euskal diaspora eta kultura

2007/10/03
Eusko Jaurlaritzako sailburu eta bozeramalea Ipar Irlandara abiatuko da gaur goizean, gazteria eta bake gaietako bi gobernuen arteko lankidetza jorratzeko. Azkaratek
bilerak izango ditu, besteak beste, Ian Paisley ministro nagusiarekin eta Martin McGuinnes ministro nagusiordearekin. Ipar-irlandar eta euskal harremanen arlo honetan, gatazkan dauden gizarteetan mintegia egingo da urriaren 18-20an Euskal Herrian, Arantzazun, Eusko Jaurlaritzak eta Ipar Irlandako Public Achievement-ek antolatuta, Baketik erakundearekin elkarlanean.
2007/10/03
Etengabe ari dira lanean Chivilcoyko Beti Aurreran. Iragan den irailaren 22an, bertako bazkide eta lagunak berriz ere bildu ziren Club Cerámica Argentina elkartean egin zuten afaria jendetsuan. Ikuskizunek eta bi orkestren aire eta doinuek besta eta jai giroa ekarri zioten ordu txikietaraino luzatu zen hitzorduari. Hala ere, biharamunean, oraindik bazuten indarrik Udaberri Eguna ospatzeko eta aurten Rosarioko Euskal Astean izango den Beti Aurrerako dantza taldearen ekitaldi publikoa animatzeko.
2007/10/02
Baiona eta Uztaritze, biak Lapurdin, izango dira IV. Euskal Herria Mugaz Gaindi mintegiaren egoitza. Bertara bilduko dira urriaren 25 eta 26ean Euskal Herria, Argentina, AEB, Frantzia, Espainia, Mexiko, Kanada eta Uruguaitik heldutako ikerlari eta historialariak. Mintegiaren egitaraua ezagutzera eman dute antolatzaileek eta hiru gai nagusi izango ditu: Emigrazioa eta Kultura, Emigrazioa eta Politika eta Itzulerak. Aurten, gainera, mahaingurua egingo dute hainbat herrialdeetako emigrazioaren museoen esperiantziari buruz, Euskal Herrian Diasporaren Museo baten sorrera bultzatu nahian, antolatzaileek EuskalKultura.com-i aurreratu diotenez. Ikertzaile gazteek ere tartea izango dute eta urtero legez, internet bidezko mintegi birtuala egingo dute, azaroan.
2007/10/02
Gaur gauean Xabaltx kantari lapurtarrak emanaldia eskainiko du Londonen, London Basque Society euskal elkarteak eta Free Dimensional Productions-ek gonbidaturik.
Kontzertu honekin Xabaltxek hasiera emango dio Ingalaterra, Gales eta Irlandan zehar egingo duen birari. Bi aste ibiliko da musikari eta kantari lapurtarra errepidean, guztira 10 kontzertu eskainiz. Xabaltxek bere lau diskoetako abestiak aurkeztuko ditu, tartean 'SMS Galduak' lana, azkena eta ezagunena. Lapurtarra bostgarren diskoa prestatzen ari da.
2007/10/02
Pedro Andrés Goizueta eta Lorenza de Latassaren ondorengoek bat egiteko bilkura hilaren 13an izango da La Plata eskualdean, Villa Elisako Cabaña El Rincón kintxoan. Bi nafartarrak oso gazte zirela iritsi ziren Argentinara gerra karlistak zirela eta, bizimodu hobe baten bila, 1833 urte inguruan seguruenik. Ondorengoak hirugarrenez elkartuko dira, aurretik beste bi aldiz bildu baitziren Goizueta Casco adarrekoak 2001. urtean. Topaketa honek ere badu beste asmo bat: abizen bera izanik oraindik familia-loturaren nondik norakoak deskubritu ez dituzten Goizueta deituradun gehiago ezagutzea.
2007/10/01
Hebentik --'hemendik' alegia-- da kultur bizitza zuberotarra biziarazten duen elkarte honen izena. Euren antzerki, kantu eta dantza proposamenek tradizioa dute oinarri, arte garaikidea sortzeko. Zuberoan arte herrikoi eta sorkuntzako gune bat eraiki nahi dute eta helburu horrekin Maule hiriburuko Matalaz karrikan etxe bat erosteko 10.000 euro biltzeko kanpaina jarri dute abian.
2007/10/01
Santa Fe hiriko Gure Etxea elkarteak bostgarren urtez jarraian parte hartu zuen joan den ostegunean Café Literario ekitaldian, kroaziar komunitatearekin batera. Ekitaldia Santa Fe probintziako Kultura Idazkaritzaren egoitzan egin zuten, Argentinar Idazleen Elkartearen babesarekin. Oraingo honetan gaia honokoa izan zen: 'Antzerkia munduan, bere egileak, pertsonaiak eta bere historia'. Euskaldunen aldetik parte hartu zutenak María Carmen Lasarte, Silvia Regoli Roa eta semea, Catalina Villanueva eta Matías Garat Ortiz izan ziren.
2007/10/01
Galiziar Kulturarako Xeito Novo Fundazioak antolatutako ekimena da, 'normalean isilpean dauden kultura eta hizkuntza jardunen hedapenerako', espazio bat sortzearren. Helburu honen baitan, bertako herrien, immigranteen eta immigranteen ondorengoen ordezkariak bilduko dira, baita hizkuntzalariak, akademikoak eta hizkuntzetan adituak diren pertsonal ere, euskera, gaelikoa, galiziera, qom (toba), quichua eta ukraniera ordezkaturik. Biltzarra Urriaren 9tik 12ra artean egingo da Etorkinen Hotel zaharrean, Buenos Airesen.
2007/09/29
Finlandiako Turku hirian egiten ari den bilera orokorrean Migrazioen Europar Elkarteak (AEMI) Eusko Jaurlaritza elkarteko kide gisa onartzea erabaki du. Elkarte honek emigrazio prozesuaren inguruan ikerketak bultzatzen dituzten museo eta erakundeak biltzen ditu. Eusko Jaurlaritza Emigrazioaren Euskal Museoa sortzeko lanetan ari da.
2007/09/29
Villegas-ko Euskaldunak-ek Euskal Etxeari egiten dioten ekarpen baliosa ikusarazi nahi izan die bere dantzariei --guztiak neskak-- eta hala adierazi die ozenki eta jende aurrean, banan bana heien izenak aipatuz: 'Zorionak, guztiei, dantzari bakoitzari, Maite Recarte-ri, Linda Nouveliere, Celina Tellechea, Estibaliz Belloso, Damaris Labarta, Clarita Llamedo Ballari, Karen Suárez, Martina Bernadó eta Agueda Trecco-ri, eta Martina Barroso eta Lara Latorre txikitxuei. Guztien zuzendari, Euskal Etxeko dantzarien irakasle den Nieves Castillo. Zorionak!', adierazi die.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus