinek, Euskal Herriko senideak ezagutu ahalko ditu. Saioa gaur 22:25etan estrenatuko da, ETB2 katean, eta internet bidez eta Canal Vasco/ETB Sat kateetan ere izango da ikusgai.
2016/10/13
Hiriko Udalak urtero antolatzen duen Kultur Aniztasunaren Eguneko jaialdia Gral. Belgrano Plazan izan da aurten, kolektibitate italiar, espainiar, irlandar, japoniar eta euskalduna partaide. Etxe Maitea Euskal Etxeak kultur stand bat aurkeztu zuen –"jaialdiko kultur stand bakarra"– eta erakundeen arteko elkartasuna bultzatzeko ALCEC minbiziaren aldeko elkarteari eman zion stand gastronomikoaz arduratzeko aukera.
2016/10/12
Kanadatik iritsita, Plasentia-ko Wayne Power alkatea eta Noella Collins zinegotzia euskal kostaldeko Plentzia bisitatuko dute bihartik hasita urriaren 17ra arte, euskal Plentziaren (historikoki Pasencia de Butron ere deitu izan da) eta duela bost bat mende euskal marinel eta baleazaleek Ternuako kostaldean sortu zutenaren arteko elkar-ezagutza eta senidetzean urratsak emateko. Virginia Urieta argitaratu du hona moldatu dugun artikulua gaurko El Correo egunkarian.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus