2011/06/28

Dantza suspertzea da Aiko taldearen helburua eta bide horretan zazpigarren diskoa kaleratu dute jada ekimen hau osatzen duten dantzariek eta musikariek. Dantzarako grina, tradizioa, dantza maisuen lana eta dantzarako apropos eginiko musika berreskuratu nahi dute Aiko taldeko lagunek, eta asmo horrekin ikastaroak eta dantzaldiak egiteaz gain, sarean jarri dituzte azken laneko emaitzak, mundu osoko dantzari eta musikariek balia ditzaten.
Gehiago irakurri...
2011/06/28

Ameriketan euskaldun jaiotako hainbat Aitorren seme langile eta aurrerakoien adibide bat zen Paulino “Paul” Zatica. Jordan Valley-n jaio zen, Oregonen 'Euskaldunen herria' deitzen zuten horretan, aita Joe (Ispasterrekoa) eta ama Inaxiaren (Arteagakoa) seme. AEBetako Itsas Armadako beteranoa, Denverreko Unibertsitateko graduatua, Paul 2006ko Owyhee Konterriko Azoka eta Rodeo kabalkadan 'Grand Marshall' ohorezko buru izendatu zuten. Zaticak Homedalen ireki zuen bere lehengo denda 1955ean. Gaur, Idaho estatu osoan guztira zortzi denda dauzka kateak, bere semeetako bik, Stan eta Stevek, Homedalen dagoen bulego korporatibotik gidatuta.
Gehiago irakurri...
2011/06/28

Erakundearen 60. urtemuga dela eta ekitaldi bereziak antolatzen ari dira Lagun Onak euskal etxeko kideak. Batetik, 150 bat lagun bildu zituen jai bat burutu zen pasa den ekainaren 18an eta dantzari ohien omenean. Bestetik, amaitu berria den asteburuan, Udako Euskal Unibertsitateko irakasleak Euskal Herriko kulturari buruzko hainbat gai garatu zituzten ostiral eta larunbatean luzatu zen ikastaroan. Herritar asko disfrutatu ahal izan dira euskal etxearen proposamenekin eta hala jarraitu ahal izango dute uztailaren 1ean, Elena Itcearen eskutik Pergaminora ailegatuko den Picassori buruzko hitzaldiarekin.
Gehiago irakurri...
2011/06/27

Euskal Herrira egin zuen bigarren bidaiaren 210. urteurrenean, Berlingo Euskal Etxeak omenaldia egin zion Wilhelm von Humboldt euskaltzale alemaniarrari, bere familiak Tegel herrian zuen gazteluan. Humboldtek euskarari buruz egin zuen ikerketa sakona berebiziko ekarpena izan zen euskal hizkuntzalaritzaren arloan, baina, nahiz eta Euskal Herrian nahikoa ezaguna den, Alemanian ez du halako entzuterik izan. Bernhard Hurch irakasle austriarrak iaz argitaratu zuen Humboldten euskal ikerketei buruzko liburukia. Hurchek hizkuntzalariaren lanari buruzko mintzaldia eman zuen omenaldian.
Gehiago irakurri...
2011/06/27

Lehena bukatu, bigarrena hasi. Iragan igandean San Frantziskoko Euskal Etxean egindako 'final performance' edo 'azken emanaldia'rekin bukatu zen 2011ko NABO Udalekuaren lehenengo txanda, 13-15 urteko haurrena, eta hasiera eman zitzaion bigarrenari, 1-12 urtekoentzakoari, azken honi ere datorren larunbatean, hilaren 2an, beste 'azken emanaldi' batekin amaiera jarri arte. Lehenengoz antolatu dira aurten astebeteko bi txanda NABO Udaleku 70etako hamarkadan hasi zenetik, orain artean bi asteko txanda bakarra egin ondoren. Aldaketa, baliabideak mugatuak izanik Udalekun parte hartzeko eskaera gero eta gehiago hartu izana, eta guztiei baiezkoa eman nahi izatea, inor kanpoan utzi gabe.
Gehiago irakurri...
2011/06/27

Londresko Euskal Etxeak 'Bertso Lunch' izeneko jaia egin zuen ekainaren 18an eta Jokin Uranga eta Amets Arzalluz bertsolariak gonbidatu zituen bertako euskaldunen aurrean kantatzera. Bazkariaren aurretik triki-poteoa egin zuten Dalston auzoko pub-etan barrena, jendea biltzeko ekitaldira. Giroa aparta izan zen eta trikitixaren doinuek harridura piztu zuten gehiengo afro-karibearra duen barruti honetan. Bazkalostean, bertsotan luze eta zabal aritu ondoren, elkarteko lagunak dantzan aritu ziren eta gaueko ordu txikietaraino luzatu zuten besta.
Gehiago irakurri...
2011/06/27

Pellegrini eta Pehuajo herrietan egon ondoren “Gure Arropa” erakusketa Rauch hirira heldu da joan den ekainaren 19an. Magdalena Mignaburu Berhok prestatutako bildumak Euskal Herriko zazpi probintzietako XVIII., XIX. eta XX. mendeetako 20 jantzi biltzen ditu, eta “Esaidazu nola janzten duzun eta esango dizut non zauden” esaldiari eutsiz, jantzien bidez murgiltzen du publikoa euskal kulturan. Jende anitz bertaratu zen herriko udaletxera erakusketa ikustera eta Mignaburuk eskaini zuen mintzaldiaz disfrutatzera.
Gehiago irakurri...
2011/06/25

Concepcion del Uruguay-ko 'Ibai Txori' Euskal Etxeko dantza taldea partaide izango da gaur larunbata ekainaren 25ean hiriaren 228. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldietan. Ibai Txori Argentinako Entre Rios probintziako euskal elkarteetako bat da, Concordia, Parana eta Victoriakoekin batera.
Gehiago irakurri...
2011/06/24

Munduko euskal etxe asko eta asko ari dira atzotik hasita San Juan suak prestatzen eta asteburuan zehar egingo dituzte bereziki jaiak, ahalik eta bazkide gehien biltzeko, nahiz eta jaia berez bart izan zen. Santu baten izenekoa izanik ere, jentil jatorria du jaiak eta solstizioak markatzen duen ziklo berria ospatzen du. Munduko euskaldunen artean jarraitzaile asko ditu tradizio honek: batzuk sorginez mozorrotuko dira; beste zenbaitzuk sugarren gainetik salto eginez aro berriari zorte ona ekar dezan eskatuko diote. Madrilgo Euskal Etxean horrela egin zuten atzo bertan; Chivilcoy-n, Buenos Airesen, Caracasen, Mexikon... suak gaurtik igandera bitartean piztuko dira.
Gehiago irakurri...
2011/06/24

Eusko Jaurlaritzak atzo jakinarazi du 2011ean zehar euskal etxeak dauden lekuetan kultur birak egiteko dirulaguntzak jasoko dituzten talde eta artisten zerrenda. Deialdi honetan 90.000 euro banatu dira orotara, hogei bat taldeen artean. Horietako batzuk egin dute jada bira edo emanaldia eta dirulaguntza orain jasoko dute. Beste batzuk datozen hilabeetetan egingo dituzte. Adibidez, udazken honetan Joseba Gotzon kantariak bira egingo du Txile, Argentina eta Brasilera; eta abenduan hainbat euskal dantzari Berlinen izango dira, hiriburu alemaneko euskal etxeak antolatu duen Euskal Koreografoen Bigarren Jaialdian.
Gehiago irakurri...