euskal diaspora eta kultura

2009/09/24
Musikaren Euskal Artxibo Nazionala da egoitza Errenterian duen Eresbil, eta bertatik adierazi berria denez, orain arte sarean zeukan lehioa indartu egin du eta atal bereiziak sortu ditu musikariei eta musikei buruz, lehenengo emendakinak Jesus Guridi, Jesus Aranbarri eta Luis Aranbururi eskaini dizkiolarik. Musikasteko --Errenteriako Euskal Musika Astea-- 37 edizioetan plazaratuak izan diren sortzaileen biografiak ere sareratu ditu, joan izan diren obra guztien xehetasunez.
2009/09/24
Dolores Barquin Areetan jaio zen. Gerra garaian beste haur asko bezala, etxetik atera behar izan zuen, Belgikan bukatzeko. Bertan familia batek jasoa izan zuen baina ahal bezain laster eta momentu latz askoren ondorioz gurasoek bere seme-alabak Argentinara eramatea lortu zuten. 1942. urtean iritsi zen bertara. Emakume honen istorioa bildu du Jorge Fernandez Diaz kazetariak La Nacion egunkarian. Berak entzun eta Dolores Barquinen bizitzaren bertsioa eman du, hona ekarri duguna.
2009/09/23
Zortzi emakume margolari eta zizelkari euskal-txiletarren lanek osatzen dute gaur arratsaldeko zazpietan Txileko Viña del Mar-eko Carrasco Jauregian egoitza duen Kultura Etxean zabalduko den 'Euskadi, gure arbasoen lurra, la tierra de nuestros antepasados' erakusketa. Viña del Mar-ko Udala eta bertako Eusko Etxea antolatzaile, eta Kultura eta Arteen Kontseilu Nazionala laguntzaile, lanak urriaren 7ra arte egongo dira ikusgai. Honako artistak dira partaide ekimenean: Nelly Aorostizaga Calderon, Ana Maria Canala Echevarria, Beatriz Cruzat Rioseco, Mónica Gonzalez Arrieta, Lucy Lafuente Indo, Itziar Mondragon Martinez, Laura Rojas Zubieta eta Maria Luisa Sainz Aguirrezabal.
2009/09/23
San Juan hiriko Eusko Etxeak, izen bereko probintzia argentinarrean, azken hamar urteotan elkarteko etengabeko ekile eta langile fin gisa nabarmendu den Ofelia Larrea anderea ohoratu berri du Immigrantearen Egunaren programaren baitan. EEko egungo lehendakari Esteban Marticorena buru izan zuen ekitaldian, laurogeita hamar pertsonek elkartea 1952an sortu zuten familiak ohoratu eta duela hamar urte ekimenak berpiztu zituztenak izan zituzten gogoan. Une hunkigarriak bizi izan ziren Carlos Ramos bazkideak eta bere bandak 'Xalbadorren heriotzean' doinu ezaguna kantatu zutenean, Ferrando Aire 'Xalbador' izan zenaren oroimenez.
2009/09/23
Bilboko Udalak 'Miguel de Unamuno' Saiakera Lehiaketaren XI. ediziorako deia zabaldu du, euskarazko zein gaztelaniazko ataletan, horietako bakoitzean zazpi mila euroko saria banatuko duelarik. Bilboko filosofo eta pentsalariaren ohoretan hamaikagarren aldiz antolatutako lehiaketa honetara edozein nazionalitatetako saiakeragileak aurkez daitezke. Jatorrizko lanak behar dute izan. Lan hautagaiak jasotzeko epea azaroaren 27an amaituko da.
2009/09/23
Donibane Lohizuneko eta Donostiako surf filme jaialdietatik pasatu ondoren, ibilbide polita ari da egiten Kepa Alvarez donostiarraren 'Madera' laburmetraia. Filmeak surf taula bat eraikitzeko prozesua hartzen du ardatz eta soinu bandan euskal txalaparta eta australiar didjeridoo-a biltzen ditu, uztarturik, Iban Nikolai didgeridoo-an, eta Felipe Ugarte eta Ander Barrenetxea txalapartajole. 'Madera' aste honetan ikusi ahal izango da New Yorken, bertako Surf Festivalean. Hona laburmetraia, bere osotasunean; eta egile eta musikarekin harremanetan jartzeko bideak.
2009/09/22
"Oinarririk ez duten" ahots alarmisten gainetik, Argentinako Euskadiren Ordezkari berriak segurtatu zuen atzo Donostian Buenos Airesera eramango duen hegazkina hartu baino 24 ordu lehenago, "erabateko lankidetza" izpirituz doala Argentinara, "Euskal Etxeek garatzen duten lanarekiko lankide izaten segitzeko asmotan, eurei laguntzen eta euren lana nabarmentzen". Euskal Etxeek egiten duten lana laudatu ostean, eta EuskalKultura.com-ek euskal-argentinar komunitatearen baitan egon litekeen nolabaiteko arrenguraz galdetuta, esan zuen "egon daitezkeen kezka guztiak lanean hasten naizenean uxatuko" direla. Kortajarenaren asmoa da "bizpahiru hilabetetan" Argentinan ofizialki onetsita dauden 76 euskal etxeak bisitatzea eta heiekin eta FEVArekin lankide izatea.
2009/09/22
Ama Birjinaren omenez hiriak antolatzen duen maratoi erdiaren babeslea izan da azken zazpi urte hauetan Lagun Onak Pergaminoko Euskal Etxea. Ahalmen berezidun pertsonek ere hartu dezakete parte maratoi erdiaren testuinguruan Euskal Etxeak antolatzen duen froga batean, Integrazio Proban. Proba ez da lehia orokorrean sartzen eta edonor aurkez daiteke, adin eta kategoria mugarik gabe. Lasterketarekin jasotzen den dirua ongintzarako da, Karitasentzat hain zuzen. Hitzordua irailaren 27an, igandean, izango da, Pergaminoko Gral. San Martin Udal Parkean, 9:00etatik aurrera.
2009/09/22
Euskal Etxea munduko gazteenetakoa da, gazteena ez bada, joan den abenduaren 3an sortu baitzen Argentina Ipar-Iparraldean. Saltako 'Gure Etxea' da, Bolivia eta Paraguaiko mugan, eta dituen helburuen artean, euskal nortasuna sendotu, landu eta bere inguruan horren lekukotasuna ematea, baina erroturik dagoen argentinar komunitatea eta bere ongitasuna ahaztu gabe. Azkeneko igande honetan bilera egin zuten eta, besteak beste, bertako jende gabetuentzako sostengu neurriak aztertzea erabaki zuten, laguntza medikoa emanez, eskolan lagunduz eta legearen aurreko aholkularitza eskainiz.
2009/09/21
Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeak abiarazi du dagoeneko aurtengo Aralarko San Migel jaiak eta elkartearen 66. urteurrena (1943-2009) ospatzeko ekitaldia egitaraua. Ekitaldiak joan den asteko asteazkenean hasi ziren 66. Urteurreneko Pilota Txapelketaren sari banaketarekin eta urriaren 17an amaituko dira, izan ere elkartearen egoitzan egingo den euskal erromeria batekin, gastronomiak eta familientzako ekimen batez eta gazteriarentzako dantzaldiaz.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus