euskal diaspora eta kultura

2007/03/19
1757an jaio ziren Pierre eta Marie Bercetche baxenabartarrak eta Argentinara emigratu eta gero munduan zehar barreiatu den oinordekotza zabala izan dute. Horietako multzo polita Baigorrin bilduko da ekainean Pierre eta Marieren jaiotzaren 250 urteurrena ospatzeko. Familiako kideak Argentinan, Frantzia, Euskal Herria, Suitza, Alemania, Uruguai, Estatu Batuetan eta Canadan bizi dira egun, María Mercedes Soerensen Yramendi antolatzaileak Alemaniatik azaldu digunez.
2007/03/17
Mugaz bi aldeetako euskal lurraldeak elkar hobeto ezagutzea helburu duen Iparra-Hegoa Kultur Astea hamabigarren ediziora iritsi da. Aurtengoan ekimenak arreta berezia eskaini die Diasporako euskaldunei, Euskal Argentina erakusketa eta hainbat mintzaldirekin. Asteburuko ekitaldien artean konferentzia Buenos Airesko Eusketxe elkarteko kideekin eta Seguran jokatuko den Euskal Herriko Mus Txapelketaren finala daude, Ahotsak-eko Amaia Fontang-en 'gerizondo itzaleko' partaidetzarekin batera.
2007/03/17
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo saileko eta SPRIko ordezkaritzak Mexikon kokatuta daude 32 euskal enpresetako batzuk bisitatu ditu egunotan, herrialde honetan barrena egiten ari den bost eguneko biraren barruan. Bilera hauetan euskal enpresariek Mexikon kokatzearen esperientziaren nondik norakoak kontatu dizkiote sailburuari, datozen urteetarako aurreikuspenak jakitera emanez.
2007/03/16
Pedro Azcoiti diputatu radikal argentinarraren deklarazio proiektuak proposatzen du 'hegazkin alemanek Espainiako gerra zibilaren baitan Gernika hiri euskaldunaren kontra 1937ko apirilaren 26an eginiko bonbaketaren 70. urteurrenaren oroitzapena egitea; berretsiz beharrezkoa dela bakearen aldeko bilaketa etengabea, etnia, erlijio edo beste edozein motatako aniztasunarekiko errespetua oinarri'; Kongresu argentinarreko alderdi desberdinetako euskal jatorriko diputatuek sinatu dute ekimena, parlamentario.com webguneak biltzen duenez.
2007/03/16
Hiru urte birarik egin gabe eman ondoren Ameriketako zein Europako hainbat herrialde bisitatuko ditu Fermin Muguruzak datozen hilabeteetan. 'Talka Tour 2007' izeneko birarekin eta 'Afro-Basque Fire Brigade' talde berriarekin itzuliko da musikaria. 'Euskal Herria Jamaika Clash' lanaren abestiekin batera abeslari irundarrak musika munduan eman dituen hogeita bost urteetako lan ezagunak ere eskainiko ditu publiko zaletuaren gozagarri.
2007/03/16
Joan den larunbatean plazaratu zen estreinekoz Gaur 8 izenarekin Gara egunkariaren gehigarri berria. Astekari gisa aurkezten den hau, bere izenari jarraiki, ondoko asteari begira dago. Euskara hutsean interneta eta papera uztartzen saiatuko den komunikabidetzat dauka bere burua. Bertan Diasporak atal berezirik izango ez badu ere, Gaur 8ko arduradunek arreta berezia emango diote, Haritz Rodriguez kazetariak, Caracasen jaiotako euskalduna bera, EuskalKultura.com-i azaldu dioenez.
2007/03/16
HABEk eta Bordeleko Euskaldunen Biltzarra euskal etxeak euskara klaseak bultzatzeko
hitzarmena sinatu dute. Joan den asteazkenean, martxoaren 7an, elkartu ziren Bordelen Euskaldunen Biltzarra euskal etxeko eta HABEko ordezkariak. Euskal Etxearen izenean Jean Marc Goyénèche lehendakari berriak sinatu zuten akordioa. Bilera berean HABEk eta erakunde euskal-bordelesak euskara klaseak hobetzeko hainbat neurri aztertu zituzten.
2007/03/16
Bartzelonako Euskal Etxeak Concurs Fotográfic Korrika a Barcelona lehiaketa jarri du abian, AEKren lasterketa euskaltzalea dela eta bertan antolatutako ekitaldien irudiak jasotzeko asmoarekin. Asteartean hasi ziren aipatu ekitaldiok eta martxoaren 24era arte luzatuko dira. Argazki hoberenak 300 euroko saria jasoko du eta irudi hoberenak Euskal Etxean izango dira ikusgai datorren apirilaren 13tik aurrera.
2007/03/16
2007/03/15
Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua, Ana Agirre, bost eguneko bira egiten ari da Mexikon, herri honen eta Euskal Herriaren arteko harreman industrialak sakontzeko helburuarekin. Euskal enpresa askok interesak dituzte Mexikon eta horietako batzuk lantegiak ere jarri dituzte herrialde honetan. Bidaia honetan Agirre euskal enpresariekin eta Mexikoko Industria eta Energia arloko arduradunekin bildu da. Bihar sailburua San Luis de Potosín izango da, Fagor Industrial-en lantegi berria inauguratzeko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus