euskal diaspora eta kultura

2013/09/23
Urriaren 7tik 14ra bitartean New Yorken eskainiko den programak saio akademikoak zein zabalkundekoak eta sozialak biltzen ditu, hiriko Eusko Etxea elkartearen Mendeurrena ospatzeko. Batetik Bernardo Atxaga Katedraren eskutik CUNYn (City University of New York) egingo direnak, bestetik Euskal Herria Mugaz Gaindi (EHMG) mintegiarekin Columbia Unibertsitatean eta Eusko Etxean egingo direnak; eta azkenik, festa ekintza sozialagoak, tartean kantaldiak, piknika, saio instituzionalagoak, euskal meza bat St Patrick katedralean edota Columbus Day-ko kabalkadan euskal talde gisa parte hartzea. Urkullu lehendakaria eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusia ekitaldiotan izango dira.
2013/09/20
2013/09/20
Mexikon jai egun handia de Independentziaren Aldarriaren eguna delakoa eta aurten Euskal Herrian bizi den euskalmexikar talde batek bazkaria antolatu du festa ospatzeko. Iragan irailaren 15ean bildu ziren Gordexolako jatetxe batean, eta giro aparta izan zuten, bertan izan zen Maitena Jaureguik azaldu duenez. Mexikotik beste ekitaldi baten berri ere heldu zaigu: astelehenean, irailaren 16ean, DF-ko Euskal Etxean bildu ziren Athletic Peña-ko kideak, San Mames berriaren inaugurazioa ikusteko. Gazte asko bertaratu zen eta giroa alaia eta koloretsua izan zen. Azkenik, atzo Euskal Etxean Guerreroko uholdeetan kaltetuak izan direnak laguntzeko elikagaiak bildu zituzten.
2013/09/20
La Platako Unibertsitate Nazionaleko Gogoetarako Euskal Katedra Askeak hamar hitzaldiko ziklo bat antolatu du urriaren 1 eta 2an. Saioak arratsaldeko 6etatik aurrera burutuko dira, hiriko Abokatuen Elkartean eta ‘Euskal erakundeak eta kultura’ izango dute gai nagusi. Euskal Herriari buruzko gaietan aditu den talde bat arduratuko da mintzaldiak emateaz. Izena emateko epea irekita dago eta ekintza doakoa da.
2013/09/19
Etxepare Euskal Institutuak aditzera eman du hainbat euskal idazlek eta itzultzailek datozen hilabeteetan Euskal Herritik kanpo egingo dituzten ekitaldiak. Miren Agur Meabe, Iban Zaldua, Jon Juaristi, Karlos Linazasoro, Harkaitz Cano eta Kirmen Uribe, besteak beste, nazioarteko topaketa eta jaialdi ezberdinetan izango dira irailean eta urrian. Jarduerok Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz edota bitartekaritzaz burutuko dira.
2013/09/19
Atzo aurkeztu zen hiriburu paraguaitarrean 'Franciscanos vascos en Paraguay, un estudio antropológico' (Euskal frantziskotarrak Paraguain, ikerketa antropologiko bat) liburua, Jone M. Luna Miranda euskal antropologo eta historialariak idatzia. Ramiro Dominguez doktoreak aurkeztu zuen Paraguaiko Elkarte Indigenistan (AIP) eginiko ekitaldia eta bertan aritu ziren hizlari bertako presidente Ricardo Moreno Azorero doktorea eta Nilo Damián Zárate doktorea, azken hau Asunciongo Unibertsitate Katolikoko Ikerketa Antropologikoen Zentroko zuzendaria. Liburuak antropologia eta misionogiaren arteko harremana aztertzen du Paraguaiko euskal frantziskotarren kasuan eta egileak 2004-2009 bitartean eginiko zenbait lan biltzen ditu, oinarri dituela Paraguain bertan eginiko hainbat elkarrizketa, bereziki bertako euskal frantziskotarren erdigune izan ziren Asuncion eta Villarrican.
2013/09/19
Berria ez litzateke hain bitxia izango Argentinako Patagonian dagoen Valdes penintsulatik Cordoba probintziako Villa Maria hirira 1500 kilometro daudela jakingo ez bagenu. Hori da azaroan 2013ko Euskal Aste Nazionalean parte hartzeko bertako haur, gazte eta helduek autobusez ibili beharko dutena. Besteak beste, bertako dantzariak Argentina osoko beste hainbat gazterekin bildu daitezen, azaroaren 8tik 10era. Berria, euskal etxeak kideentzako antolatutako bazkarian ezagutarazi da, joan den igandean, irailaren 15ean.
2013/09/18
Kirmen Uribe idazle ondarroarra Estatu Batuetara bidean da, zenbait topaketa literariotan parte hartzeko datozen egunetan. Ostegunean, irailaren 20ean, CUNY unibertsitatean bere obra hartuko dute mintzagai bi hizlarik, bera ere partaide. Igandean, ostera, Brooklyngo Book Festival delakoan bere poemen emanaldi bat egingo du eta 'Hiriak eta beren mamuak' izeneko mahai inguruan arituko da beste idazle batzuekin batera. Eta astelehenean, irailaren 23an, beste errezitaldi bateko partaide izango da Bowery Poetry Clubean.
2013/09/18
Oporretako etenaldiaren ostean, Berlingo Euskal Etxea hil honetan itzuli da lanera eta hasiak dira dagoeneko ikasturte berriko ekinean. Aurreneko ekitaldietako bat Urteroko Ohiko Biltzar Nagusia izan zen, irailaren 13an. Bertan elkartearen eguneroko martxari dagozkion hamaika kontuez jarduteaz gain, Zuzendaritza Batzordea berritzeko bozketa ere egin zen. Elkarteak aditzera eman duenez, Ainhoa Añorga Osak jarraitzen du presidente karguan eta Constanze Lindemann eta Lourdes Eizaguirre dira presidenteordeak.
2013/09/18
Bordeleko Euskal Etxeak lagun asko bildu zituen hiriko Quai Richelieu delakoan egin zen azokara iragan asteburuan. Ondarearen Egunaren baitan antolatu zuen elkarteak ekitaldia, euskal kultura eta gastronomia bordelesei ezagutzera emateko asmoarekin. Urruñatik etorri zen Kuxkuxtu txarangak musika eta kantuekin alaitu zuen gunea, eta harrijasotzaileek herri kirol erakustaldia eskaini zuten. Euskal Etxeak sarean argitaratu ditu eguneko irudiak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus