euskal diaspora eta kultura
2016/12/30
Agintari, ahaide eta ikasleek hartu zuten parte izendatze zeremonian. ‘Vasco’ goitizenarekin ezaguna zen Oscar Domingo Arla Unibertsitateko ikasle, irakasle eta zuzendaritza kide izan zen eta “marka ezabaezina” utzi zuen ikastetxean. Aita baxenabartarra eta ama zuberotarraren seme, pilotaria izan zen gaztetan eta sustraiekiko maitasuna transmititu zien seme-alabei, bereziki gaur egun Buenos Aireseko Euskaltzaleak eta Iparraldeko Euskal Etxea instituzioetako erreferente den Marianari. Oscar Arla martxoan zendu zen.
2016/12/29
Hautagaitzak aurkezteko epe berria otsailaren lehena da. Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroa irakasle laguntzaile baten bila dabil. Hautagaiek doktore maila behar dute izan, euren esparrua gizarte zientziak, bereziki antropologia ekonomikoa edo historia ekonomikoa izanik, fokua Euskal Herrian eta bertako kooperatibetan. Edo, bigarren gai lehenetsia, Zientzia Politikoetan, genero ikasketetan (ikus xehetasunak testuan). 2017ko abuztuaren 1ean hasteko da.
2016/12/29
Tierra del Fuego irlako euskal kolektibitateak sortu berria du erreferentziazko leku bat, oraingoz birtuala, euskal kultura eta Euskal Herriko aktualitatea ezagutu eta euskal kultura, ohiturak eta nortasunaren inguruan bildu nahi duten bertakoentzat. Facebook-en hasia, bultzatzaileek helburu dute lagun talde handiagoa osatu eta euren lana eta jarduerak sendotu eta erakundetzea. Orain arte, euskaldunen ordezkari parte hartu dute Ushuaia hiriaren urteurreneko kabalkadan eta bertako jendaurrean aurkeztu dira.
2016/12/29
Proposamen ugari ari dira landu eta prestatzen Buenos Aires hiriburuko Laurak Bat-eko lagunak 2017an erakunde 'porteño'aren 140. urtemuga behar bezala ospatzearren. Fundazio eguna martxoaren 13a bada ere, urtean zehar egingo dituzten gainerako ekintzetako asko urteurrenarekin egongo dira lotuta. Urteko ospakizunen abiapuntu ofizala, beraz, martxoan izango da eta oraindik xehetasun batzuk baieztatu behar diren arren, ospakizunaren hitzordu nagusiak iragartzeko moduan gaude.
2016/12/28
Bihar da azken eguna EuskalKultura.com-en abenduko zozketan parte hartzeko. Sariak, sei: bi egutegi (NABOrena eta Arantzazukoa), liburu-CD bat euskaraz (Manex Pagolaren kantuen berri eta CDa horiek bilduz), liburu bat gaztelaniaz ("Euskera para castellanohablantes", euskarara hurbiltzeko), eta bi CD (Euskal Herriari herriminez begiratzen dion "Herri Miña, cantos de lejanía y retorno" eta Patxi eta Konpaniaren "Bidarte"). Azken orduak parte hartzeko.
2016/12/28
Antioquiako Caldas hirian egoitza duen Gure Mendietakoak Euskal Etxeak pozik itxi berriak ditu 2016 urteko ekimenak, arduradunek hamabi hilabete hauetan egindakoaren balioespen baikorra eginda. Burutu dituzten ekitaldien artean arduradunek berek azpimarratu dituzte Euskal Etxeak liburu azokan ezarritako stand-a, euskal jatorri historikoko bertako familia topaketetan egindako aurkezpenak, euskal jatorridun abizenei buruzko saioak... Datorren urtean, gehiago!
2016/12/28
Urtea bukatzeko Euskal Etxeko batzuk eginiko bazkaria emankorra suertatu da, bertan proposatu baitzen 2017a hasteko mendi irteera. Aire zabaleko egun osoko proposamenak euskal etxeari eta eskualdeari izena ematen dion Confluencia mendixka hartuko du ardatz eta parte hartzaileak bertara igo eta Neuquen eta Limay ibaiak elkartzen diren naturgune ederra ikusiko dute, gero jaitsi, giro onean bazkaldu eta musean eta sokatiran aritzeko. Irteera erraza da, nahi duten guztiek parte har dezaten.
2016/12/27
Egin berria du abenduaren 18an Habanan urteko bere Biltzar Nagusia Kubako Euskal Etxeak. "Centro Vasco Navarro de Beneficencia" izenpean 1877an sortua, Ongintzako Euskal Elkartea eta Habanako Euskal Etxea izenak ere erabiltzen ditu munduko euskal etxe zaharrenetakoa den honek. Renato Garcia Egusquiza 2012tik presidente duela, elkartea bere burua prestatzen ari da 2017ko uztailean bere 140. urteurrena ospatzeko. Gonbitea ere luzatzu die presidenteak munduko euskaldunei: "Zaztozte gurekin bat egitera, ez zarete damutuko" aldarrikatu du EuskalKultura.com-en bidez.
2016/12/27
Leku hori hastapenean bereganatua zuen pertsonak uko egin ondoren, Euskadiko Buletin Ofizialak (EHAA-BOPV) abenduan eman du argitara aldaketa eta orain arte Vitoria-Gasteiz egoitza izanik bekaduna zen Intza Balenciaga abenduaren 16ko datatik aurrera Boisera pasatzen da ofizialki, nahiz eta egiazko bere sarrera bertan 2017ko lehenengo asteetan izatea igurikatzen den, bisatu eta paper kontu guztiak garbitu ondoren. Mikel Moreno Fernandez da, bestalde, bekadun berria Gasteizen.
2016/12/27
Itxaropen-emailea da urte berria plan on batekin hastea; eta Mariana Dominek proposatzen duen Euskal Herrira joateko bidaia plan ederra izan daiteke 2017ko Argentinako negurako, Europako udarako. Taldea abuztuaren 24an abiatuko da Ezeizatik eta hamazazpi egunetan zehar Euskal Herriko leku esanguratsu eta kutunenak pasatuko ditu, Mariana Domine Irigoyen bera gidari eta taldekide.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus