euskal diaspora eta kultura

2007/04/11
Kirmen Uribe poeta ondarroarra New York dago egunotan, 'Bitartean heldu eskutik' poema liburuaren ingelesezko edizioa aurkezteko irakurtaldi batzuk eskainiaz. Astelehenean izan zen lehen ekitaldia, Manhattango Teachers and Writers Collaborative elkartearen egoitzan. Astean zehar aurkezpen gehiago egingo ditu Uribek, New York eta inguruko zenbait unibertsitate eta liburudendetan. Poema liburuak Meanwhile Take My Hand izenburua hartu du ingelesez eta euskaratik itzuli du Elizabeth Macklin poeta estatubatuarrak.
2007/04/11
Mexikoko euskal komunitateak ez zion hutsik egin
urteroko Aberri Egunaren hitzorduari, eta aurreko urteetan bezala herrialde honetako hiru eskualdetan bildu ziren Diasporan itzal handia duen jai hau ospatzeko. Mexiko DFko Euskal Etxean ia ehun lagun bildu ziren bazkari batean; Celayan ere talde polita batu zen, ohi bezala Arrano Beltza euskal etxearen egoitzan; Cancunen ere, Karibe aldean, entzun ziren Aberri Egunaren oihartzunak, bertako talde animatu bati euskaldunei esker.
2007/04/10
Giroa, polita, eta bilkura, familia artekoa. Sydney-ko (Australia) 'Gure Txoko' izan da, ohi bezala, munduko euskal etxeetan Aberri Eguna ospatzen lehena, alaitasuna nagusi. Aldea Euskal Herriarekiko, zortzi ordukoa da eta Euskal Herrian eguna argitzeko zenean, Sydneyko euskaldunak bazkalosteko euskal kantu eta dantzetan murgilduak zeuden, akordeoilari baten musika lagun. Bezperako euria kontutan, ohiko Centennial Park-en ordez, aurtengoan Euskal Etxearen egoitzan egin dute Aberri Eguneko egunpasa Australiako hiriburuko euskaldunek.
2007/04/10
Hilabete honetan bertan Gernikako bonbardaketaren 70. urteurrena beteko dela eta, EITBk gertakari historiko horren gaineko infografiak argitaratu ditu bere webgunean. Argazkiak, agiri grafikoak eta bideoak jaso dituzte lan horretan. Horiekin batera, nazioarteko dokumental bat ere eskainiko du ETBk, bonbardaketaren lekuko izan zirenen testigantzak baliatuta. Bonbardaketaren aurretik eta ondoren Euskadiko egoera nolakoa zen azaleratzea du helburu.
2007/04/10
La Habanan ospatu da aurtengoan ere Aberri Eguna. Ehun eta berrogeita hamar bat jende bildu ziren igandean Centro Vasco delako jatetxean, tartean Kuban aspaldi bizi diren euskaldunak, euskaldunen lagun kubatarrak eta egun hauetan irlan turista gisa suertatu diren beste batzuk. Ospakizunari kolore berezia ipini ziotenak, ekitaldian aritu ziren bost bertsolari gazteak eta errepentista kubatarra izan ziren: Unai Muñoa, Ainhoa Agirreazaldegi, Ixue Alberdi, Iratxe Ibarra, Ander Lizarralde eta Emiliano Sardiñas. Eta Haiekin batera jardundako trikitilariak: Alaitz Telletxea, Iker Goenaga eta Maider Urkizu.
2007/04/10
Iazko urte bukaeran Juningo Arbola Bat Euskal Etxeak bere logoa diseinatzeko lehiaketa bat egin zuen, Buenos Aires probintziako iparmendebaldeko Diseinatzaile Eskolarekin batera. Epaimahaiak, Euskal Etxeko eta Diseinatzaile Eskolako kideek osatuta, zortzi proposamenen artean aukeratu zuen irabazlea. Hiru biribil dira hautatutako diseinuaren gakoa, bakoitzak euskal elkartearen alde bat irudikatzen duela: euskal kultura, elkartea bera eta etorkizuna.
2007/04/06
Euskal Herriko gehienek bezala, Aste Santuko bost opor egunok hartuko ditugu aurtengoan BasqueHeritage.com-en (azkenean lau baizik ez). Ez da opor kontuetan Euskal Herri osoan gauza bera gertatzen, Hego Euskal Herrian bost egun baitira, eta Iparraldean asteburua eta Bazko astelehena baizik ez. Bulego nagusia Donostian dugunez, ordea, bertako legeari segitu eta datorren asteartean eutsiko diogu irakurleekin daukagun hitzorduari. Astia emango digu horrek Diasporako zenbait Aberri Egun deialdiekin bat egiteko eta astelehenean ere Sarako Idazleen Biltzarrean egoteko. Ongi pasa egunok.2007/04/05
Aberri Eguneko ekitaldiak hasiak dira jada Argentinan eta lagun eta bazkideak bildu dituen elkarte goiztiarrena Cañuelaseko Denak Bat Euskal Etxea izan da. Hasiberriak dira Cañuelasekoak Aberri Eguna ospatze kontuetan, aurtengoa izan baita euren lehen aldia, baina ezin ukatu gogotsu hasi direla, probintziako dantzariak bildu zituen topaketa egin baitzuten Aberri Eguna ospatzeko. Topaketa joan den asteburuan zehar egin zuten eta inguruetako zazpi euskal etxeetako dantza taldeak bildu zituzten bertan, Cañuelasekoaz gain, giro paregabean.
2007/04/05
Emakumeen Futboleko Euskal Selekzioak lagunarteko partidu bat jokatuko du bihar Argentinaren aurka, Buenos Aireseko Defensores de Belgrano estadioan. Jokalariak jadanik Argentinan daude partidua izango den zelai berdinean entrenatzen. Partida hau iaz Irungo Stadium Gal-ean (Gipuzkoa) jokatu zutenaren buelta izango da. Bertan talde argentinarra atera zen garaile 2-4ko emaitzarekin. Larunbatean euskaldunak Buenos Aireseko euskal komunitateko multzo batekin bilduko dira.
2007/04/04
Europa eta Ameriketako euskal etxe ugarik, eta baita urrunagoko elkarte batzuk ere --Australia eta Shanghaiko euskal etxeek adibidez-- Aberri Eguna ospatzeko deia luzatu diete jada euren bazkide eta lagunei. Diasporan jarraipen handia izan ohi duen jaia da hau eta munduan dauden euskal etxeetako gehienek ekitaldiren bat edo beste egingo dutela esan daiteke. Gehienak asteburu honetan bertan izango dira, Berpizkunde Igandearekin bat --aurten apirilaren 8a--, baina beste batzuk, Txileko Santiagokoak eta Argentina edo Uruguaiko beste hainbat tartean, astebete atzeratuko dituzte ospakizunak. Artikulu honetan deialdion berri ematen dugu.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus