euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urteari ekiteko Argentinako 30 gazte euskal kulturan murgildu dira Chascomuseko bigarren Udalekuan

2011/01/24

Chascomuseko Udalekuan parte hartu zuten irakasle eta ikasleak euskal etxearen aurrean (argazkia ChascomusEE) Chascomus hiriko Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeak era bikainean ekin dio 2011 urteari, Argentinako Udalekua izena duen ekimenaren bigarren edizioa eginez. Urtarrilaren 3tik 8ra Mendoza, Necochea, Maipu eta Chascomuseko 30 neska-mutil (12-15 urte bitartekoak) bildu ziren elkartera astebetez euskal kulturan murgiltzeko. Euskal Herriko eta Chascomuseko irakasleen eskutik, gazte euskal-argentinarrek euskera, pilota, herri kirolak, gastronomia, musika eta dantzari buruzko jolas eta jarduerak egin zituzten.

Gehiago irakurri...


Agustin Zapata, Concordia eta Salto-tik: "Nondik gatozen behar dugu jakin nora goazen jakiteko"

2011/01/24

Agustin Zapata Neifert-ek Salto (Uruguai) eta Concordia (Argentina) artean garatzen du bere euskal dantza irakasle lana (argazkia DiarioElPueblo) Salto (Uruguai) eta Concordia (Argentina) Uruguai ibaiak bakoitza alde eta herrialde batean kokatu dituen bi herri dira. Salto, 'Saltoko Euskaldunen Taldea' Euskal Etxearen egoitza da eta Conmcordia, berriz, 'Ibaiko Izarra' Concordiako Euskal Gizataldearena. Agustin Zapata dantzari euskal argentinar bat da, gaur egun dantza irakasle ari dena bi herriotan.

Gehiago irakurri...


Bide Ertzean taldeak 'Don Inorrez' azken lana aurkeztuko du bihar Londresko Euskal Etxean

2011/01/21

Bide Ertzean taldearen azken lana, 'Don Inorrez' Bide Ertzean talde tolosarra Londresen izango da bihar, London Basque Society elkarteak gonbidatuta, bere azken lana aurkezteko. 'Don Inorrez' du izena diskoak eta bertan Imanol Ubeda taldeko kantari eta gitarjolearen abestiekin batera Jose Luis Otamendi, Mikel Ibarguren eta Juanra Madariaga poeten testuak musikatu ditu taldeak. Ubeda anaiek (Imanol eta Joni), Karlos Aranzegik, Fran Iturbek eta Joserra Senperenak osatzen dute taldea.

Gehiago irakurri...


Patxi Alvarez apez bilbotar gaztea izendatu dute Jesuiten Justizia Sozial eta Ekologia Idazkaritzako zuzendari

2011/01/21

Patxi Alvarez, Jesuiten Justizia Sozial eta Ekologia Idazkaritzako zuzendaria (argazkia M.Atrio-El Correo) Patxi Alvarez apez bilbotar gaztea izendatu dute Jesusen Konpainiako Justizia Sozial eta Ekologia Idazkaritzako zuzendari. Karia horretara Erromara aldatuko da eta bertatik eta tartean hamaika bidaia eginez koordinatuko du Konpainiak munduan barreiaturik dituen 320 obra sozialen lana. Telekomunikazioan lizentziaduna, bulegoan sartu eta berehala tokatu zaizkio lehenengo bidaiak, hasteko India, Kanbodia, Suitza...

Gehiago irakurri...


Uruguaiko Floresko Euskal Etxeak izaera juridikoa lortu du eta Euskal Astea ari da antolatzen apirilerako

2011/01/21

Floreseko Euskal Etxeko zuzendaritza batzordeko kideak, Ecos Regionales egunkariari eskainitako elkarrizketaren une batean (argazkia EcosRegionales) Berri onak ari dira pilatzen Floresko Euskal Etxean. Alde batetik, Uruguaiko Flores departamentuko elkarte gazte honek izaera juridikoa eskuratu du eta datozen hilabeteetan Eusko Jaurlaritzako Euskal Etxeen erregistro ofizialean onartuak izatea espero dute arduradunek. Bestetik, Euskal Aste bat ari dira antolatzen Trinidad hiriburuan apirilerako eta programa ikusgarria iragarri dute: gaucho erakustaldia, pilota, musa, argazki erakusketak, euskal etxeari buruzko liburu baten aurkezpena... Apirilaren 2tik 10era.

Gehiago irakurri...


Hegoalde Argentinarra Euskal Etxeak Gizataldeen Pasealekua inauguratu zuen Rio Gallegosen, Patagonian

2011/01/21

Rio Gallegoseko Gizataldeen Pasealekuan jarri zuten plaka oroigarria (argazkia RioGallegosEE) Hegoalde Argentinarra, munduko euskal etxerik australena,osatzen duten euskaldunek indartsu bukatu zuten 2010 urtea, Rio Gallegos hirian Gizataldeei eskainitako pasealeku baten inaugurazioan parte hartuz. Hegoalde Argentinarra omenaldiaren sustatzaileetako bat izan zen eta inaugurazio jaialdian parte hartze nabaria izan zuen: dantza erakustaldiak, gastronomia dastaketa eta euskal liburutegiaren inaugurazioarekin, besteak beste.

Gehiago irakurri...


Carlos Astigarrabia hil da Kuban: Diasporan euskaldun hazi eta bizi izan zen politikari erbestaratuen semea

2011/01/18

Carlos Astigarrabia (argazkia JA) Joan den urtarrilaren 12an hil da Habanan Carlos Astigarrabia. Diasporan hazia, 1962az geroztik bizi zen Kuban Astigarrabia. Bere historia euskal diasporako beste askoren antzekoa izan daiteke, baina gertutik begiratuz gero lagundu egingo digu ulertzen Marc Legassek zioen "esistitzen ez den herrialde baten parte izatea" zer den. Juan Astigarribia Jose Antonio Agirreren Eusko Jaurlaritzako kide komunistaren semea zen Carlos, eta jaiotzeko unetik bertatik jakin zuen politikak eta erbesteak markatuko zuela bere bizitza: bere erditzean Guardia Zibila egon zen, gurasoen etxea okupatua zuelako ihesi zebilen aitaren bila.

Gehiago irakurri...


Txileko Euzko Etxea elkarteko Euskal Abesbatzak Santiagoko Katedralean eman zuen kontzertua

2011/01/17

Abesbatza Santiagoko Katedralean eskaini zuen kontzertuaren une batean (argazkia Berriketari) Txileko Santiagon argitaratzen den Berriketari buletin digitalak Santiagoko Euzko Etxearen azken ekimenen berri dakar azken zenbakian, abendukoan. Urtearen hondarrean oso aktibo aritu zen, adibidez, elkarteko Euskal Abesbatza, besteak beste, Santiagoko Katedralean egin ohi den Gabonetako kontzertuan parte hartuz. Horrez gain, Itxaropen Gaztea dantza taldeak erakustaldia eskaini zuen Auco-ko santutegian eta Euskararen Eguneko ospakizunak euskal etxean gazte jende ugari bildu omen zuten, "Euskara ahoan, zer buruan?" lelopean.

Gehiago irakurri...


Urte berriari gogotsu ekiteko, San Sebastian eguneko jai handia prestatzen dihardute Diasporan

2011/01/17

Murtziako Euskal Etxearen San Sebastian bezperako afaria (argazkia MurtziaEE) Urte Zahar gaueko argiak eta hotsak itzali eta gutxira, San Sebastian eguna ospatzen dugunok zirrara berezia sentitzen hasi gara: danborrari eragin eta Sarriegiren doinuak jotzeko gogoa. Donostian, Azpeitian, Argentinako Necochean, Mexiko Hirian, Madrilen, Parisen, Shanghain (lehen aldiz aterako dute danborrada) eta beste makina bat lekutan bada emozio hori danborrada entseguetan sentitu duenik. Diasporako beste hainbat euskal etxetan, nahiz eta danborradarik atera ez, San Sebastian bezperan afaria egin eta danborra modu inprobisatuan joaz ospatuko dute jaia: Bartzelonan, New Yorken... Gu San Sebastian eguneko biharamunean bueltatuko gara (biharamunik gabe, espero) eta pixkanaka horien guztien berri emango dizuegu.

Gehiago irakurri...


Otsailaren 28ra arte zabalik epea euskal etxeentzako eta larrialdian daudenentzako laguntzak eskatzeko

2011/01/15

Boiseko Euskal Etxea, Idahon (AEB) Eusko Jaurlaritzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) abenduaren 31an argitaratu zituen 2011. urteari dagozkion Diasporari zuzenduriko dirulaguntzen deialdietako bi. Eskabideak aurkezteko epea irekia dago, beraz, euskal etxeei zuzenduriko dirulaguntzak eskatzeko eta baita ere atzerrian egoera larrian eta asistentzia faltan dauden Diasporako kideentzako laguntzak eskatzeko. Bi kasuotan eskabideak aurkezteko epea otsailaren 28an itxiko da. Paperak prestatzen hastea komeni da, edozein arazoren aurrean eskabideak epez kanpo hel ez daitezen. Abisatuko dugu Gaztemundu deialdia argitaratzen denean.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia