euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iñaki Azpiazu txiletarrak paellak prestatu eta etxerainotzen ditu edo norberaren etxean bertan gertatzen ditu

2008/03/31

Paellas Azpiazu webgunean agertzen den paelletako baten irudia Loiolako (Azpeitia) aitona, Iñigo eta Amaia izen euskalduneko seme-alabak, eta arreba eta izeba Gipuzkoako herri horretan bizitzen dituen Iñaki Azpiazu txiletarrak paella negozioa ireki zuen duela bi urte Santiagon. Etxez etxeko zerbitzua eskaintzen du sukaldariak eta ezkontza, bataioa edota beste zenbait ekintza ospatu nahi duten pertsonentzako menua eskaintzen die ekitaldia egiten den toki berean paellak prestatuz. Sukaldaria oso identifikatua sentitzen da Euskal Herriarekin eta Txileko hiriburuko Euzko Etxeak antolatzen dituen jardueretan sarritan parte hartzen du.

Gehiago irakurri...


Gral Villegaseko 'Villegas-ko Euskaldunak' Euskal Etxeak 'Haurtzaroko Oroitzapenak' kontaketa lehiaketa eratu du

2008/03/31

Deialdia iragartzen duen afitxea General Villegas herri argentinarreko Euskal Etxeak parte hartzera eta kontaketa bat idaztera animatzen du, bi orrialdekoa gehienez, norberari gertatuko edo inguruko inork bizitutako pasadizo edo une berezi edo aipagarri baten berri emanez. Oroitzapenak une triste zein alaiak, famili bilkurak, une jolasgarriak edo bizitutako anekdota bitxiak izan daitezke. Abuztuaren 31 izango da lanak entregatzeko azkeneko eguna.

Gehiago irakurri...


2007-2008 ikasturtean EEetan euskara eskolak emateko dirulaguntzak argitaratu dituzte, 210.000 euro guztira

2008/03/29

Bogotako EEko euskara ikasleak Asier Bilbao euren irakaslearekin (erdian) egindako argazkian EHko Agintaritzaren Aldizkariak martxoaren 27ko zenbakian eman du argitara 2007-2008 ikasturtean euskara klaseak emateko euskal etxeek jasoko dituzten dirulaguntzen esleipena. Duela aste batzuk aurreratu genuenez laguntza hauen zenbatekoa ia 210.000 eurokoa izango da guztira, eta 75 euskal etxeetako klaseak sustatzeko erabiliko da. Argentina, AEB eta Uruguaiko kasuetan laguntzak bertako federazioek jasoko dituzte, hauek gero bertako EEen artean banatzeko.

Gehiago irakurri...


Euskara eta txistu klaseak, euskal dantzak, musa, korala eta biblioteka, Zazpirak Bat-en proposamenen artean

2008/03/29

Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxearen egoitza Hego hemisferioko gainerako euskal etxeek bezala, Rosarioko Zazpirak Bat EE argentinarra sartzen ari da, oporren ostean, 2008an gauzatu beharreko planetan. Rosariotarrek datozen hilabeteetan burutuko dituzten tailer eta eskaintzei buruzko eskaintza bidali dute gure erredakziora. Tartean, euskarako klaseak, Lagun Artean nesken voley-a, areto futbola, bazkari eta afariak, liburutegia, euskal irratsaioa eta Euskal Pilota Eskola. EEak datorren asteko igandean ospatuko du Aberri Eguna.

Gehiago irakurri...


Australiako toki desberdinetatik heldutako euskaldunek bat egin zuten Sydney-en Aberri Eguna ospatzeko

2008/03/28

Txikien sokatira Sydneyko Aberri Eguneko une koloretsuenetakoa izan zen (argazkiak Sydney EE) Ohiturari jarraiki Sydneyko Gure Txoko Euskal Etxeak Aberri Eguna aire zabaleko bazkari batekin ospatu zuen, australiar hiriko Centennial Park delakoan egin zuten topaketaren baitan. Ekitaldia baterakoia izan zen eta ideologia desberdinetako lagunek izan zuten tokia, Carlos Oruek, elkarteko lehendakariak azpimarratzen duenez. Bileran ehun bat pertsona inguru bildu ziren, Sydneyko Euskal Etxeko kide eta lagunen artean. Urrunagotik etorritakorik ere izan zen bertan, adibidez Brisbane hiritik heldu zen bikotea edo Donostiatik etorritako Amaia Uberuaga euskal-australiarra.

Gehiago irakurri...


Erantzun ona izan du Bartzelonako Zinemaldiak, emanaldi eta mahainguruetan ikusleen partaidetza handiarekin

2008/03/28

Euskara ikasleek eginiko bideoen aurkezpena Zinemaldia'08ren baitan (argazkiak Bartzelona EE) Bartzelonako Euskal Etxeak, eratzen duen Zinemaldiaren azken edizioaren balioespen oso baikorra egin du, jaialdiaren hiru urtetako ibilbidea goranzkoa dela baieztatuz. Hilaren 14ean bukatu zen edizioak inoiz baino ikusle gehiago bildu ditu, Euskal Etxeko ekitaldi guztiak eta kalean egin ziren biak ere beteaz. Aurtengo jaialdian gainera, Katalunian Euskal Herriari buruz eginiko dokumentalak ere izan dira ikusgai eta jaialdiak lekua hartu du Bartzelonako komunikabideetan. Euskal Etxea bere hurrengo hitzordu handia prestatzen ari da jada, apirilean egingo den euskal literatura jaialdia, Literaldia'08.

Gehiago irakurri...


Hitza.info jaio da, Euskal Herriko hainbat eskualdetako 102 herrietako toki informazioa biltzen duen webgunea

2008/03/28

Webgune berriaren arduradunak, Donostian egindako aurkezpenean (argazkia Ukberri.net) Dagoeneko sarean topa daitekeen Hitza.info webguneak Busturialdea, Donostia, Goierri, Lea-Artibai eta Mutriku, Oarsoaldea, Tolosaldea eta Leitzaldea, eta Urola Kostako 102 herritako tokiko informazioa biltzen du, orain arte Hitzako zazpi egunkariek egiten zuten lana webgune bakar honetara batuz, bideoz, blogez eta eta argazkiz horniturik. Laburrean, paperezko zazpi edizioen pdf bertsioak ere sareratuko ditu webgunean. Berria egunkariarekin harremandua dagoen ekimen honek urrats berria eskaini nahi dio tokiko informazioa segitu nahi duen irakurle euskaldunari.

Gehiago irakurri...


Maiatz aldizkariaren lehen hamar zenbakiak sarean daude digitalizatuta eta pdf formatuan ikusteko aukerarekin

2008/03/28

Maiatz aldizkariaren lehen zenbakia Baionako Maiatz aldizkariaren lehen zenbakia 1982ko otsailaren 12an argitaratu zen Lapurdiko hiriburuan. Ordutik hona, Itxaro Bordak eta Luzien Etxezaharretaren lehen ideiari esker sortutako literatur aldizkariaren 44 zenbaki argitaratu dira euskarazko poesia tartean duelarik. Iragan urtean, 26 urte hauetan kaleratutako 35 zenbakien poemen tituluak eta egileen izenak sarean ipini zituzten. Webguneak, gainera, lehen hamar zenbakiak pdf formatuan ikusi edo jaisteko aukera ematen du.

Gehiago irakurri...


Aberri Egunak oihartzunik izan zuen Mexiko hiriburuan, Cancunen eta Celayan egin ziren ospakizunetan

2008/03/27

Mexikoko Euskal Etxean egin zen bazkarian parte hartutako mahaietako bat (argazkiak Mexiko EE) Aberri Eguna Mexikoko euskaldunen artean itzal handia duen ospakizunetako bat da. Aurten ere jai honek hiriburuko Euskal Etxeko kideak bildu zituen eta baita Cancun eta Celaya hirietako euskaldunak ere. Hiru jaiak arrakastatsuak izan ziren, eta Celayakoan gainera euskaldunen arteko harremana sendotu eta urtean zehar bilkura gehiago antolatzeko erabakia hartu zuten. Hasteko, datorren urteko Aberri Eguneko egoitza Irapuato herrian izan daitekeela aurreratu dute.

Gehiago irakurri...


Macachingo Euskal Etxeak pilota urte berriari ekingo dio, iaz egindako lanaren balioespen ona egin ostean

2008/03/27

Gonzales Chaveseko haurren txapelketa: Sebastian Chapartegui, Agustin Carrascal, Leonardo Brigas eta Nicolas Villarreal Macachingo Eusko Alkartasuna elkarteak lan eskerga egiten du euskal pilota Argentinako Panpan zabaltzen eta gaztetxoei kirol hau ikastaroen bidez erakusten. Elkarteko pilotari gazteek, gainera, inguruko txapelketetan parte hartu ohi dute eta emaitza gero eta hobeak ari dira lortzen. Euskal Etxeko Pilota Batzordeak iazko lanaren balioespen oso baikorra egin berri du eta hilabete honetan ekingo diote pilota urte berriari, martxoko klaseen hasierarekin batera.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia