euskal diaspora eta kultura

2005/05/01
"Joseba Intxaustik zerbitzuko lanean jardun du bizitza osoan, euskal kulturaren alde. Ez da gizon ageria. Isilik jardun du urte askoan, inurri, hotsik atera gabe. Arantzazun ditu zainak eta komentutik kanpora enbor eta adarrak. Jakin, UZEI, Kulturaren aldeko Euskal Fundazioa... euskara eta Euskal Herria ardatz hartu eta eginahalean saiatu da. Egindako lanaren aitortza jaso zuen iaz, Euskaltzaindiak Ohorezko euskaltzain izendaturik. Eta egindako lanaren aitortza jaso du maiatzaren 7an ere, Bilbon, Mendebalde Kultura Alkartearen jardunaldien barruan. Adiskide bat izan zuen ondoan, omen egiten. Guri elkarrizketan lagundu digun lagun bera, Paulo Agirrebaltzategi". Hona Miel A. Elustondok Argiaren 1990. alean Joseba Intxaustiri egindako elkarrizketa.
2005/04/25
Hamaika urte dira Nere Lete Etxebeste errenteriarra Idahoko Boisen (AEB) bizi dela, egun epaile den Chris Bieter abokatu euskaldunarekin ezkondurik. Senarrarekin batera, Nere bertako familia euskaldun aktibo bateko kide da eta Boiseko euskal ekimen garrantzitsuenetako gehienetan aritu izan da edo dabil, partaide edo bultzatzaile bizkor. Maddalen, Josu eta Andoni seme-alabak ere euskaldun eta amerikar dauzka, Boiseko Ikastolako kide eta bide-urratzaile izanak. Errenteriako On aldizkariak elkarrizketa edo galdetegi llabur bat erantzun arazi dio bere azkeneko aleetako batean Nere Leteri. 7-9 haurrekin hasi zen Boiseko ikastolak, egun 20-23 bat dituela esaten du, besteak beste.
2005/04/18
2005/04/14
Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkariaren zenbaki guztiak, 1985eko '0' zenbakitik hasita, interneten daude jada irakurgai, www.zientzia.net webgunean. 20 urte hauetan publikatutako 7.000 artikuluak interneten jartzea 2001 urtean hasitako egitasmoa da, eta lau urteko lan arrakastatsua ospatzeko hiru aste iraungo duen lehiaketa egingo dute www.zientzia.net webgunean.
2005/04/08
Interneten euskal literaturaz hitz egiteko gune berri bat aurkeztu dute aste honetan: 'Volgako Batelariak' blog-a. Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak dira 'literatur inoizkari' honen sortzaileak, eta blog-a euskal literaturaz eta munduko literaturez hausnarketa egiteko eta kritikarako espazio bihurtzea dute helburu.
2005/04/02
Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) ezagutzera eman berri duenez iazko lehen seihilekoan euskarazko webguneek ia 100.000 internauten bisitak jaso zituzten. Datuak Euskal Autonomia Erkidegokoak dira soilik (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa), Euskal Herriko beste lurraldeen eta Diasporako euskal komunitatearen datuak gehitzeke. Eustatek jakinarazi duenez euskarazko webguneetan ibiltzen diren euskaldunen kopurua % 35 igo da epe horretan.
2005/03/27
2005/03/24
'Aspaldiko' izenaz hasi ziren interneten eta 'Izaronews' izatera pasatu ziren; izaronews.org hastean, eta piskanaka izaronews.com izaterako bidea egin dute. Gaztelaniaz egiten dute lan, eta internetek ezaugarri dituen konfidentzial horietako bat dira, kasu honetan gehienbat euskal politikari buruzkoa. Sarean dabiltzan pare bat urteotan irakurlego leiala lortu dute, politika mundu barneko komentario eta esanetako batzuk Izaronews-era egiten baitute beste medio handi eta tradizionalagotara iritsi aurretik. Medio klasikoetan ere, gisa honetako albistegi txikiak gero eta gehiago bilakatu dira pista-emaile eta berri-iturri. Aste honetako Argia-k elkarrizketa egin dio Izaronews-eko zuzendari Arantza Goioagari.
2005/03/10
250 bat pertsonak bi orduko ibilbidea egin dute joan den larunbatean Montrealen (Québec) bertako Euskal Preso Politikoen Sostengu Taldea duela bi hilabetedanik egiten ari den kanpainaren barne. 1997danik Québec-en bizi diren Gorka Perea eta Eduardo Plagaro euskal herritarrek babes politikoa eskatu dute Kanadan eta Gorte Gorenaren aitzineko helegitean ezarri dituzte azken esperantzak. Manifestariek torturaren kontrako eta askatasunaren aldeko oihuak jaurti zituzten.
2005/02/28
Euskal Herriko Hizkuntza Adierazleen Sistema izena du webgune berriak eta Euskal Herri osoko datuak bilduko ditu, oraingoz EAEkoak soilik badaude ere. Aurkezpenean Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Patxi Goenaga Hizkuntz Politikarako sailburuordeak eta Miren Mateo Hizkuntz Politikaren Koordinaziorako zuzendariak webgune hau euskararen egoeraren eta bilakaeraren inguruko datuak eta azterketak biltzeko proiektuaren lehengo lehen fasea dela adierazi zuten.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus