2011/11/23

Mariasun Landa idazleak jaso du aurten Dabilen Elea saria, literatura arloan egindako ibilbide oparoagatik. Saria, bere lana aintzat hartzea izateaz gain, euskal haur eta gazte literaturari errekonozimendua ere badela dio Landak, "duela 30 urte pentsaezina zen zerbait". Orduan hasi zen Landa haurrentzako liburuak idazten, bere ikasleek euskarazko ipuinik ez zutela ikusi zuenean, EuskalKultura.com-i aitortu dionez. Bidean, haur literaturaren edertasuna deskubritu omen du, eta berarekin batera munduko milaka irakurlek ere, bere liburuak gaztelaniara, katalanera, galegora, ingelesera, errusierara, bretoierara, arabierara, alemanera, grekerara, albanierara, koreerara... itzuliak izan baitira.
Gehiago irakurri...
2011/11/23

Euskara eta euskal kulturari buruzko tailerra egiten dute Argentinan urte osoan zehar Euskal Echea Institutuko ikasleek. Tailerrean ikusi eta ikasitako guztia eskolaren urte amaierako festan erakusten diete neska-mutilek euren guraso eta senideei eta hezkuntza komunitateari oro har. Buenos Aires hiriburuko Euskal Echea-ko 2011ko Euskal Jaia, azaroaren 19an burutu zen, bi funtziotan, egoitzako Jai Alai aretoan. 'Euskal Herrian zehar' lelopean, zazpi lurraldeetako dantzak egin zituzten Institutuko ikasleek.
Gehiago irakurri...
2011/11/23

Telefono mugikorrentzako etengabe sortzen ari diren aplikazioen artean badira Euskal Herriarekin harremana duten makinatxo bat. Horietako bat da "Basque Country: Cuisine and Culture" delakoa, ingelesez Euskal Herriko 200 bat jatetxeren berri ematen duen gida interaktiboa. Horrez gain, euskal hiztegi bat, menu deskodifikadorea eta pintxoen argazki sorta ere eskaintzen du gidak.
Gehiago irakurri...
2011/11/22

Euskaraz eta Madrilen bizi den euskaldun talde batek egina. Horixe da "Etxetik hurbil" irratsaioaren aurkezpena, hitz gutxitan, Lander Arteaga zuzendariak azaldu digunez. Complutense Unibertsitateko Inforadio irratiaren baitan sortu da saio berri hau eta sarearen bidez mundu osoan entzun daiteke. Astelehenero helduko da "Etxetik hurbil" entzuleengana "Euskal Herritik urrun gauden euskaldunei gure musika eta kulturaren egunerokoa hurbiltzeko asmoz". Lehengo saioaren podcasta eskuragarri da jada sarean.
Gehiago irakurri...
2011/11/22

Hiru emanaldi emango dituzte Bizkaiko 'Simulacro' antzerki taldeko kideek Misiones probintzia argentinarrean azaroko azken asteburuan. Antzezlana eta hitzaldia biltzen dituen ikuskizuna Leandro N. Alem, San Ignacio eta Corpus Christi herri mesopotamiarretan aurkeztuko da azaroaren 24, 25 eta 26an. Hego Amerikako 2011ko bisitan eta Eusko Jaurlaritzak bultatzen dituen Bira Kulturalen baitan, 'Sustraiak' antzezlana jokatuko dute artista euskaldunek.
Gehiago irakurri...
2011/11/22

Caracasko Eusko Etxeak Jazoera berri buletinaren zazpigarren alea plazaratu du, aurrekoak bezala Pedro Javier Arriaga bazkidearen koordinazioa eta edizio lanari esker. Ale honetan Jazoerak Venezuelako ordezkariek azken hilabeteetan izan diren nazioarteko txapelketetan izan duten parte hartzearen berri dakar: Angelun jokatu zen Munduko Mus Txapelketan eta Guadalajaro Pilota Joko Panamerikarretan, hain zuzen. Buletinak Venezuelako euskaldunen historia ikertzen jarraitzen du eta, horrela, ale honek Cumanako Euskal Etxeari buruzko atal berri bat dakar, eta Josune Dorronsoro historialari eta argazkilaritza aditua gogoratzen du.
Gehiago irakurri...
2011/11/21

Madrilgo Atenea argitaletxeak urteak daramatza erdal hiztunei euskal literatura ezagutzeko bidea ematen, Euskal Liburutegia bilduma elebidunaren bitartez. Bildumak 25 izenburu biltzen ditu jada, eta hori ospatzeko eta ezagutzera emateko aurkezpena egin zen iragan asteazkenean Madrilgo Círculo de Bellas Artes aretoan. Bertan izan zen ere Juan Kruz Igerabide poeta, bilduman argitaratutako bere poema liburuei buruz hitzegiteko. Hurrengo egunean bigarren aurkezpen bat egin zen Madrilgo Euskal Etxean, eta abenduaren 15a arte ikusgai izango den erakusketa inauguratu zen.
Gehiago irakurri...
2011/11/21

Bartzelonan euskara ikasle dezente dira eta horietako 170 Euskal Etxearen ikastaroetan aritzen dira hizkuntza hobetzen. Iragan astean euskal elkarteko arduradunek HABErekin klase hauek emateko laguntza hitzarmenta berritu egin zuten eta 2011/2012 ikasturtean 2.100 eskola ordu emateko 22.000 eurotako laguntza eskuratuko dute. Hitzarmena sinatzen euskal etxean izan ziren Lurdes Auzmendi, Hizkuntz Politikarako sailburuordea, eta HABEko zuzendaria, Iñaki Uribe. Ondoren, bertako hainbat ikaslerekin elkartu zen Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta haien kezka, jakin-min eta asmoen berri izan zuen.
Gehiago irakurri...
2011/11/21

Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxean ospatu zen azaroaren 5ean EAJ-PNV alderdiko Argentina Buru Batzarraren sorreraren mendeurrena. Ospakizun egitarauari jarraituz, arratsaldeko 15:00etan Bilkura Orokorra burutu zen Zazpirak Bat Euskal Etxean. Ondoren, 19:00etan, lore eskaintza Sabino Arana Goiriren omenez eta 19:30tan Juan Mari Atutxak "Euskadi, Nación Europea" izeneko hitzaldia eskaini zuen euskal elkartean. Ekintzak Mendeurreneko Afariarekin bukatuko ziren. “Azken bolada honetan Euskadin bizi dugun egoera politiko berriak itxaropen handia dakar eta bide batez, hainbeste oinaze eta atsekabe atzean uzten ditu”, adierazi zuen bere mintzaldian Sabino Arana Fundazioko presidenteak.
Gehiago irakurri...
2011/11/18

Siroka talde euskalduna Udinen, Italiako Friuli eskualdean, izango da gaur, asteburuan zehar bertan egingo den Liet International jaialdian parte hartzeko prest. Jaialdi hau 'hizkuntza gutxituen Eurovision' bezala ezaguna da eta Europako 12 herrialdetako ordezkarik parte hartuko dute bertan. Euskaldunek 'Hi vascofona!' kantua aurkeztuko dute, Eskozia, Irlanda, Frisia, Asturias, Sami, Udmurtia, Ladinia eta beste hainbat naziotako ordezkarirekin lehian. Jaialdia larunbatean izango da eta zuzenean internet bidez ikusi ahal izango da.
Gehiago irakurri...