euskal diaspora eta kultura

2007/04/25
Mariana Fernandez Castelli euskal argentinarrak hiru mintzaldi eskaini ditu berriki Seguran (Gipuzkoa) Iparra-Hegoa elkarteak antolatu duen kultur astean. Aste honen helburua euskal herrialde guztien arteko ezagutza eta elkar trukaketa bultzatzea da eta aurtengoan aurreko edizioetan falta izan zaien herrialdea izan da protagonista: 'zortzigarren herrialdea', Diaspora alegia. Argentinara bueltatzerakoan BasqueHeritage.com-ek Mariana Fernandezekin esperientzia honi buruz hitzegiteko aukera izan du.
2007/04/25
Frankfurteko Goethe unibertsitateko Euskal Ikaskuntzen Alemaniako Etxeak hainbat ekitaldi antolatu ditu datozen asteetarako. Lehendabizikoa gaur bertan izango da: euskal sukaldaritza ikastaro bat, Gamarrako Ostalaritza Eskolako bi irakasleek gidatuta. Bigarrena datorren maiatzaren bian izango da, Edorta Jimenez idazlearen eskutik. Jimenez Frankfurten izango da 'Kilkerren hotsa' bere liburuaren alemanierazko bertsioa aurkezteko. Liburu honekin euskal literaturari buruzko bilduma bat hasiko du Pahl-Ruhenstein argitaletxeak.
2007/04/24
Bi egun baino ez dira gelditzen Gernikako bonbardaketaren 70. urteurrenerako eta gero eta euskal etxe gehiagok egin dute bat 1937ko apirilaren 26ean herri bizkaitarra suntsitu zuen bonbardaketa gogoratzeko ekitaldiekin. Euskal komunitate bat dagoen munduko leku gehienetan oroitzapen ekitaldiren bat egingo dutela esan daiteke, tokian tokiko ahalbideen arabera. Gaur bertan, adibidez, Saltoko Euskaldun Taldeak (Uruguaien) gaiaren inguruko mintzaldi bat emango du; ostegunean bertan munduko Euskadiko Ordezkaritzek -- eta euskal etxe asko eta askok-- 'Gernikako adierazpena' izeneko bakearen aldeko testua irakurriko dute.
2007/04/24
Lavallol-eko Euskal Echea ikastetxe argentinarrak kurtso berriari ekin dio eta aurten ere euskal kultura eta euskara ikastaroak eskaintzen ari zaizkie 900 bat haurrei. Duela hiru urte hasi zen euskal kultura ezagutarazteko ekimen hau eta bide berari eusten dio, izan duen erantzuna ikusita. Oraingo honetan Euskal Echea-ko ikastaroak 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduko zaizkie. Ikastaroak bi egoitzatan ematen dira: Lavalloleko Euskal Echea-n, 700 bat haurrei, eta Buenos Aireseko Sarandi kaleko egoitzan, 300 ikasleei.
2007/04/24
Ehunda berrogeita hamar pertsonatik gora bildu ditu Chacabucoko 'Guillermo Larregui' Euskal Etxe argentinarrak urtero antolatzen dituen afari handietako lehenengoan. Bere ekintzen sostengurako eratzen dituen ekimen dirubiltzaile garrantzitsuena dira afari hauek eta 'Guillermo Larregui'ren egoitzean bertan egiten dira, euskal etxeko gazteak zerbitzari. Beraien, gainerako bazkideen eta bertaratutako guztien laguntasuna eskertu zuen Sonia Armendariz zentruko lehendakariak luzatu zituen hitzetan.
2007/04/23
2005 urtean Buenos Aireseko Recoleta Kultur Zentroan aurkeztu zuten 'Euskal aztarna Argentinan. Memoriaren bitartez hezi eta ikasi' erakusketa Argentinako hiriburuan da berriz. Oraingoan erakusketa Eusko Kultur Etxean dago ikusgai, apirilaren 16tik 27a bitartean. Irekiera ekitaldian Pablo Ubierno historialariak mintzaldia eskaini zuen, 'Euskaldunen aztarnetan' izenburuarekin. Asteazkenean euskal inmigrazioa gaitzat hartuko duen antzerki tailerra egingo dute Eusketxen.
2007/04/23
Bilkura berezia egin zuten atzo igandez Australiako Basque Club of North Queensland euskal etxeko euskaldunek Townsville herrian. Larogei bat lagun bildu ziren euskal klubaren egoitzean eta hitzaldi txiki bat, lagunarteko bazkaria eta musika saio bat egin zuten, eguna Gernikako Arbola kantatuz amaitzeko, soinu baten akordeek lagunduta. Bildutakoen artean, Townsville bertako jendeak, 120 kilometro iparraldera dagoen Ingham-ekoak eta baita ehun bat kilometro hegoaldera dagoen Ayr-eko familiak ere. Bertako euskal familietako kopuru esanguratsuak dauka Gernikaldeko jatorria.
2007/04/21
Nevada-Reno Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentruak (Center for Basque Studies, CBS) bere sorreraren 40. urteurrena ospatzen ari da aurten. Hori dela eta ikusgai ipini du lau hamarkada hauetan egindako ibilbidea eta bizitako 'abentura' azaltzen duen erakusketa. Datozen hilabeteetan urteurren ekimen gehiago plazaratuko dituz eta baita etorkizunari begira pauso berriak eman ere, tartean bertako Euskal Liburutegiaren webgune berria.
2007/04/21
Etxepare Euskal Institutua sortu eta arautuko duen Legea onartu zuen atzo Eusko Legebiltzarrak. Erakunde berriak bere gain hartuko ditu lehenagotik Jaurlaritzak zuzenean lantzen dituen hizkuntza eta kultura alorreko zabalpenerako lanak, hala nola, Euskara Munduan porograma eta Unibertsitateetako lektoradoak, eta euskal kulturaren alor desberdinetan (tartean, literatura eta liburugintzan, ikus-entzunezkotan, arte ederretan eta abarrean) Kultura sailaren bitartez eta alorrean alorreko sektoreen laguntzekin egiten diren hainbat ekimen.
2007/04/20
Leire Bilbao idazle gaztearen irakurtaldi poetiko-musikalarekin hasiko da gaur arratsaldean Bartzelonako Euskal Etxeak antolatzen duen EH! Literaldia jaialdiaren hirugarren edizioa. Jaialdia datorren maiatzaren 18a arte luzatuko da eta emakumeek eginiko literatura hartu du aurten ardatz, 'Emakumeen ahotsak/ Veus de dones' izenburuarekin. Datozen egunetan makina bat idazle eta musikari igoko dira Euskal Etxeko taulagainera: Koldo Izaguirre, Iratxe Retolaza, Iban Zaldua, Koruko Heras, Miren Agur Meabe, Julen Gabiria eta Txuma Murugarren, besteak beste.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus