euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Espainiako Atzerri ministroak Lopezen kanpo politika laudatu eta Ibarretxerena kritikatu du Gasteizen

2010/02/12

Moratinos Espainiako Atzerri ministroa Lehendakariaren egoitza den Ajuria-Eneara iristen (argazkia JesusAndrade/ElCorreo) Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Espainiako Atzerri ministroak bilera egin dute Ajuria Enean. Bat etorri da Miguel Angel Moratinos Espainiako Atzerri ministroa Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin. Eusko Jaurlaritzaren atzerri politika berria positiboa iruditzen zaio Moratinosi. Lopezekin bilera egin zuen atzo Ajuria Enean. Bileraren ostean egindako adierazpenetan, Moratinosek ontzat jo zuen Jaurlaritzaren politika. «Bai Euskadirentzat, bai Espainiarentzat» onuragarri dela esan zuen, azken urteetako «sintonia faltarekin» alderatuta. Lopezek horri gaineratu zion euren lan ildoek «beharrezkoak ez diren gatazketatik» ihes egiten dutela. Artikulu hau gaur eman du argitara Berria egunkariak.

Gehiago irakurri...


Bizkaiko sukaldari talde bat biran Perun, eurena partekatu eta bertako gastronomiaz ikasteko

2010/02/12

Bizkaiko sukaldariak prentsaurrean (argazkia AndinaNorManCórdova) "Peruko sukaldaritzak kalitate gorena du bertako produktu itzelak baitauzka eta baita ere euren erroei balioa ematen dieten sukaldariak, tradizioak gordez, nazioarteko maila altuko sukaldaritza teknikekin uztartuz", diote Liman teknika desberdinak ezagutzearren, esperientziak trukatzearren eta gero eta laudatuagoa den gastronomia peruarra ikastearren Limara etorri diren zortzi euskal sukaldariek. Taldea, Bilboko Udalaren babespean etorria, Mariano Gomez --'Slow Food Bilbao Bizkaia'ko presidentea-- buru, honako sukaldariek osatzen dute: Eneko Atxa, Aitor Elizegi, Ricardo Perez, Joxemi Olazabalaga, Guillermo Fernandez, David Garcia, Alvaro Garrido eta Aitor Basabe. Andina, Peruko Berri Agentziak plazaratutako albistea da.

Gehiago irakurri...


NABO bilkura asteburu honetan San Frantziskoko BCCen, elkartearen 28. urteak ospatzearekin batera

2010/02/12

San Frantziskoko BCCko otsaileko urtebetetze festaren aurreko edizio bat: pilotalekua bazkari herrikoiaren orduan (argazkia EuskalKultura.com) Gaurtik aurrera eta asteburu luze osoan --astelehena jai da AEBetan-- San Frantziskoko Basque Cultural Center-ek (BCC) bere 28. urtebetetzea ospatuko du, zenbait ekitaldirekin. Horien barnean, NABOk bere neguko bilera egingo du bihar euskal etxean bertan eta gaur arratsaldez hasiko dira, bestetik, pilota protagonista berezi izango duten asteburuko ospakizunak, honetarako Euskal Herritik propio etorritako pilotari ordezkaritza bat medio, Euskadiko txapeldunak barne. Horrekin batera, programak 'kantu afari' bat, zenbait barbakoa eta otordu herrikoi, musika euskalamerikarreko dantzaldiak Ketxo talde baxenafartarra tarteko, eta klikaren, bertsolarien, dantzarien eta etxeko abesbatzaren emanaldiak ere baitaratuko ditu.

Gehiago irakurri...


Julian Celaya eta Vicente Fox Mexiko Hirian bildu dira, ekimenak elkarrekin egiteko aukera aztertzearren

2010/02/12

Vicente Fox Mexikoko presidente ohia [Donostian sortua du ama buruzagi mexikarrak, Mercedes Quesada] eta Julian Celaya, Jaurlaritzako Herritarrentzako eta Euskal Gizataldeentzako zuzendaria, Mexikon egindako bilkuran Eusko Jaurlaritzako Herritarrentzako eta Euskal Gizataldeentzako zuzendari Julian Celaya eta Mexikoko presidente ohi Vicente Fox Mexikoko Hirian bildu dira, Celaya eta bere departamentuko Benan Oregi teknikaria Ipar Ameriketara egiten ari diren bidaiaran barnean. Bidaia horren baitan, joan den asteburuan 'Begibistan ezkutatuta: euskaldunak' erakusketaren inaugurazio ekitaldietan hartu zuten parte New Yorken, Ellis Island-en. Bi euskal funtzionarioek bidaiari eutsiko diote eta asteburu honetan Estatu Batuetara itzuliko dira, NABOk San Frantziskoko Basque Cultural Center-en egingo duen bileran parte hartzeko, elkarte horren 28. urtebetetzeko programaren barruan.

Gehiago irakurri...


Sanz presidentea eta Barcina alkatea Etxe Zurian bildu dira Obama Administrazioko goi kargudunekin

2010/02/12

Esteban Morrás, Sanz Presidente nafarra eta Yolanda Barcina Iruñeko alkatea Etxe Zuriaren aurrean. Elur ekaitzak ekarritako iztopoen gainetik, aurrera darrai Nafarroako ordezkaritza bat, Sanz presidentea buru Estatu Batuetara egiten ari den bidaia. Izan ere ohikoa bilakatzen ari da urte sasoin honetan bidaia hau, Estatu Batuetako Nafar Astean parte hartzeko --nafar gastronomia eta turismoa sustatuz, beraz-- eta aldi berean zenbait bilkura eta harreman burutzeko Estatu Batuetako alor ekonomikoko agenteekin eta administrazioarekin, partikularzki energia berriztagarrien alorrean, non Nafarroa lidergoan dabilen eta eredu izan daitekeen. Washinbtonen, Obama Administrazioko kargu altuekin bildu da Etxe Zurian ordezkaritza ostegunean. Sanz aurreko egunean heldua zen New Yorkeko JFK aireportura elurte handi baten erdian, hegaldi guztiak bertan behera utzi baino minutu batzuk lehenago.

Gehiago irakurri...


Sei Nafar Etxetako 36 dantzari bildu dira Mendozako Nafar Etxean Dantzen 9. Ikastaroan parte hartzeko

2010/02/12

Bolivarreko Nafar Etxeko dantza taldeko kide batzuk Otsailaren 6tik 14ra gauzatzen ari da Mendozako Nafar Etxean Nafar Dantzen 9. Ikastaroa. Urtero antolatzen den bilkura honetan, Txile eta Argentinako Nafar Etxeetako dantzariek hartzen dute parte, pauso berriak eta koreografiak ikasi eta hobetzeko. Aurten, etxe bakoitzeko 6 ordezkari bidaiatu dira Andeen magaleko hirira. Irakasleei dagokienez, Nafarroatik propio etorri dira ikastaroa ematera. Laurak Tuterako udal dantza taldean aritzen dira. Topaketa dantza erakustaldi batekin bukatuko da bihar larunbata. Gau hortako ikuskizunean dantzari guztiak pasatuko dira tauletatik. Ondoren, bisitariek eta Nafar Etxe anfitrioiko kideek afari bat partekatuko dute.

Gehiago irakurri...


Euskal Etxeko ordezkaria, Ayelen Hernandez, erregina koroatu dute Necocheako Gizataldeen Azokan

2010/02/11

Ayelen Hernandez, euskal komunitatearen ordezkaria, 2010ko Gizataldeen Azokako erregina Urtarrilaren 24an ospatu zen Necocheako Kolektibitateen Azokako azken eguna eta amaierarekin batera, jaiaren erregina hautatu zen ohi bezala. Tradizio handiko azokaren 28. edizio honetan, euskal etxeko ordezkaria zen Ayelen Hernandezek izan zuen erregina bilakatzeko ohorea. Printzesak, berriz, Italiako Elkartekoa eta arabiarren ordezkaria izan ziren. Herrialde ezberdinetako hamaika bat taldek hartu zuten parte aurtengo azokan eta beste ekintza batzuen artean bildutako publikoak --bertakoek eta baita turistek ere-- janari eta musika tipikoaz gozatzeko aukera izan zuen.

Gehiago irakurri...


Asel Luzarragaren egoera: Temucoko epaileak idazle euskaldunak atxiloketa etxean segi dezan onartu zuen atzo

2010/02/11

Duela hilabete batzuk Txilen, Temuco aldean bizi den Asel Luzarraga idazle bermeotarraren atxiloketa eguneko irudia Asel Luzarraga idazle euskalduna, abenduaren 31etik Temucoko (Txile) espetxean behin-behineko atxiloketaldian zegoena, atxiloketaldi hori etxean segi dezala onartu zuen atzo Temucoko Entzutegiak, idazle bermeotarra epailearen aurretik pasa ostean. Eraikin ofizial baten aurka eztanda egin ez zuen lehergailu bat jartzearekin zerikusia izateaz dago akusatua Luzarraga, maputxeen eskubideen aldeko burrukaren testuinguruan. Poliziaren ikerketa buru arte, hiru hilabeteko atxiloketaldia erabaki zuen urtarrilean epaileak, Temucoko espetxean, atzokoan atxiloketaldia etxean egin dezakeela deliberatu arte. Idazlearen egoera berriaren albistea berehala zabaldu zuten Luzarragaren alde ari den Asel Askatu plataformako lagunek.

Gehiago irakurri...


Ellis Island-eko euskal erakusketaren inaugurazio ekitaldiaren irudi kronika, argazki eta bideoak (II)

2010/02/10

Erakusketa iragartzen duen zintzilikarioaren ondoan, John Bieter historialaria, Boise State University-ko (BSU) irakasle eta Cenarrusa Euskal Fundazioko kidea; eskuinean, Alberto Santana, BSUko Euskal Ikasketa Programako burua (argazkia EuskalKultura.com) Joan den larunbatak aurpegi berezia azaldu zien Ellis Island-eko euskal erakusketaren inaugurazio ekitaldietara hurbildu zirenei. Gauzak ongi atera ziren eta, besteak beste, eguraldia ere portatu zen, elurtea, hotza eta ekaitza iragarrita baitzeuden, eta hala izan zuten Ellis Island eta Manhattan aldameneko herri eta barrutietan, euskal erakusketa zabaldu behar zen eremua errespetatuz, ordea. Beste leku batzuetan bi hildako utzi zituen ekaitzak, geruza txuri mehe bat baino ez zuen utzi bertan. Ferry-rako ilada osatzen zihoazen jendeen artean nabaria zen airean arnasten zen emozio puntua. Euren artean, dantzariz jantzitakoak zeuden, horretarako, dantza egiteko, propio AEBetako beste puntan dagoen Boisetik etorriak. Idaho, Kalifornia, Nevada, Wyoming... eta Quebec-ekorik ere bazen. Bidaia eta erakusketa Estatu Batuetako egungo euskal komunitatearen oinarria ezarri zuten euskal emigrante guztiei, eta egungo euskal komunitateari ere eginiko omenaldia bada.

Gehiago irakurri...


Espetxeratutako euskal idazlea Entzutegira daramate gaur: 'Asel Luzarraga edo hitzaren arriskua'

2010/02/10

Txilen atxilotutako Asel Luzarraga euskal idazlea espetxetik Temucoko Entzutegira eramango dute berriro ere gaur asteazkenez. Euskal Herrian zein Argentinan eta Txilen ongi ezagutzen duten Diasporako lagunek, eta lagunek oro, garbi ikusten dute molestatu eta traba egiten zielako atxilotu dutela eta horregatik asmatu dituztela batere sinesgarriak ez diren Karguak. Luzarraga aska dezaten indarrean dagoen kanpainako parte, Laura Mintegi idazleak honako iritzi artikulua idatzi eta zabaldu du, 'Asel Luzarraga edo hitzaren arriskua' titulupean, Asel Aske-Asel Libre ekimeneko parte.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia