2011/06/24

"Argi dago erakundeen muina kide diren gizon-emakumeak direla. Haiek dira proiektuak sortzen eta ametsak errealitate bihurtzen dituztenak. Hari honi eutsiz, bazkideak omentzeko egun berezi bat asmatu dute Pehuajoko euskal etxeko arduradunek. Aurten hasita, “Euskal Etxeko Bazkidearen Eguna” urtero ospatu nahi dute Buenos Aires probintziako herri honetan ekainaren bigarren igandean. Joan den 12an gauzatu zen lehenengo edizioan aipamen bereziak jaso zituzten Pepita Etxeberria Arana, Maria Pilar Bastida, Nelida Gonzalez Azpiroz eta Leire Montero Arbizuk.
Gehiago irakurri...
2011/06/23

Boise 'etxe' bihurtuko da uda honetan Euskal Herriko zenbait gazterentzat, Idaho eta Euskadiko ekimenen artean adostutako programa pare bati esker. Alde batetik, Kyle Harbacheck Young Boiseko egoiliarra bertako nerabeentzako Euskal Herriarekiko truke programa bat gauzatzen saiatzen ari da eta, bestetik, Benan Oregi ere, Gasteizko Olabide Ikastolako guraso eta lehendakaria, ezaguna oso atzerriko euskal komunitateetan Jaurlaritzako Kanpoan diren Euskal Herritar eta Gizataldeentzako Zuzendaritzan teknikari gisa egiten duen lana dela-eta, truke programa bat antolatzen ibili da Olabide eta Boiseko eskola biren artean.
Gehiago irakurri...
2011/06/23
Sao Paulo estatu brasildarreko Itapevi-n egoitza duen Eusko-Brasildar Etxeak bere egitasmo nagusienetako bat martxan jartzea lortu du: Sao Pauloko Unibertsitatean (USP) euskara klaseak abiaraztea. "Latinamerikako unibertsitaterik handiena da", azaldu dio EuskalKultura.com-i Oskar Goitiak, Itapeviko Euskal Etxeko presidenteak. Goitia bera izango da ikastaro honetako irakaslea, hainbat urtez HABEren Euskara Munduan egitasmoaren barruan trebatu eta gero. Ikastaroa asteazkenero egingo da, abuztuan eta irailean.
Gehiago irakurri...
2011/06/23

'Kontaketa harrigarriak' lehiaketaren III. edizioa gauzatu da aurten Misiones probintzia argentinarreko Corpus Christi-ko euskal etxearen eskutik. Herri askotako idazle eta ipuin anitz aurkeztu dira 2011ko deialdian “Atahualpa Yupanqui” liburutegiko Lagun Artean kultur taldeak antolatutako txapelketara, Argentinakoak eta baita kanpokoak ere. Armando Aravena (Txile) eta Mónica Ernestina (Loma Hermosa, Argentina) atera dira lehenengo eta bigarren garaile 'kontaketa harrigarriak' sailean; eta Silvia Graciela Franco (Castelar, Argentina) eta María del Carmen Escobar (Pergamino, Argentina) 'pertsonaia tipikoa' delakoan. Sari-emate ekitaldia uztailaren 10ean gauzatuko da.
Gehiago irakurri...
2011/06/23

Gipuzkoako Foru Aldundiak euskal museo berri bat ireki du, sarean bakarrik aurki daitekeen museo zinez berezia. 'Gipuzkoa Geroztik' du izena eta 2.0 ekimenaren baitan sortua da. Museo honetako bisitari birtualek xaguari klik eginez ikusmira dezakete zentroa, bakoitzak nahi duen atala arakatuz eta edukiekin jolastuz. Erabilera interaktiboa sustatzen du museoak eta erabiltzaileek bertan erakutsiko diren altxorrak aukera ditzateke. Haurrek ere badute zer eginik, joko eta aproben bitartez Gipuzkoako ondarea ezagutzeko parada dute eta.
Gehiago irakurri...
2011/06/22

Jaurlaritzako Justizia sailburu eta gobernuko eleduna den Idoia Mendia kazetariei zuzendu zitzaien atzo, astearteroko Gobernu Bileraren ondotik eta besteak beste jakinarazi zuen Jaurlaritzak onetsi egin zuela atzokoan hitzarmena AEBetako Idaho Estatuarekin, Euskadiko bulego bat zabaltzearren bertako Boise hiriburuan, eta haiek Bilbon. Jaurlaritzak New Yorken --Estatu Batuak, Kanada eta Mexikorako-- duen Ordezkaritzaren menpekoa izango da euskal jatorrizko komunitate adierazgarria biltzen duen Boise hirian ezarriko den bulego berria. Bestalde, Mendiak adierazi zuen epe "laburrean" izendatuko dutela Ipar-Ameriketako Euskadiko Ordezkaritzako burua, duela bi urte Lopez Lehendari izendatu zutenetik hutsik dagoena Ibarretxek izendatutako Aitor Sotes donostiarrak kargua utzi ostean.
Gehiago irakurri...
2011/06/22

Aitzindaria izan zen Perpetua Saragueta mezkiriztarra (1905-1986): 1936ko gudaren aurretik Donostiako Argia eta Baionako Eskualduna aldizkarientzako kronikak idazten zituen euskaraz, Nafarroan gidatzeko baimena atera zuen bigarren emakumea izan omen zen eta garaiko emakumeei buruzko profilak idatzi zituen, euren lan ixil eta gogorra aintzat hartuz. Orain, Nafarroako Euskarabideak sustatzen duen Mendaur bildumak, Euskaltzaindiaren laguntzarekin, bere lanak osotasunean bildu ditu "Perpetua Saragueta: eskuidatziak eta hiztegia" liburuan.
Gehiago irakurri...
2011/06/22

Iazko esperientzia arrakastatsuaren ondoren, aurten ere ospatuko da Euskadiko Turismo Hilabetea Buenos Aireseko Corrientes kalean dagoen La Plaza kulturgunean. Euskadi helmuga turistiko gisa bultzatzeko eta bide batez Euskal Autonomia Erkidego eta Argentinaren arteko loturak indartzeko asmoarekin, Elvira Kortajarena koktel-en anfitrioi eta Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguairako Euskadiko Ordezkari denak hasiera eman zion hilabete osoa iraungo duen ekitaldiari joan den ekainaren 16an, gizarte arlo askotako ordezkarien aurrean.
Gehiago irakurri...
2011/06/21

5.930 metro ditu urriaren 2an Azpeitian egingo den Kilometroak jaiaren ibilbideak, eta antolatzaileek, bertara etorri ezin diren euskaltzaleak gogoan, sarean jarri dituzte, nahi duenak --birtualki bada ere-- bere metrotxoa egin dezan. Ekimenaren izena Klikmetroak da eta e-mailez, Facebook bidez edo Twitter kontutik har daiteke metroa. Doan gainera. Metro bakoitzarengatik zenbait babeslek dirulaguntza emango diote Ikasberri ikastolari, aurtengo antolatzaileari, alegia. Euskalkultura.com-ek 208. metroa hartu du; har ezazu zurea denak bukatu baino lehen!
Gehiago irakurri...
2011/06/21

Datorren ekainaren 29an Montevideoko Centro Euskaro elkarteak ehun urte beteko ditu eta egitarau zabala antolatu du data esanguratsu hau ospatzeko. Mendean zehar gorabeherak izan ditu elkarteak, baina ehun urte bete eta ekinean jarraitzeak merezi du ospatzea eta horretan dihardute egunotan. Mendeurreneko ekitaldiak datorren astelehenean, ekainaren 27an, hasiko dira eta larunbata bitartean luzatuko dira. Hitzorduen artean, besteak beste, urteurrenari buruzko seilu baten aurkezpena eta Euskal Etxeen Nazioarteko Mus Txapelketa bat izango dira.
Gehiago irakurri...