euskal diaspora eta kultura

2008/04/18
Euskal Herriko Unibertsitateak bekak eskaintzen ditu UPV-EHUk Latinoamerikako unibertsitateekin edo unibertsitateetan irakasten dituen doktoretzetako ikasleek egonaldiak egin ahal izan ditzaten euskal unibertsitate publiko honetan. Ikasle hauek Euskal Herrira etorri eta euren tesi zuzendariarekin aurrez aurre bildu eta lan egiteko bi egonaldi egin ditzakete. Laguntzen zenbatekoa 900 euro bidaia ordaintzeko eta egonaldiko egun bakoitzeko gehienez 30 euro izango dira. Laguntzak eskatzeko epea hilaren 30ean bukatuko da.
2008/04/18
Euskal Herriko Ahotsak proiektuko Asier Sarasuak eta Badihardugu Euskara Elkarteko Aintzane Agirrebeñak iragan asteazkenean aurkeztu zuten 'Ahotsak.com'. Webgune berria herri bakoitzeko garai bateko euskara ezagutarazteaz gain, euskaldun zaharrek oraintsu arte izan dituzten ohitura eta bizimoduen gordailu eta erakusle ere bada. Arduradunek aipatu dutenez, proiektua elkarte, udaletxe edota kaleko talde edo pertsonei irekita dago, gai honen inguruko lan amankomuna bultzatzeko asmotan. Orain arte 1.218 zinta bildu eta zenbait grabazioen transkripzioak egin dituzte.
2008/04/18
Hilaren 25, 26 eta 27an Tolosan egingo den 'Gipuzkoa Encounter' jaialdiko bigarren edizioak sarearen bidez elkartzeko aukera emango die informatika zale euskaldun eta katalanei, azken hauek 'Lleida Lan Party' ekimena medio. Euskal Herriko eta Katalunia arteko mugak gaindituz, informatika ezagupenak partekatzea ahalbideratuko du bi jai hauen arteko senidetzeak. Gipuzkoako ekitaldiaren kasuan, seiehun bat pertsonek parte hartuko dute Tolosako Usabal kiroldegiko instalazioetan ipiniko dituzten 400 ordenadoreetan. Diseinu grafikoa, musika elektronikoa eta bideo-jolasak izango dira bildutakoek jorratuko dituzten hiru arlo nagusiak.
2008/04/17
Euskal Herriko Unibertsitateak Latinamerika, Filipinak eta AEBetako ikasleen mugikortasuna sustatzeko beka deialdia ireki du. Bekak 2008-2009 ikasturteko kalitate aipudun doktoretzatara sarbidea ematen duten ikerketa masterrak egingo dituzten ikasleei zuzenduak dira. Beka bakoitzaren zenbatekoa 4.500 eurotakoa da eta eskabideak aurkezteko epea datorren maiatzaren 17an itxiko da.
2008/04/17
Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeak ekimenez jantzitako asteburua prestatu du Gernikako bonbardaketaren 71 urteurrena gogoratzeko. Ekitaldiak hilaren 25ean hasiko dira, ostiralean, guda zibileko afitxeen erakusketa batekin eta 'El Bombardeo de Gernika' dokumentalaren emanaldiarekin. Hurrengo egunean, larunbatean, lore eskaintza egingo dute Mar del Platako euskaldunek Gernikako Arbolaren kimuaren aurrean.
2008/04/17
General Rodriguezeko Eusko Aterpea Euskal Etxeak antolatzen duen 'Palabras Mayores' zikloaren jardunaldi berrian Hector Humberto Demichelisek hitzaldia eskaini zuen iragan larunbatean. Herriko bizilagunei euren bizitzari buruz hitz egiteko aukera ematen die zikloak eta Demichelisek 95 urte izanagatik sasoi ederrean dagoela erakutsi zuen, postari bezela egindako lanari buruz hitzeginez. Entzuleak, tartean bere alaba, biloba eta birlobak, oso pozik agertu ziren hizlariak herriko inauterietan edukitako esperientzia dibertigarriak aditzera ematerakoan.
2008/04/16
Bertsoen errima eta doinuak entzungai izango dira maiatzaren 3an Belfasten, bertako euskaldun talde batek antolatu duen Bertso-Dinner jaiari esker. Fredi Paia eta Arkaitz Estiballes bertsolariak arituko dira kantari eta Irlanda eta Eskozian bizi diren euskaldun asko bilduko dira jaira. Oraindik leku gutxi batzuk gelditzen dira, euskal-irlandar jai berezi honetan parte hartu nahi dutenentzat.
2008/04/16
Orain dela apenas bi urte sortua bada ere, Washington DCko Euskal Etxeak AEBetako hiriburuan lan egin eta bizi diren euskal amerikar asko biltzen ditu dagoeneko. Talde anitza da, estatu desberdinetatik heldutako kideek osatua, baina ezaugarri nagusienetakoak partaideen gogoa eta gaztetasuna ditu. Joan den apirilaren 5ean Aberri Eguna giro alaiean ospatu zuten piknik batekin: bertan musika, jaki euskaldunak eta azken orduko 'ezusteko' gonbidatu bat ere izan zuten.
2008/04/16
Herriko agintariak --Liliana Denot alkatea buru--, hezkuntza arlokoak eta euskal etxekoak partaide izan ziren joan den asteazkenean Argentinako Chascomus-en, Eusko Jaurlaritzak bertako Hezkuntza Teknikoko Eskola 1 zenbakidunari eginiko dohaintza ekitaldian. Argentinako bandera eta ikurrinari harrera egin ostean eta bi ereserkiak kantaturik bertaratutako agintari eta ordezkariek hitza hartu zuten, lankidetza laudatu eta makina irits zedin lan egin dutenen ahalegina eskertzeko. Hitzorduaren amaiera gisa Cesar Arrondok Euskal Nazioari buruzko hitzaldia eskaini zuen.
2008/04/15
Mexikora Baztango bailaratik heldu ziren emigranteen ondorengoak Euskal Etxeko talde zalapartatsu eta alaienetakoa dira eta aurten ere Baztango Eguna ospatzeko jai giro ederrean bilduko dira. Hitzordua maiatzaren 1ean izango da, DFko Euskal Etxean, eta Euskal Herriko eta Mexikoko musikariak arituko dira bertan: Patxi Larralde txistulari baztandarra, Luis Antonio Barberena soinujole euskal-mexikarra eta iaz ere jaian izan zen Xarnege talde euskal-gaskoina.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus