euskal diaspora eta kultura

2009/09/30
Emakume bat hamar gizonen artean. Hala adostu zuen Txileko Nafar Etxeak joan den abuztuaren lehenean Santiagon eginiko Bazkideen Bilkuran. Hamar gizonen artean, eta buru, baztandarrak nagusi diren etxe honetan Diharasarri baztandarra presidente hautatu baitzuten bere batzordekideek. Harekin batera hona zuzendaritza batzordekide izateko hautatuak izan zirenak: Javier Aguerrea, Fernando Alvarez, Francisco de Almozara, Simon Echenique, Eusebio Ilzauspe, Juan Cruz Istilart, Javier Mendiburu, Agustin Otondo, Francisco Otondo eta Fernando Perez.
2009/09/30
Hiru Michelin izar dituen Martin Berasategi euskal sukaldari ospetsuak jatetxe berria zabaldu du joan den astelehenean, Espainiako estatutik kanpo irekitzen duen lehena, non eta Shanghain, Txinako hiriburu ekonomikoan. Irailaren 28an [txinatar egutegiaren arabera oparotasuna eta zorte ona ekarriko duten faktoreak biltzen dituen eguna] ateak irekita, bere euskal sukaldaritza --eta baita pintxoak ere-- dastatu nahi dituenak badu bertan biltoki polita. Hirurogei pertsona dauzka lanean --gehienak bertakoak-- eta sukaldeburu gisa Maxime Fanton eta Yago Marquez gazteak, luxuzko eraikin eta inguru lakudun eder batek lagunduta lanean. A, eta pintxo barra ere badauka.
2009/09/29
New York Times egunkari ospetsuak Euskal Herriari buruzko erreportaje interesgarri bat argitaratu du joan den igandean. Sarah Wildman-ek sinatutako erreportajeak 'Basque without borders' (Euskaldun mugarik gabe) du izena eta Euskal Herriko kostaldeko hiru probintziak ukitzen ditu bereziki, kazetariak berak joan den udan eginiko bidaia baten ildotik. Artikulu luzea da, ongi hornitua, eta gainbegirada polita eskaintzen dizkio euskal kultura, ohiturak, paisaiak, gastronomiari... pintxoak eta txakolina ez dira falta idazlan freskagarri honetan.
2009/09/29
Buenos Aires probintzia barrualdeko Las Floresen, bertako Udaletxeko Areto Gorrian, ziurtagiriak banatu zitzaizkien joan den larunbatean euren azterketak gainditutako ikasle/irakasleei. Barnetegiko inaugurazio ekitaldi ere izan zen elkarretaratzeak honako lekuetatik etorritako ikasleak ekarri zituen: AEB, Kolonbia, Brasil, Txile, Uruguai eta Peru-tik, eta baita ere Argentinako honako herrietatik, hala nola Mendoza, La Plata, Chivilcoy, Arrecifes, Saladillo, Azul, Viedma, Bahia Blanca, Trenque Launquen, Rosario, Rio Cuarto, Tandil, Gral. Villegas, Gral. Rodriguez eta Buenos Aires Hiri Autonomokoak. Alberto C. Gelené alkateak egindako hitzen ondotik, Euskal Etxeko bideo bat proiektatu zen eta bertako lehendakari den Graciana Goicoechandiak ongi-etorri hitzak eman zizkien barnetegiko partaideei.
2009/09/28
'Luxuzko kultur enbaxada' legez aipatu dute Ordizian 'Camerata de La Luna' abesbatza argentinarrak Euskal Herrira irail honetan egin duen hamar eguneko itzulia. "Txundituta utzi naute, ez bakarrik elizako eta argentinar folkloreko kantuengatik, baizik eta euskal kantuez egin duten interpretazioagatik", esaten zion EuskalKultura.com-i taldea Zegamako emanaldian entzun zuen Donostiako abesbatza bateko kide batek. "Orain badakigu Villa Mercedes Argentinako mapan kokatzen, eta kultur arloa lantzen dutela eta euskal etxe bat badutela ikasi dugu", esaten zigun, bere aldetik, Zegamako Orkatz abesbatzako beste batek. Villa Mercedesko Euskal Etxeari atxikitako 'Camerata de La Luna'ren bisitak bultzada berria eman dio herri argentinar horren eta Ordiziaren arteko senidetze harremanari. Taldearen itzulia Ordizia, Aretxabaleta, Idiazabal, Donostia eta Zegamara iritsi da, besteak beste.
2009/09/28
Amets egia bilakatua, joan den asteburuan Argentina Ipar, Erdi eta Hegoaldeko euskaldun talde batek bat egin du Misiones probintzian, Iguazú-ko urjauziak testuinguru, Guillermo Larregui, 'Orgaren euskalduna' (El Vasco de la carretilla) izan zenaren oroitzapena eta ohoratzea bilgarri. Patagoniako 'Hegoalde Argentinarra' Euskal Etxeko kideak, Buenos Aires probintzia barnealdeko 'Mundo Vasco' aldizkarikoak, eta Misiones probintziako Corpuseko Eusko Etxeko partaideak, azken probintzia honetako Posadas, San Ignacio eta Iguazú-n bildu dira, Roberto Arizmendiren 'Gora Vasco!' filmea proiektatuz, senidetasun izpiritu bateratzailean.
2009/09/25
A gripearen karietara, anitz ekintza birprogramatu behar izan dira Argentinako euskal komunitatean azkenaldian, horien artean Euskara Munduan proiektuaren baitan antolatutako neguko euskara barnetegia. Urtero uztailean egiten den ikastaro trinko hau aurten irailaren azken astera arte atzeratu da. Bihartik hasita eta urriaren 3ra arte, Ameriketako zazpi herrialdetako 29 ikasle elkartuko dira Las Flores-en, ikasturtean ikasitako guztia eta batez ere mintza-praktika lantzeko asmoarekin. Bestalde, barnetegiaren inguruan Boga programarekin aritzen diren tutoreentzako ere ikastaro bat egingo da, bihar eta etzi; eta kurtsoaren inaugurazio afarian, iaz HABEko azterketak gainditu zituzten irakasleei egiaztagiriak emango zaizkie.
2009/09/25
Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak lagunduta, Globalkultura Elkarteak 'III. Memoriaren sareak 09' literatur lehiaketa jarri du abian. Aurreko urteetan lortutako erantzuna dela eta, aurten ere Diasporako euskaldunei propio luzatu zaie gizartea sentiberatzea eta historia ezagutzea eta babestea helburu dituen sariketa honetan parte hartzeko gonbidapena. Horretarako, 1901-2000. urteen arteko hamaika argazki jarri dira webgunean eta lehiakideek euren kontakizunak argazki horietan oinarritu ditzakete. Iaz baldintza guztiak bete zituzten 67 lan jaso ziren eta irabazleak Abadiñoko Mikel Azkarraga Etxegibel eta Bartzelonako Carlos Bajo Erro izan ziren.
2009/09/25
Garaziko Hordago Peñak antolatu eta egin, eta Kanaldude telebista baxenabartarrak grabatu eta zabaldu du bere webgunean. Joan den agorrilaren 23an, hainbat jende ikusle zein parte hartzaile, egin dira Donibane Garazin ezteiak lehengo maneran. Orgak eta idiak, senarraren eta emaztearen puskak, lagunak eta familiakoak... Bi eguneko ezteiak izan ohi ziren ardurenean. Kanaldudek euskaraz egin bideoa ekarri dugu hona. Aldudarrak-bideo.com-era jotzen ahal du zuzenean heien webgunean ikusi nahi duenak.
2009/09/24
Zine proiekzioak, pilota txapelketa bat, 'Munduko Umeak' abesbatza kantari, argazki erakusketak eta kultur aurkezpenak, eta horrekin batera 'IV. Hiriak eta Balioak Solasgunea' eta bi emanaldi berezi Malandain Biarritz Ballet talde ospetsuak emanik izango dira bihartik aurrera eta urriaren bira arte Bogotan egingo den VI. Euskal Kolonbiar Kultur Asteko osagai behinenak. Bogotako Euskal Etxeko lehendakariak, Francisco Abrisketak, eta Euskal Asteko zuzendari den Vilma Parrak gonbite berezia luzatu diete bertako euskaldunei eta oro har herritar guztiei egitarauak biltzen dituen ekitaldi ugarietara hurbildu eta parte har dezaten.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus