euskal diaspora eta kultura

2008/04/24
Santa Cruzeko 'Hegoalde Argentinarra' Euskal Etxeko ordezkaritza bat El Calafaten izan zen joan den larunbatean, Patagoniako hiri honetan euskal elkartea sortu nahian dabiltzan euskaldunei babesa emateko. Euskal etxe berria eratzeko bilerak bertako euskaldun talde mardula bildu zuen eta ekitaldiari bukaera emateko 'Gora Vasco, (milonga de temple y carretilla)' dokumentalaren emanaldia eskaini zuten. Roberto Arizmendiren lan honek Guillermo Larregui, 'El Vasco de la Carretilla' ezizenez ezaguna zen euskal argentinarraren istorioa kontatzen du.
2008/04/24
Gaur zabaldu da epea, inguruan euskal kolektibitateko kiderik gabezia handian edo asistentzia falta larrian daukaten Euskal Etxeek, momentu jakin bateko larrialdi edo egoera areagotu bat arintzen laguntzeko eskabideak egin ditzaten. Epea maiatzaren 26an bukatuko da. Deialdira aurkeztu nahi duten norbanako edo familiek, kide diren Euskal Etxera jo beharko dute eta bertan galdetu. Inguruan Euskal Etxerik ez balego, bizi diren tokitik hurbilen dagoenera jo beharko lukete.
2008/04/24
Iragan abenduan Berri Txarrak euskal musika taldeak 'Zertarako Amestu' dokumentala kaleratu zuen. Atsedena hartuz eta zuzenean kontzerturik eman gabe denboraldi bat egon ondoren, iragan hilaren 4ean emanaldiekin hasi zen berriz ere 'Zertarako Amestu Tour 2008' biraren baitan. Horrela, bihartik hasita, musikariek kontzertuak eskainiko dituzte Suitzan eta Austrian. Sei kontzertu izango dira guztira, Bremgarten, Luzern, Davos, Thun, Zurich eta Bregenz hirietan.
2008/04/24
Euskadiko Ikasleen Orkestrako kide diren 14-18 urte bitarteko gazteek 'gau gogoangarria' eskaini zuten Bruselako Saint Michel Antzokian joan den ostiralean eman zuten kontzertuan, musika, gaztetasuna, talentua, sormena, kultura eta hezkuntza bateratuz. Europar hiriburuan finkatutako euskal komunitateaz gain, Batasun Europarraren aurreko diplomatikoak eta europar herrialdeetako eta belgikar gobernuko ordezkariak izan ziren emanaldian eta Aita Donostia, Mozart, Guridi eta Ginasteraren obrak entzun ahal izan zituzten.
2008/04/23
Euskal Herriko jatetxeak aurreratuz doaz munduko jatetxeen artean. 'Restaurant' aldizkari britainiarrak landutako 'San Pellegrino' ranking atera berriak Andoni Adurizen Mugaritz, Errenterian, munduko laugarren onena izendatu du. Arzak zortzigarren agertzen du, Martin Berasategi 29. tokia mantentzen du eta zerrendan sartzen da lehen aldiz, 44. postuan, Etxebarri, Victor Arginzonizek Axpe-Atxondon duen erretegia. Baina gainera, Iñaki Aizpitartek Parisen gidatzen duen Le Chateaubriand deskubrimendu gisa agertzen da, Subijanaren Akelarre (74) eta Mexiko hiriko Biko --azken hau Bruno Oteiza eta Mikel Alonsok gobernatua-- ere biltzen dituen zerrendan.
2008/04/23
Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak 2008-2009rako master eta ikastaro eskaintza plazaratu du. Aurkezten dituen proposamenen artean Diasporako kideentzako bekak eta laguntzak eskaintzen dituzten batzuk daude, horien artean Euskal Ikasgaien online ikastaroa. Beste batzuk Integrazio Politikoa eta Bateratze Ekonomikoa Europar Batasunean masterra, Ingurumen Zuzenbide masterra eta Nazioarteko Merkatal Zuzenbide masterra dira.
2008/04/23
Margolan lehiaketa bat antolatu zuen iaz Uruguai mailan 'Isusa' enpresak, sortu zela 60 urte bete zirela ospatzeko eta hortik nazioan zehar ibiltari ari den erakusketa bat atera zen. Iaz hasitako erakusketa Colonia departamentuko Carmelo herrira iritsi da orain eta bertako Euskal Etxean --'Ibai Ondoko Etxea' (sic)-- inauguratu zuten joan den ostiralean, intendentea bera, bateko eta besteko indar biziak, artistak eta publiko interesatua partaide bildu zuen ekitaldi batean. Ekimena 'interesgarri departamentuarentzat' aitortu dute eta Carmeloko Kultura Etxearen sostengua jaso du. Maiatzaren bira arte zabalduko ditu ateak Carmeloko Euskal Etxean.
2008/04/23
Joan den apirilaren 8az geroztik La Platako futbolzale gazteek entrenatzeko leku berri bat dute bertako euskal etxearen eskutik: La Platako 'Athletic Club de Bilbao' Futbol Eskola. Bilbotik, talde zurigorriak 'haurren futbol eskolak Athleticen izena erabiltzea ohore bat' dela adierazi dio bertako El Día kazetari. Eskolak 6-15 urte bitarteko gaztetxoak hartzen ditu. Marcelo Zozaya euskal-argentinarra da eskolako futbol koordinatzailea.
2008/04/22
Nafarroako zenbait udaletako euskara zerbitzuek sortutako 'Duzun onena' gidaliburua ume jaioberriak dituzten familiei zuzenduta dago hauen hizkuntza garapenerako aholku batzuk emateko asmoarekin. Ideia haurrei txikitatik euskaraz irakastea denez, bi gurasoak euskaldunak direnean, euskalduna guraso bakarra denean, euskara pixka bat dakitenean edota ez dakitenentzat jarraibideak eskaintzen die eskuliburuak. Ekimenak Euskarabidea Nafarroako Euskararen Institutuaren laguntza jaso du.
2008/04/22
Kolonbiako Kultura ministroa, Paula Marcela Moreno, Euskal Herrian izan da egunotan eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetza akordioa sinatu du bere herriko hizkuntza indigenen garapen eta sustapena bultzatu asmoz. Kolonbian kreolera, romanesera eta hainbat etnia indigenen hizkuntzak ofizialak dira, bakoitza bere eremuan, eta bertako gobernuak Eusko Jaurlaritzak euskararekin egindako lana eredu hartu nahi du sustapen prozesu honi ekiteko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus