euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Anjel Lertxundik ekingo dio gaur Guadalajarako Liburu Azokan euskal kulturaren aurkezpenari

2011/11/28

Anjel Lertxundi idazle oriotarra Guadalajarako Liburu Azokan parte hartzen ari da (argazkia ArgazkiPress) Euskal Herriko dozena bat argitaletxe eta kultur ordezkaritza bat Mexikon dira egunotan, Guadalajarako Liburu Azoka ezagunean parte hartzen. Hegoameriketako azoka nagusiena da hau eta iaz egin bezala, Etxepare Institutuak eta Mexikoko Euskadiren bulegoak euskal kulturaren partehartze hau sustatu dute, Euskadiko Editoreen Elkartea eta Euskal Editoreen Elkartearekin batera. Lertxundik gaur bertan emango duen hitzaldiarekin hasiko da euskal partaidetza. Azokaren ondotik Mexiko Hirian Euskararen Eguneko ekitaldietan parte hartuko dute Lertxundik, Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendariak eta erakunde bereko Euskara arduraduna den Mari Jose Olaziregik.

Gehiago irakurri...


Maria Teresa Vallet argentinarrak Ansalas-Aguirrebalzateguitarren zuhaitz genealogikoa sareratu du

2011/11/28

Blogaren irudia Argentina bezala immigrazioak erakiak diren herrialdeetan oso diziplina preziatua da genealogia, eta famili ikerketa da hain zuzen Maria Teresa Vallet euskal-argentinarrak landu eta orain sarean ezarri berria duen emaitza. Vallet-ek birraiton-amonen aurreko eta ondorengoen datuak bildu eta sareratu ditu. Juan Braulio de Ansalas etxalartarrak eta Maria Francisca Aguirrebalzategui oñatiarrak sei seme-alaba izan zituzten Argentinan, hogeita bat biloba, eta hogeita hamabostetik gora birbiloba. Lan hori guztia eta familiari buruzko zenbait jakingarri topa ditzake irakurleak blogera sartutakoan.

Gehiago irakurri...


Oparitu euskaraz Gabonetan: sarean euskal produktuak eskaintzen dituzten webgune zerrenda bat bildu dugu

2011/11/28

Aitunea, sarean euskal produktuak saltzen dituen talde euskal-argentinarra, 'Buenos Aires celebra el País Vasco' azokan izan zen (argazkia Aitunea) Gabonak iristeko hilabete falta bada ere, lagunei edo senitartekoei internet bidez opariren bat erosteko asmoa dutenentzat hauxe da une egokia. Aurreko urteetan egin bezala, euskal produktuak sarean saltzen dituzten webgune eta blog zerrenda bat eskaintzen dizuegu jarraian: batzuk Euskal Herrikoak, beste hainbat Diasporako euskaldunek sortuak. Euskal liburu eta diskoak eskuratzeko denda eta helbide pare bat ere gehitu ditugu, hala nola liburu elektronikoak eta euskal musika mp3ak zuzenean erosi eta jaisteko aukera ematen duten bi webgune berri.

Gehiago irakurri...


Paueko Lagunt eta Maita Euskal Etxeak egoitza berria estreinatuko du bihar, 250 gonbidaturekin

2011/11/25

Paueko Lagunt eta Maita Euskal Etxearen egoitza berria (argazkia Herria-EuskalKultura.com) Kasik mende laurden ibili dira Lagunt eta Maita euskal etxeko kideak egoitza egokiaren bila, baina lortu dute, azkenik: 300 metro kuadroko etxea eskuratu du elkarteak aurten, Paueko Buros etorbidean. Handia da etxea, halakoxea baita Lagunt eta Maitako bazkide taldea: 1967an sortu zen elkarteak 3.000 bat kide ditu. Bihar egingo dute Biarnoko euskaldunek egoitza berriaren estreinu ekitaldia, eta bertan izango dira, besteak beste, Julian Celaya, Eusko Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendaria; Pantxoa Etchegoin, Euskal Kultur Erakundeko zuzendaria; eta Martine Lignières-Cassou, Paueko auzapeza. Herria astekarian Peio Jorajuria lagunak argitaratu duen kronika jaso dugu jarraian.

Gehiago irakurri...


E(r)romak euskal aroma du abenduan, A.C.E. elkarteak antolatu duen musika eta zine jaialdiari esker

2011/11/25

Mursego, Maite Arroitajauregi musikari eibartarrak jaialdiaren itxiera jaian joko du (argazkia foteropanico.blogspot.com) Erromako Associazione Culturale Euskara (ACE) elkarteak eta UPTER unibertsitateko Euskara Sailak "@roma basco-euskara" izeneko kultur jaialdia antolatu dute Erroman. Datorren asteazkenean, azaroaren 30ean, abiatuko da ekimena, eta hiru asteburutan zehar luzatuko da, abenduaren 17a arte. Jaialdiaren baitan egingo diren ekitaldien artean, gastronomia (eta poesia) dastaketak; 'Bertsolari' filmearen emanaldia eta bertsolaritzari buruzko mahaingurua; eta Xabier Montoia, Mursego eta Ibon Rodriguez kantarien kontzertua izango dira.

Gehiago irakurri...


Badator Durangoko Azoka 2011: liburuak, diskoak eta 200 ekitalditik gora abenduaren 4tik 8ra

2011/11/25

Durangoko Azokako antolatzaile taldea aurtengo edizioa aurkezten (argazkia DurangokoAzoka) Hasi dira jada standak prestatzen Durangoko Landako gunean, Euskal Disko eta Liburu Azokaren 46. edizioari hasiera emateko datorren abenduaren 4ean. Bost egunetan zehar Durango Euskal Herriko euskaltzaleen bilgune izango da eta bertan aurkeztuko dira euskal liburugintza eta musika arloko azken nobedadeak: orotara 313 liburu, 63 disko, 23 aldizkari, 9 bideo, 15 liburu elektroniko eta 11 bestelako argitalpen. Kanpoan direnek ere jarraitu ahal izango dute azoka, izan webgunearen bitartez, sare sozialetan edota 'Kulturize' izeneko telefono mugikorrentzako aplikazioaren bitartez.

Gehiago irakurri...


Puerto Madryn-go 'Etorritakoengatik' euskal etxeak parte hartu zuen herriko Kultur Aniztasun Bilkuran

2011/11/25

Euskaldunak Puerto Madryngo V. Kultur Aniztasun Bilkuran (argazkiaEE) Joan den urriaren 15 eta 16an burutu zen Chubut probintzia argentinarreko Puerto Madryn hirian Kultur Aniztasun Bilkuraren V. edizioa. Jaia bertoko 710 zenbakidun eskolako instalazioetan gauzatu zen eta hamar bat gizataldek hartu zuten parte. Jaio berria den 'Etorritakoengatik' euskal etxeko kideek, euskal kolektibitatearen ordezkari, presentzia handia izan zuten jaiaren gunean. Bi estand muntatzeaz gain, dantzariek euren koreografiak aurkeztu zituzten.

Gehiago irakurri...


Bodarin, flamenkoa eta euskal dantza uztartzen dituen ikusgarria, Bordelera ekarri du Eskualdunen Biltzarra EEak

2011/11/24

Bodarin ikusgarriaren irudi bat Anaigazteak dantza konpainiak sortu duen 'Bodarin' ikusgarria erantzun ezinhobea ari da jasotzen, flamenkoa eta euskal dantza lotzen dituen apustu ausartari esker. Cristian Larralde dantzariak eta Maiana Coronado flamenko koreografoak zuzendua, ikusgarri honetan euskal dantzarien eta 'bailaore'en arteko sedukzio jolasa sortzen da; sorginkeria, bideo-emanaldi eta lapurtar Maskarada artean. Heldu den larunbatean Bordelen aurkeztuko dute, Eskualdunen Biltzarra Euskal Etxearen eta Euskal Kultur Erakundearen laguntzarekin, besteak beste.

Gehiago irakurri...


Siroka taldeak bosgarren postua eskuratu zuen Liet International hizkuntza gutxituen jaialdian

2011/11/24

Sirkoa taldeko kideak eta jaialdian parte hartu zuten beste musikari batzuk Udinen (argazkia Sirokataldea.net) Atzera Euskal Herrian dira Siroka taldeko kideak, iragan asteburuan Italiako Udine hirian izan ziren Liet International jaialdian parte hartu ondoren. Europako hizkuntza gutxituen kantu jaialdia da Liet eta aurten Frisia herrialdeko Janna Eijer kantariak irabazi du. Euskaldunek bosgarren postua lortu zuten, 'Hi vascofona!' kantuarekin. Publikoaren saria, aldiz, The Coffeshock Company rap eta hip hop taldeak eskuratu zuen. Euskal Herriko Kantuzale Elkartearen eta Etxepare Euskal Institutuaren laguntza izan zuen Sirokak bidaia egiteko.

Gehiago irakurri...


Oztopoak gaindituta, Macanchingo Euzko Alkartasuna hotelak laster irekiko dizkio ateak komunitateari

2011/11/24

Hotelaren inaugurazioan, Martin Mujica dantzari eta Mirta Mujica trikitilariak ongi etorria eman zioten bildutako jendeari (argazkia Noticias Virtuales Egunkaria) Bi urte pasatu dira Macachingo Euskal Etxeak Euzko Alkartasuna hotelaren kudeaketa bere gain hartu zuenetik. Garaiak ez dira errazak izan baina erakundeko batzorde berriko kideen ahaleginak euren fruituak ematen ari dira jadanik. Joan den azaroaren 18an, probintziako eta herriko agintariak eta Argentinako hainbat euskal etxetako kideak bertaratu ziren Macachinera hotelaren inaugurazioan egotera. Kontzesiodun berria hautatuta eta berritze lanak bukatu bezain laster, hotelak bere ateak irekiko dizkio berriro komunitateari. “Gauza txiki batzuk egin behar dira oraindik, baina oro har gutxi falta da. Asmoa da urte amaieran martxan jartzea”, adierazi diote Euzko Alkartasunatik EuskalKultura.com-i.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia