euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Jaurlaritzak, Nafar Gobernuak eta Akitaniak lehen aldiz elkarrekin defendatu dute euskara Europan

2012/03/05

Euskal erakundeen ordezkariak Europar Parlamentuan (argazki Irekia) Euskarak ordezkaritza bateratua izan zuen iragan astean Europako Parlamentuan EAEk, Nafarroak eta Akitaniak egin zuten misio baten bitartez. Hiru agintaritzetako euskararen alorreko erakundeen buruak izan ziren bidaian: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako aailburuordea, Lurdes Auzmendi; Akitaniako Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoko zuzendaria, Frantxua Maitia; eta Nafarroako Euskarabidea Institutuaren zuzendaria, Maximino Gomez. Ordezkaritzak euskararen alorrean egiten ari diren ekimen berri eman zion Europar Parlamentuko hizkuntza gutxituen talde arteko batzordeko lehendakariorde Tabajdi eurodiputatuari, eta laguntzak lortzeko aukera ere izan zuen aipagai.

Gehiago irakurri...


NABOk zabalik du Udalekun izena emateko epea: uztailaren 17tik 25era egingo da Boisen (itxaron zerrenda)

2012/03/02

Iaz San Frantziskon egin ziren bi Udalekuetako bateko neska-mutil kuadrila bat (argazkia NABO) Urtero bezala, Estatu Batuetako eta Kanadako euskal neska-mutilek bi asteko euskal udalekuan parte hartzeko aukera izango dute, NABO euskal etxeen federazioaren eskutik. Aurtengo Udaleku Boisen egingo da, uztailaren 17tik 25era. Kanpamentuan euskal kulturan sakontzeko eta elkar ezagutzeko aukera izango dute besteak beste dantza, musika, euskera, kirola eta beste jardueren bitartez. Izena eman nahi dutenek maiatzaren 1a arte dute epea, baina lehen bait lehen egitea gomendatzen da, lekuak 105 besterik ez baitira, eta agortzen ari baitira dagoeneko. [BETE DA]

Gehiago irakurri...


Gure Txoko elkarte australiarrak Sydneyko badian ontzi-txangoa eginez ospatu zuen 45. urteurrena

2012/03/02

Gure Txoko Euskal Etxeko zenbait kide Sydneyko badian egin zuten txangoan (argazkia SydneyEE) Gure Txoko euskal etxe australiarrak 45 urte bete ditu aurten eta urtemuga ospatzeko elkarteko kide talde batek ontzi-txango bat egin zuen Sydneyko badian. Berrogei bat lagun bildu ziren ekitaldira eta egun bikaina pasa zuten, ganba eta ostra-ko menuaz gozatuz. Horrez gain, elkarteak euskarako klaseak berrabiarazi ditu, Gabonetako geldialdiaren ostean, Ugutz Tornes irakaslearen gidaritzapean. Datozen asteetako ekitaldien artean aipagarriak dira igande honetan elkarteak Sebastian dantzari mauletarrari egingo dion agurra -Euskal Herrira bueltatzen da Sydney-n bi urte eman ondoren-- eta apirilean, Aberri Egunaren ospakizuna.

Gehiago irakurri...


Sanferminetako zezenak eta ardoa Euskal Herriaren ordezkari Andepeko San Juango Eguzkiaren Festan

2012/03/02

San Juango Eusko Etxeak aurkeztutako karroza, Kukuxumusuko irudiak protagonista Urtero bezala, 2012 honetan ere ospatu zuen Eguzkiaren Festa Nazionala San Juan probintzia cuyotarrak, Argentinan. Otsailaren 22tik 25era milaka lagun bildu ziren Andeen magaleko hirian hainbat adierazpen kulturalez gozatu ahal izateko. Kolektibitate euskalduna jaialdiaren partaide izan zen, euskal karroza eta dantzen erakusle. Karrozari dagokionez, Sanferminetako giroa birsortu zuten San Juango Eusko Etxea-ko kideek Kukuxumusuren diseinuez baliaturik. Dantzak, berriz, euskal etxe anfitrioiak gonbidaturik, Cordobako Gure Txokoa eta Villa Mariako Euzko Etxea-ko dantzariek ipini zituzten.

Gehiago irakurri...


Euskarak etorkizuna duela aldarrikatuz jardunaldiak egingo dira Madrilen martxoaren 13tik 15era

2012/03/01

Aizpea Goenaga, Etxepare Institutuaren zuzendaria, Madrilen atzo egin zen prentsaurrekoan jardunaldiak aurkezten (argazkia Etxepare) Etxepare Euskal Institutuak, Euskaltzaindiak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak "Euskarari Gorazarre" izeneko jardunaldiak egingo dituzte hil honetan Madrilen, euskal hizkuntzak etorkizuna duela eta hizkuntzalaritzan zein literaturan goi-mailako emaitzak ematen ari dela aldarrikatzeko. Ekitaldien artean, besteak beste, Henrike Knörr euskaltzaina zenari omenaldia egingo zaio; emakumezko euskal idazleekin mahaingurua egingo da eta Bernardo Atxagak eta Jabier Muguruzak "Katuak eta paradisua" ikuskizuna eskainiko dute. Jarduerak itxiz, martxoaren 16ean AT! ikuskizunaren bertsio eguneratua aurkeztuko da Madrilen.

Gehiago irakurri...


Gaur hasiko da Ermuan Laburbira euskarazko zine zirkuitua; Madril, Paris eta Londresera ere helduko da

2012/03/01

Topagunea-ko Manuel Moreno eta Jon Garaño zuzendaria, Laburbira 2012ren aurkezpenean (argazkia Topagunea) Gaur bertan hasiko da Ermuan Laburbira 2012, euskarazko ikus-entzunezkoen jaialdi ibiltaria. Topaguneak, euskara elkarteeen federazioak, antolatzen duen jaialdiaren 9. edizioa da aurtengoa eta herriz herri ibiliko ditu 8 lan: laburmetraiak, bideoklipak, animazioak... Filmeetatik zazpi euskaraz dira eta bat galegoz. Guztira 26 emanaldi egingo dira Euskal Herrian eta hiru Diasporan: Madrilen martxoaren 7an, Londresen martxoaren 9an eta Parisen hilaren 14ean.

Gehiago irakurri...


Euskarari tarte zabala eskaini zion Santa Barbara Unibertsitateko Ama Hizkuntzen Egunak

2012/03/01

Mintegian parte hartu zuten aditu eta irakasleak, Viola Miglia Santa Barbara Unibertsitateko Euskara programaren arduradunarekin Kaliforniako Santa Barbara Unibertsitateak nazioarteko mintegi bat egin zuen iragan otsailaren 23 eta 24an, Ama Hizkuntzen Egunaren karietara. Euskarak tarte zabala izan zuen topaketan, unibertsitateko euskara programaren eta Etxepare Euskal Institutuaren babesari esker. Unibertsitate kaliforniarra 2010eko urtarrilean hasi zen, fase honetan, euskal hizkuntza eta kultura eskolak eskaintzen.

Gehiago irakurri...


Euskara, musika eta komunitateari begirako proiektuak berriro abian San Nicolaseko Euskal Etxean

2012/03/01

Valeria Magliocchettik musika jartzen die euskal dantzei Martxo hasierarekin batera jarriko ditu berriro abian San Nicolas hiri argentinarreko euskal etxeak komunitateari luzatzen dizkion kultur proposamenak. Natalia Hormazabal bertoko irakasleak izango du 2012ko euskara klaseak emateko ardura eta Valeria Magliocchetti musikariaren ardurapean garatuko dira musika eta dantza eskolak. Muslariek ere izango dituzte euren topaketak eta baita abeslariek ere. Horretaz gain, urtean osoan zehar euskal etxeak bultzatzen dituen gizarte laguntza arloko proiektuak burutuko dira, tartean 'Etxe Nasaia', 'Irakurriz Hazi', 'Ume Jolasak', 'Diasporaren Herri Kirolak' eta 'Euskal Sentimendua Zabaltzen' izenekoak. Euskal Etxeak EuskalKultura.com-i adierazi dionez, datorren urriaren 25ean 'Etxe Nasaia' programaren edizio erraldoi bat egingo dute, mila bat haur partaide.

Gehiago irakurri...


Gaztelania-euskara itzultzaile automatikoa sarean eskuragai jarri du Eusko Jaurlaritzak

2012/02/29

Patxi Lopez lehendakariak aurkeztu zuen ofizialki gaztelania-euskara itzultzaile automatikoa atzo Bilbon (argazkia Irekia) Eusko Jaurlaritzak gaztelaniatik euskarara itzulpen automatikoak egiteko baliabidea jarri du sarean eta nahi duenak doan erabili ahal du jada testu, webgune eta dokumentu sinpleen itzulpenak egiteko. Atzo Bilbon aurkeztu zen itzultzailearekin Jaurlaritzak 2008an abiatu zen proiektuaren lehen emaitza mahaigaineratu du. Horrez gain, 2013rako euskara-gaztelania eta ingelesa-euskera itzulpenak ere garatuko dira.

Gehiago irakurri...


Badator Zinemaldia 2012! Martxoaren 1etik 30era euskal zinema ikusgai Bartzelonan Euskal Etxeari esker

2012/02/29

Fermin Muguruzak "Next Music Station: Lebanon" dokumentala aurkeztuko du Bartzelonako Euskal Etxearen Zinemaldian Bartzelonako Euskal Etxeak beste behin ere erakuslehio bikaina eskainiko dio Euskal Herrian egiten den zineari eta Zinemaldia jaialdiaren zazpigarren edizioan hogei bat lan aurkeztuko ditu Kataluniako hiriburuan. Bihar, martxoaren 1ean, abiatuko da jaialdia eta hilaren 30a bitartean luzatuko da. Egitarauan mota eta estilo desberdinetako proposamenak daude: animazioa, laburmetraia, komedia, drama, dokumentalak... Filmeak jatorrizko bertsioan, gehienak euskaraz, emango dira, azpitituluekin. Ikusleek zuzendari eta aktoreekin solasteko aukera izango dute; Fermin Muguruza, adibidez, martxoaren 8an izango da euskal etxean, "Next Music Station: Lebanon" dokumentala aurkezten.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia