euskal diaspora eta kultura

2009/10/15
Txikitatik bizi izan du ostalaritza gertutik. Turismo ikasketak egin, eta egun Istanbulen dago, bost izarreko hotela zuzentzen. Tolosarra da, eta 1994an hasi zen munduan hotelen munduan: Txileko Santiago, Bartzelona, Lisboa, Paris, Madril... 390 langile dauzka orain Istanbulen bere esanetara. Urtzi Urrutikoetxeak eginiko elkarrizketa atzo eman zuen argitara Berria egunkariak.
2009/10/14
Egitarau betea izango dute bihar Frankfurten Harkaitz Cano, Karmele Jaio eta Miren Agur Meabe euskal idazleek, goizez mahai inguru batean parte hartzen, atzo hasi zen Liburu Azokaren baitan, eta arratsaldez, Azokako programatik kanpo, argitaletxe alemanek euskal lanak alemanez argitaratzen daramaten ildoko bi izenburu aurkezten, Goethe Unibertsitatean, Euskal Ikaskuntzen Alemaniako Etxea tarteko. Karmele Jaioren 'Mutters Hände' (jatorriz 'Amaren eskuak') eta Harkaitz Canoren 'Pasaia Blues' (izen berekoa euskaraz ere) dira irakurle alemanek zuzenean euren hizkuntzan irakurri ditzaketen aipatu bi azken liburuak eta egileen ahotsek azaldutako aurkezpenean bihar ezagutu ahal izango dituztenak.
2009/10/14
Brasilgo 'O Globo' egunkari garrantzitsuak, Fabio Aristimunho Vargas poeta eta itzultzaileak espainiar, galiziar, katalan eta euskal poesiez portugesez plazaratu dituen sail bereko lau liburuez artikulu erreseina argitaratu zuen joan den ostiralean. Bella Jozef irakasleak sinatzen du lana 'Herrialde baten aurpegi anitzak' izenburupean, eta aukera edertzat jotzen ditu liburuak Brasilen gutxi ezagutzen diren literatura hauetara hurbildu eta konturatzeko horra bildu dena zatiño txiki bat baino ez dela.
2009/10/14
Bisita luzatuko diete Donostiako Gaztelubideko abesbatzako kantari eta lagunek Shanghaiko Euskal Etxeko euskaldunei. Datorren igandean, urriaren 18an izango da, eta egun osoko kantu giroa agintzen du heldu zaigun gonbidapenak. Ekitaldiak goizeko hamarretan hasiko dira, talde bisitaria Shanghaiko Euskal Etxearen egoitzara iritsi eta harrera ekitaldia egingo zaionean. Eguerdian, ostera, meza abestua gauzatuko du koralak, Saint Peter elizan. Ondotik, senidetasun bazkaria egingo da Chinoise Story jatetxean, kantuak eta ikuskizuna barik 'entzunkizuna' programako parte. Shanghaira hurbiltzen diren Txinako euskaldunek denbora luzean gogoan gordeko duten oroitzapenaren itxura hartua du hitzorduak. Euskal Etxetik, baina, bazkarirako erreserbak astearte gaueko hamarrak aurretik egitea eskatzen dute.
2009/10/13
Jakina denez Buenos Aires probintzia hego-mendebaldeko Bahia Blanca hirian izango da aurten Argentinako Euskal Aste Nazionala eta horri dagokionez plazartu berria du bertako Union Vasca Euskal Etxeak urriaren 26tik azaroaren 1era arte garatuko den hitzordu horren behin betirako egitaraua. Ekitaldiak urriaren 26an, astelehenez, hasiko dira Euskal Baserriei buruzko argazki erakusketa batekin Euskal Etxearen egoitzan; eta igandez, azaroaren 1ean bukatuko, ohiko senidetasun bazkariarekin, FISA delako aretoan.
2009/10/13
Yolanda Arrietaren 'Badago ala ez dago?' obra --"patua/halabeharra eta sorginak osagai dituen komedia dinamikoa"-- irakurriko du gaur Buenos Airesko VII. Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren baitan bertako Laurak Bat Euskal Etxeko talde batek 'Babel, la biblioteca' zikloan. Ziklo honetan hogei bat antzerki-lan irakurriko dira euren jatorrizko hizkuntzetan, ezezagunak edo 'urrunak' diren hizkuntzak eta kulturak ezagutarazteko asmoarekin. Obraren egilea, Yolanda Arrieta Malaxetxebarria, Argentina eta AEBetako diasporan ahaideak dituen euskalduna, pozik azaldu zaio EuskalKultura.com-i 1992ko Euskadi Antzerki Saria lortu zuen lan hau Buenos Airesen aukeztuko dutela jakitean. Emanaldia, gaur, arratsaldeko zazpietan, sarrera doan.
2009/10/12
Zegokion data A gripea dela-eta hartutako neurriengatik atzeratu ondoren, joan den larunbatean ospatu zuen Saladillo 'Itxaropen' Euskal Etxeak bere 11. urtemuga eta, ohi bezala, bere bazkide eta lagunak bazkari eta elkarretaratze batera gonbidatuz egin zuen. Ohiturari jarraituz baita ere, bazkariko mahaiburukoa --postre edo deserta-- berezia izan zen, eta hizki jangarrietan idatzirik zeukan lagunak otordu horretara biltzeko efemeridea. Elkartearen izenean, Hector Altamira EEko lehendakari berria mintzatu zen, bildutakoei euren presentzia eskertuz eta epe labur eta ertainerako planak azalduz.
2009/10/12
2009/10/10
Paraná hiriburu entrerriostarretik astero aireratzen den Presencia Vasca irratsaio euskal-argentinarrak Elvira Kortajarena, Eusko Jaurlaritzaren Argentinako Ordezkari berria elkarrizketatuko du igande honetako saioan, saioko zuzendari eta esatari den Federico Borras Alcain-en eskutik. Kortajarena, ia 14 urtez Madrilgo Parlamentu espainiarrean Gipuzkoako hautetsi gisa izan duen eserlekuari uko egin ondoren etorri da Argentinara. Eskarmentu politiko handiduna, ongizate sozialean aditua da eta Ibarretxeren gobernuak izendatu zuen Marieli Diaz de Mendibil-en ordea hartua du joan den hilabetean.
2009/10/09
Euskal Herritik, Euskal Abertzaletasunaren Museoa, Sabino Arana Fundazioak kudeaturikoa, FEVAri eta euskal-argentinar komunitateari zuzendu zaio, Agirre Lehendakaria agertzen diren irudi finko zein mugikorrak eskuratzeko. Jakina denez, Agirre Jaurlaritzako lehenengo Lehendakaria izan zen, eta lau bidaia egin zituen Argentinara. Norbaitek hau irarri eta berak ez, baina halakorik izan lezakeen beste norbait ezagutuko balu, erregua luzatzen zaio baita ere, bigarren pertsona edo erakundearen datuak pasa ditzan, operazio honen helburuak batera edo bestera bete ahal izan daitezen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus