euskal diaspora eta kultura

2007/03/22
Lanpetuta ibili da FEVA joan den asteburuan Buenos Airesen, argentinar hiriburuko Laurak Bat-en egoitzean egin baititu Ezohiko Biltzar Orokorra, Zuzendaritza Batzordeko bilera eta Euskal Etxeetako buruzagiak trebatzeko komunikazio tailerra. Ezohiko Biltzar Orokorrean Zuzendaritza Batzordeko zenbait kide berritzeko hauteskundeak egin eta, espero zen bezala, aurkeztutako zerrenda bakarrak egin zuen aurrera, gehiengo zabalez. Biltzarrarren ondotik, Zuzendaritza Batzorde berritua bildu zen. Bazkalostean, berriz, komunikazio gaiei buruzko bi eguneko ikastaro-tailerrari ekin zitzaion, Iñaki Aramayo kazetariaren eskutik.
2007/03/21
Datorren apirilaren 26ean 70 urte beteko dira 1937an Hitlerren hegazkinek Gernika bonbardatu zutenetik. Gertaera latz honek oihartzun handia izan zuen eta neurri batean bakearen nazioarteko ikur bihurtu zuen Gernika. 70. urteurrena dela-eta ekitaldi bereziak prestatu dituzte Euskal Herrian, eta munduko euskal etxe asko bilduko dira bakearen aldeko aldarrikapen honetara. La Plata edo Buenos Aires (Argentinan), Montevideo (Uruguain), Santiago (Txilen), Bogotá (Kolonbian) edota Mexiko (Mexikon) dira horietariko batzuk. Estatu Batuetan, San Frantziskoko Basque Cultural Centerrek ere bere ekitaldien berri eman du: apirilaren 17 eta 36 bitartean egingo dituzten mintzaldi, dokumental erakusketa eta haritz baten landaketa, besteak beste.
2007/03/21
Oraindik xehetasun batzuk konfirmatzeke badaude ere, Brasilgo Euskal Etxeak Gernikako bonbardaketaren 70. urteurrenaren ekitaldiei batzeko asmoa agertu du, eta egitarau oparo eta orijinala prestatu. Euskal Etxetik datozen proposamenen artean, hauetxek: Sao Pauloko unibertsitate garrantzitsuenetan mintzaldiak, Gernikan inspiratutako grafitti bat egitea Euskal Etxeko horman, eta herri bazkaria euskal elkartean.
2007/03/21
Udalbide Elkarlan Elkarteak bere atxikimendu eta babesa eskainiko dizkio bihar Bizkaiko Karrantzan hasi eta apirilaren lehenean Iruñean amaituko den Korrikaren edizio berriari. Julian Eizmendi Azpeitiko alkate eta Udalbide eta Udalbiltza ofizialeko presidenteak eta Edurne Brouard eta Mertxe Mujika AEKko ordezkariek hala adierazi zuten atzo Azpeitiko Udaletxean eskainitako prentsaurrean. Udalbidek Korrika-15ean parte hartzeko deia luzatu die herritarrei, euskara 'guztion ondare' eta 'Europako bertako kultur ondasun' gisa aldarrikatuz, 'hiztun izan ala ez'.
2007/03/21
Martxoaren amaieran egingo da aurten Xiru festibala. Jaialdia gazte baina eskarmentuz beterik heldua da 18. ediziora. Ohi moduan elkarretaratzeak Gotaineko eragileak eta sorkuntza uztartzea du helburu eta lurra eta horren jabetzaren inguruko hausnarketa eginez ekingo dio aurtengo
egitarauari. Topagune izan nahi duen ekimenak Gipuzkoa, Paris edota Errumaniako bisitariak izango ditu. Mixel Etxekopar antolatzaileak, bestalde, bere hurrengo proiekturako, Estatu Batuetan pastoral bat egiteko, kide bila dabilela azaldu du.
2007/03/20
'Jose Antonio Agirre: Proiektu kultural bat' izeneko liburua plazaratu du Hamaika Bide elkarteak. Liburuan Jaurlaritzaren aurreneko Lehendakaria izan zenaren lan ez politikoa aztertu nahi izan dute egileek. Horretarako erbestean eta Diasporarekin harremanetan egindako hainbat lan eta ekimenen berri aztertu eta bildu dituzte dituzte argitalpen honetan. Sei egile ezberdinek hainbat alor jorratuta, Agirre lehendakariaren ikuspegi berri bat eman nahi izan dute egileek.
2007/03/20
Venezuelako Diasporako kideak eta gaur egun Euskal Herrian bizi diren venezuelarrak eta beraien semeak bildu eta beraien arteko harremanean sakontzeko aukera izango dute datorren apirilaren 14an Galdakaon, bertan egingo baita XII. Euskal-Venezuelar Topaketa. Simon Bolivar elkarteak antolatzen du zita eta ehun bat lagundik gora biltzea espero dute urteak joan, urteak etorri, euskal venezuelar komunitateko kideak kontaktuan mantendu dituen topaketa honetara.
2007/03/20
Buenos Aires probintziako Cañuelas hiriak inguruetako euskal etxeetako ehun dantzaritik gora hartuko ditu martxoaren 31a eta apirilaren 1ean egingo den I. Dantzari Topaketa Erregionalean. Cañuelaseko Denak Bat Euskal Etxeak antolatu du bilkura, Aberri Egunarekin batera egingo delarik. Bederatzi euskal etxetako dantza taldeek ziurtatu dute jada euren parte hartzea Cañuelas euskal dantzen soinu eta koloreekin beteko duen asteburu honetan.
2007/03/19
Txistuaren soinuak hartu zuen Mexikoko Kontserbatorio Nazionala Euskal Etxearen Mendeurrenaren ospakizun kontzertuan. Entzule asko eta asko emozionatu --eta batzuk harritu ere-- egin ziren, musika tresna honen aberastasuna ikusita. Jose Ignazio Ansorenak gidaturiko bandak entzuleak liluratu zituen Euskal Herriko zazpi probintzietako musika jasotzen zuen programarekin. Kontzertuan zehar une gogoangarriak bizi izan ziren, euskal eta mexikar tradizioak bildu zituen 'Cielito lindo' abestiarekin edota Alberto Carrera Euskal Etxeko koruaren zuzendariaren agurrarekin.
2007/03/19
1757an jaio ziren Pierre eta Marie Bercetche baxenabartarrak eta Argentinara emigratu eta gero munduan zehar barreiatu den oinordekotza zabala izan dute. Horietako multzo polita Baigorrin bilduko da ekainean Pierre eta Marieren jaiotzaren 250 urteurrena ospatzeko. Familiako kideak Argentinan, Frantzia, Euskal Herria, Suitza, Alemania, Uruguai, Estatu Batuetan eta Canadan bizi dira egun, María Mercedes Soerensen Yramendi antolatzaileak Alemaniatik azaldu digunez.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus