euskal diaspora eta kultura

2007/09/17
Gasteizeko Estadio Fundazioaren egoitzak hartzen du aste honetan zehar egingo den I. Mintegi Zientifikoa, EHUk eta Kobeko Unibertsitateajk antolatuta. 'Erritoak, Jokoak, Jolasak eta Kirola Ekialde eta Mendebaldean: Zerua eta Lurra' da mintegiaren izenburua eta bertan euskal eta japoniar kulturek kirolari buruz dituzten ikuspuntu et aohiturak aztertuko dituzte. Topaketak bi unibertsitateen arteko elkarlanerako lehen pausu bat dira. Mintegiaren arduradunetako bat Joseba Etxebeste (EHU) da, aurreko edizioetan Gaztemundu programako irakasle izan dena.
2007/09/17
Pianojole gipuzkoarrak joan den larunbatean Buenos Aireseko Euskaltzaleak elkartearen egoitzan eskaini zuen Argentina-Uruguain barrena ia hilabetez egingo duen birako lehenengo kontzertua, arrakastaz eta kontent topatu zuen giroagatik. Hamar bat lekutan eskainiko ditu egunoatan kontzertuak, Rosarioko Euskal Astean amaituz, urria hasieran, beti ere Aita Donostia, Ginastera eta Chopin eta Liszt-en piezak eskainiz. Larunbatean estreinatu zuen birako programa, México 1880 kaleko euskal egoitzan.
2007/09/17
Richard Gere eta Liv Ullmann aktoreen bisita izango da aurtengo Donostiako Zinemaldiaren gertakari nagusienetakoa, filmeen artean ikusleak liluratzen dituen harribitxi hori agertu bitartean, behintzat. Bederatzi egunetan zinea izango da nagusi Donostian, Zinemaldiak prestatu duen egitarau mardulari esker. Sail Ofizialeko lehian ariko diren filmeez gain, Zinemaldian bere tartea izango dute Europako iparraldeko zineak; Henry King eta Philippe Garrel zuzendarien lanen atzerabegirakoak edota finantziazio bila dabiltzan 'En Construcción' saileko luzemetraiak.
2007/09/17
Sarean da jada Argentinarako euskal emigrazioaren historia eta oraina aztertzen dituen erakusketaren gaztelerazko bertsioa, munduko internet erabiltzaileen (batez ere Argentinako Diasporako kideen) eskura. Erakusketa 2005ean antolatu zuten Euskal Kultur Erakundeak eta Atlantiar Pirineoetako Kontseilu Orokorrak, euskaraz eta frantsesez. EKEkoek, baina, erakusketaren online bertsioa Argentinako euskaldunentzat eskuragarri egin nahi izan dute, Atlantikoz bestaldetik heldutako eskari eta galderek animatuta.
2007/09/17
Chascomús-eko 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxeak, Buenos Aires probintzia argentinarrean, Zuzendaritza berritu du joan den larunbatean, irailak 15, egina duen Ohiko Biltzar Orokorrean. Agintealdi berria hasiko duen Zuzendaritza Batzorde berriak Maria Laura Eguren dauka lehendakari, eta berarekin batera Teresa Ayerza, lehendakariorde; Pedro Maguregui Larranda, idazkari; eta Graciela Laborde, diruzain, besteak beste.
2007/09/15
Gloria Totoricagüenak, joan den urteko urtarriletik Nevada-Renoko Unibertsitateko (UNR) Euskal Ikasketa Zentroko zuzendari denak, tupustean utzi du bere kargua eta baita Nevada-Renoko Unibertsitatea bera ere, eta bere trasteak erretiraturik datorren astelehenean ez da jadanik bertan arituko. EuskalKultura.com harremanetan jarria da Idahoko Boisen jaiotako euskalamerikar irakaslearekin, xehetasun eske, baina berak nahiago izan du datorren astean plazaratuko den prentsa oharra aipatu, Euskal Herritik kanpo munduan euskal ikasketa zentro garrantzitsuena den honetan gertatutako gorabehera hau bertan behar bezala azalduko delakoan.
2007/09/14
Aurten ere Bartzelonako Euskal Etxeak parte-hartze handia izango du La Mercé jaietan. Bartzelonako zaindariaren jaia egun handia da bertakoentzat eta Euskal Etxeak prestatu ohi du bartzelonarrei eskaintzeko euskal jai berezia. Aurtengo ekitaldiak datorren asteko larunbatean hasiko dira: Txan Magoa, batukada, joaldunak, Alproja antzerki taldea eta Bakearen Aldeko Kontzertua, Betagarri (Euskal Herria), Verdcel (País Valencià) eta La Carrau (Katalunia) taldeekin.
2007/09/14
Euskadiko Orkestra Brasilen zehar egiten ari den bira emozioz beteriko bidaia bihurtzen ari da. Ez bakarrik Sao Paulon eta Santos hirietan eman dituzten kontzertuen harrera onagatik, baizik eta Brasileko bizimodua eta gizartea gertutik ezagutzeko aukeragatik. Asteazken honetan bertan Orkestrako kideak Heliopolis favelan izan ziren, bertako haurrei musika klase bat emateko asmoz. Musika marjinazioaren aurkako arma bihurtzen duen ekimen honek sakonki hunkitu zituen euskal musikariak. Orkestrako kideen kontakizuna ematen dugu jarraian.
2007/09/14
'Lagun Onak' Integrazio Lasterketa Mesedetako Ama Birjinaren omenez Pergamino hirian antolatzen den maratoi erdiaren barneko proba da. Ahalmen berezidun pertsonek parte hartu dezakete Euskal Etxeak antolatzen duen lasterketa honetan. Lagun Onak proba, baina, ez da lehia orokorrean sartzen eta edonork parte hartu dezake, adin eta kategoria mugarik gabe. Lasterketarekin jasotzen den dirua ongintzarako da, Karitas erakundearentzat hain zuzen. Hitzordua hilaren 30ean izango da, Pergaminoko Udal Parkean, 9:00etatik aurrera.
2007/09/14
Kolonbian da Iñaki Agirre Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta bisita luzatu du Bogota-ko Euskal Etxera eta hiri horretako Gernika Parkea ere bisitatu du. Bogotara iritsitakoan egin dioten harreran bertako hainbat erakunde eta elkarteetako ordezkariak bildu dira. Agirre, Ibarretxe lehendakariak datorren urrian Kolonbiara egin behar duen bidaia prestatzen dabil, gero eta harreman sendoagoak eta lankidetza euskal-kolonbiar sakonagoa lortzen ari den ahaleginaren sostenguan. Bestelako hainbat kontaktu burutzeaz gain, Euskal Etxearen egoitza inauguratuko du Ibarretxek aste gutxiren buruan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus