2011/07/08

Lanbide Heziketa ikasketak egin nahi dituzu, baina ezin duzu egunero zentro batera joan? Edo agian ezin duzu Euskal Herrira etorri? Orain internet bidez egin ditzakezu ikasketok, EAEko Urrutiko Lanbide Heziketa Institutuari esker. Ikastaroak doakoak dira eta, EuskalKultura.com-ek baieztatu duenez, Euskal Herritik kanpora dauden euskaldunek ere egin ditzakete. Hori bai, azterketak presentzialak izango dira. Aurtengo matrikula itxita dago, baina interesa duenak institutuarekin kontakta dezake heldu den urtergi begira.
Gehiago irakurri...
2011/07/08

Hiru abesbatzek hartu dute parte pasa den uztailaren 2an Coronel Pringleseko euskal etxeak antolatutako topaketan. Kontzertua herriko Santa Rosa de Lima Parrokian gauzatu da eta Cnel. Pringleseko Eusko Alaia koruarekin batera Cañuelaseko Denak Bat eta Tandilgo Gure Abestiak abesbatzek ere euskarazko errepertorioa eskaini zioten bildutako publikoari. Errezitala bukatuta Argentinako erreki tipiko bat partekatu dute anfitrioi eta gonbidatuek 'Eusko Biltzar'en egoitzan.
Gehiago irakurri...
2011/07/08

Anita Anacabe Nevadako Elko herriko familia euskaldun ezagunenetako bateko kidea da. Bi urtean behin edo, euskal-amerikar lagun talde bat bildu eta Euskal Herrira ekartzen ditu, arbasoen lurra ezagut dezaten. Bihar hasiko du aurtengoa: 11 egun Euskal Herriko sei probintzietan barrena, ia 80 lagunen buru. Horrelakoak antolatzeak ematen dizkion buruhausteek merezi dutela dio, bizkaiera bizi-bizian: "Hona datozenei begiak zabaltzea gustatzen zait. Asko hirugarren belaunaldiko euskaldunak dira, sekula etorri barik. Nik ateak zabaltzen dizkiet, hemengo familiarekin harremanetan jartzen ditut, gero beraiek konpon daitezen. Hau bizi egin behar da!".
Gehiago irakurri...
2011/07/08

Azken txanpa falta zaie Boiseko (AEB) Oinkari dantza taldeko kideei Euskal Herrian barrena egiten ari diren bidaia bukatzeko. Oraindik ikusi ez dituenak, badu, haatik, oraindik aukera. Gaur Gasteizko Espainia Plazan arituko dira 20:00etan; bihar, ordu berean, Biriatun; eta igandean, euren azkeneko egunean, Añorgan, zazpietatik aurrera. Eta ez dira bakarrik ibiliko, tokian tokiko talde lagunez aparte, 'Amuma Says No' Boiseko euskal musika taldearen dantzatzeko erritmoak ere eskainiko baitituzte.
Gehiago irakurri...
2011/07/07

Nevadan, Elkoko euskal festa bere 48. ediziora iritsi da joan den asteburuan. Urte berezia izan da, hiru urtez festak zezenik gabe egin ondoren aurten zezenak ekarri baitituzte berriz ere eta 'entzierro' berreskuratuak eman dio, izan ere, hasiera ostiral arratsaldean jaiaren programa osoari. Herri osoan zehar “Got Bulls” (Zezenak bai?) leloa zekarren elastikoa zeramatzatenak ikus zitezkeen. Festaren aurtengo titulu edo gaia, berriz, "Besarkada handi bat for our troops" (Besarkada handi bat gure tropei). Nicholas Beitia, marinea bera eta Elkoko Euskal Klubeko lehendakari Fred Beitiaren semea, 'Grand Marshall' izan da kabalkada edo desfilean. Asteburuan zehar izan dira, besteak beste, desfilea, euskal dantzak, euskal jokoen lehiaketak, jota eta irrintzi txapelketak, eskupilota norgehiagokak eta, jakina, baita euskal janari moldea ere.
Gehiago irakurri...
2011/07/07

Duela lau urte Iker Irazusta gazte euskal-argentinarra Zarautzera etorri zen lehen aldiz eta, hiru egunen buruan, bertan gelditzea erabaki zuen. Zarauzko hondartzan dagoen Borghetto txiringitoan hasi zen lanean, eta harrezkero urtero bueltatu da udako eguraldiarekin batera. Aurten gazte ekintzaile honek negozioa handitzea erabaki du eta 'Gure Aitona' jatetxea inauguratu du Orioko hondartzan. Jatetxeari, aitona Andoni Irazustaren omenez jarri dio izena; Irazusta Bahia Blanca eta Argentinako euskal komunitateko erreferente bat izan zen. "Euskal Herrian ate guztiak zabaldu dizkidate", dio Ikerrek, arbasoen sorterriak egin dion harrera eskertuz.
Gehiago irakurri...
2011/07/07

Otañoren ondokoen artean, berak jaso zuen euskaltzaletasunaren suzia eta, izan ere, iaz, bertsolariaren heriotzaren Mendeurreneko ekitaldietan, bera etorri zen Argentinatik familiako ordezkari. Joan den astelehenean, Uztailaren 4ean, hil da Argentinan, Susana Ardanaz Otaño, Pello Mari Otaño bertsolari handiaren biloba. Zizurkilen jaio zen Otaño, baina Argentinan eman zituen urte asko eta bertan, 1910ean Rosarion, hil zen. Bere biloba Txuri, Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeko kide zen eta euskara taldeko ikasle eta partaide. Bertsolari gisa egindako lan garrantzitsuaz aparte, euskara irakasle aritu zen Otaño 1904ean Buenos Airesen, eta tradizio euskaltzale hori biziberritu zuen Susana Ardanaz bilobak.
Gehiago irakurri...
2011/07/07

Munduko euskal etxe askok ospatu zuten San Juan gaua iragan hilean, horien artean Australiako Sydney hiriko Gure Txokok. Elkarteak baina, ekainaren 24ean egin zuen jaia, ez 23an, ostiralean lagun gehiagok parte har zezakeelako ekitaldian. Orotara 30 bat bazkide bildu ziren, tartean Australian bisita egiten zegoen hondarribiar lagun bat ere. Marmitako afaria egin ostean, Sydneyko euskaldun talde honek San Juan sua piztu zuen Gure Txokoko frontoian, sasoi berrirako zorte ona eskatzeko.
Gehiago irakurri...
2011/07/06

Hau ez da honakoa urte arrunt bat Chascomuseko euskaldunentzat. Hogei urte joan dira euskal etxearen bigarren sorrera gertatu zenetik eta 1991eko uztailaren 4 hartan osatu zen hura bezala bezala, erakundearen gaur egungo Zuzendaritza Batzordeak bizkor egiten dio aurre Argentinako barrualdeko herri batean euskal kultura bizi eta zabaltzeko erronkari. Eta ez da gutxi helburu horretan 'Zingirako Euskaldunak' euskal etxeak egin duena azken 20 urte hauetan. Hori dela eta hainbat amets errealitate bihurtze aldera batera edo bestera lan egindako lagun guztiak gonbidatu ditu euskal elkarteak urtemuga ospakizunetan parte hartzera. Datorren larunbatean izango dira, arratsaldeko 6etatik aurrera, afari erraldoi batekin bukatuz.
Gehiago irakurri...
2011/07/06

Rebeka Elizegi ilustratzaile lasartearraren "Una flor de recambio para mamá" (aldatzeko lore bat amatxorentzat) ipuinak euskal egileen lanek egin ohi duten bidearen kontrakoa egin du: iragan martxoan argitaratu zuten katalanez eta gaztelaniaz, eta irailean agertuko da euskaraz Denonartean bilduman. Arrazoia zera da, Elizegi Bartzelonan bizi dela orain dela hogei urte, eta bertan plazaratu duela bere lehen ipuina. Liburuan Elizegik bere esperientzia pertsonala du oinarri --amak bularreko minbizia izan zuen-- eta orduan ikasitakoa azaltzen du: gaixotasuna maitasuna zabaltzeko garaia dela.
Gehiago irakurri...