euskal diaspora eta kultura

2008/06/17
'Apelli2 Vascos' aldizkaria e-mail bidez zabaltzen den genealogiari buruzko buletin elektronikoa da. Aurten bostgarren denboraldia du eta hilabete honetan bertan urteak betetzen dituela aitzaki hartuta, aldizkariko arduradunek urtemuga harpidetuekin ospatzea erabaki dute: hilabete bukaera harte azken alea erosi edo harpidetu egiten direnek genealogia liburu bat jasoko dute opari. Horrezaz gain, aldizkariaren portadarako antzinako famili argazkiak bidaltzen jarraitzeko gonbitea egiten diete irakurleei. Arrakasta handia du atal honek, batez ere Diasporako euskaldunen artean.
2008/06/17
Joan den ostiralean ez-ohiko biltzar orokorra deitu zuen Bartzelonako Euskal Etxeak, zuzendaritza batzorde berria aukeratzeko hauteskundeak egiteko asmoarekin. Hitzorduak elkarteko kide asko bildu zituen biltzarrera eta aho batez aukeratu zuten zuzendaritza berria osatuko duen taldea. Euskal Etxeko iturriek EuskalKultura.com-i agertu diotenez ‘aurreko zuzendaritzako kide batzuk jarraipena izango dute, baina taldea osatzen duten 16 lagunen artean kide berri asko daude'. Karguan jarraituko duten bi kide Aitor Arruti lehendakaria eta Jon Elordi lehendakariordea izango dira.
2008/06/17
Mexikoko EmpreBask-ek euskal eta jatorri euskalduna duten 50 bat enpresari bildu ziren iragan maiatzaren 16an Celayan (Mexiko), elkartearen aurkezpeneko ekitaldian. Xabier de Arondo Guanajuatoko Celaya herriko Ekonomia Garapenerako Kontsulta Kontseiluko lehendakariak eta Yon de Luisa Bajioko zonako enpresari eta aholkulari euskaldunak antolatu zuten bilera eta hitzordua arrakastatsua izan zen, haien esanetan. Euskal-mexikar erakundearen funtzionamendua eta elkarteko kidea izateak dituen onurak jorratzeaz gain, bertaratutakoek EmpreBasken bidez elkarrekin lan egiteko oinarriak finkatu zituzten.
2008/06/16
Hamaika Bide elkarteak bere bederatzigarren nazioarteko mintegiak izango duen gaia iragarri du: antzerkia eta erbestea. Mintegia Donostian egingo da, azaroaren 5etik 7ra, eta bertan erbesteko ‘arlo ezezagunenetarikoa’ den antzerkigintzan sakonduko dute herrialde desberdinetako hainbat adituk. Jardunaldietan Euskal Herriarekin harreman estua duten hainbat egileen lana aztertuko dute: besteak beste, Eduardo Ugarte, Cecilia G. de Guilarte, Telesforo Monzon, Pepita Embil, José Bergamín, Martín Ugalde eta Alfonso Sastre. Azken honek, José Martín Elizondo eta Ricardo Doménech-ekin batera omenaldia jasoko du Hondarribian.
2008/06/16
2008/06/16
Jon Baguesek, Eresbil Musikaren Euskal Artxibo Nazionaleko zuzendari eta AIBM Musika Liburutegien Nazioarteko Elkarteko lehendakariordeak, ikastaro bat emango du bihartik eta larunbata bitartean La Platako Unibertsitate Nazionalean (UNLP). Horrez gain, bi hitzaldi eskainiko ditu La Platako Euzko Etxean eta Buenos Aireseko Eusketxe Eusko Kultur Etxean. Bestalde, Baguesek hainbat bilera izan zituen iragan ostiralean argentinar hiriburuan, AIBM elkartea Hegoamerikan zabaltzeko asmoarekin.
2008/06/16
2008/06/16
Gerra Zibila piztu zenean 1936. urtean, Euskal Herriko milaka haurrek erbestera ihesi egin behar izan zuten, euren gurasoengandik aldenduz. Horietako batzuk etxera itzuli ziren guda amaitu ostean, baina beste askok urteak pasa dituzte atzerrian familiatik urrun. Haur hauei guztiei omenaldia egiteko oroimenezko zenbait jarduera egin dira iragan astean: erbesteratutako umeen eskutitz eta marrazkien erakusketa, Santurtziko portuan egindako lore eskaintza eta Bilboko Euskalduna Jauregian burututako ekitaldiak omenaldizko astea biribildu zuten. Bertan, 500 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten eta gerrako zenbait haurrek euren testigantzak eskaini dituzte.
2008/06/16
2008/06/15
Mexikoko Euskal Etxeak eta Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoak (UNAM) euskara ikasten duten ikasle talde ugaria biltzen dute. Gabriel Ceballosek hiru urte daramatza Euskal Etxean klaseak ematen eta Gurutzne Etxeberriak gauza bera egiten du UNAMen Euskara eta Euskal Kultura Ikastaroa irakatsiz. Klaseak momentu batez alde batera utzi eta euskara beste esparru batean praktikatu eta ongi pasatzeko, ikasle guztientzako bi afari antolatu dira Txokoan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus