euskal diaspora eta kultura
2016/11/25
Gabonak bertan ditugu aurki eta Diasporan euskaldun asko hasiak dira dagoeneko senitarteko eta lagunei opariteko euskal produktuen bila. Garaiz gabiltza aurten internet bidez erosketak egiteko eta jarraian euskal ikutua duten produktuak saltzen dituzte webguneen zerrendatxo bat utziko dizuegu. Batzuk Diasporako euskaldunek egindakoak gainera! Matea hartzeko ikurrinadun termoa? Brooklynen egindako goitibera? Hamaika ikusteko jaioak gara!
2016/11/24
Berri Txarrak, Euskal Herriko talde ezagunenetako bat, Hego Ameriketan izango da abenduan, Descendants taldearekin biran. Aurretik aditzera eman genuen kontzertuak eskainiko zituztela Sao Paulo, Buenos Aires eta Txileko Santiagon. Orain data horiei kontzertu berriak gehitu dizkiete hiru hiri horietan, eta gainera beste bi hiri eta herrialde gehitu dizkiote birari: Lima (Peru) eta Bogota (Kolonbia). Data zehatzak jarraian.
2016/11/24
2016ko programarekin jarraituz, afari instituzionala egingo du gaur Benos Airesen Juan de Garay Euskal Argentinar Fundazioak. Afariaren baitan, euskal gizataldeko hiru laguneri egingo die omenaldia; aurtengo hautatuak Horacio Larre Oroño, Roberto Landaburu eta Beatriz Aguirre-Urreta dira, “bakoitza bere lan esparruan nabarmentzeagatik”. Azaroaren 29an segituko du Fundazioak bere ekintzen egitarauarekin Gaztemundu programari buruzko hitzaldi bat eskainiz.
2016/11/24
Euskal literatura nazioarteko azoka nagusienen parte da aurten ere, Etxepare Euskal Institutuaren sostenguarekin. Hil honetan bertan, esaterako, Miren Agur Meabe idazleak AEBetako Miami Book Fair azokan parte hartu du, eta datozen egunetan Iban Zaldua Mexikon izango, Guadalajarako FIL azokan bere lanari buruz hitz egiteko. Horrez gain abenduaren 1ean Mexiko Hirian izango da Zaldua.
2016/11/23
Eskuartean ditugu dagoeneko EuskalKultura.com-en azaroko zozketako emaitzak eta zozketagai zeuden sei sariek badaukate dagoeneko jaberik. Jarri gara dagoeneko eurekin kontaktuan eta etxean eta posta zertifikatuz jasoko dituzte datozen egunetan opariak. Oraingoan sariak Uruguarira, AEBetara, Argentinara eta Alemaniara doaz. Zorionak irabazleei eta denbora gutxi barru egingo dugu zozketa berri baterako deia, beraz, oraingoan ez bazaizu egokitu, berehala zabalduko dira aukera berriak, erne egon!
2016/11/23
Datorren abuztuan Ternua aldera joango da Euskal Herriko bidaiari talde bat, Iparraldeko, Zarauzko eta Getxoko arraunlariek osatua. Hamar egunetan 400 kilometroko bidea egingo dute traineruan, Placentia hiritik hasi eta Saint Pierre eta Miquelon uhartetaraino, baleazaleen lorratzei jarraika. Saint Pierren, gainera harrera bikaina izango dute, han ospatuko dituzten Euskal Jaietan parte hartuz.
2016/11/23
Eusko Jaurlaritzaren eta lehenengo lehendakaria izan zen Jose Antonio Agirreren 80. urteurreneko urtean 'Agirre lehendakaria' taldeak Agirrek euskal gizarteari bidaltzen zion Gabon mezua berregin nahi izan du. ‘Gabon’ deitu duen ekimenaren baitan, gonbitea luzatu die Diasporako kideei Eguberri bideo-mezuak egin eta bidaltzeko. Bideo laburrak abenduaren 10a baino lehen behar dira bidali eta bideo bakar batera editatuko dira, abenduaren 13an egingo den ekitaldi batean mundu osora streaming bidez emititzeko
2016/11/22
Auzolanaren izpirituak ez du mugarik, hori erakusten du behintzat iragan larunbatean Belgikako Lendelede herrian antolatu zen Txitxiburduntziak. Festaren helburua Bedaroako Olabe baserria biziberritzen eta kultur topagune bilakatzen laguntzea da. Ekitaldiak Bruselako Euskal Etxeko Txalaparta abesbatzaren partehartzea izan zuen. Festarekin 750 euro bildu ziren eta Manu eta Karien Behaeghe antolatzaileek Olabe baserriko teilatua konpontzeko emango dute dohaintzan.
2016/11/22
Munduan dabiltzan euskaldunak biltzea eta elkarrekin aritzeko eta informazioa elkarrekin banatzeko aukera berriak ematea, nazioartean euskal komunitatea eraikitzen eta indartzen lagunduz, asmo horrekin sortu eta abiarazi zuen Eusko Jaurlaritzak joan den udan "Basque Global Network" (Euskal sare globala) tresna berria. Ekimena asmo integratzailez sortu da, eta berdin batzen ditu Diasporako eta euskal komunitateetako kideak zein Euskal Herrikoak izanik epe labur, ertain edo luzerako atzerrian kokatu diren euskal herritarrak zein euskal herritarren lagunak. Egin ezazu aproba eta sartu eta eman izena!
2016/11/22
Hilabete eta egun batzuk falta dira urtea bukatzeko eta Argentinako euskal etxeak hasiak dira dagoeneko 2017rako ekintzak antolatzen. Chascomuseko Udalekua urtarrilaren 3tik 7ra izango da, bertako Zingirako Euskaldunak Euskal Etxea antolatzaile. Izena emateko epea abenduaren 10ean bukatuko da. Beste alde batetik, Aberri Eguna ospatzeko Cañuelasko Denak Bat-ek antolatzen duen Dantzarien Topaketa apirilaren 8 eta 9an izango da. Apuntatu datak eta hasi zeu ere 2017ko euskal agenda osatzen!
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus