2011/12/14

Datorren maiatzaren 27an Ibilaldia, Bizkaiko ikastolen aldeko jaia, egingo da Trapagaranen, Itxaropena ikastolak antolatuta. Egun hori kari prestatzen ari diren ekimenen artean ikastolak jaialdiaren abestia aukeratzeko lehiaketa antolatu du, mundu osoko taldeei eta kantariei irekia. Baldintza bakarrak abestia euskaraz izatea eta testuan 'ibilaldia' eta 'ikastola' hitzak agertzea dira. Abestiak bidaltzeko epea urtarrilaren 12an itxiko da eta epaimahaiak aukeratzen dituen bost abestien artean internet bidezko herri bozketa batekin erabakiko da irabazlea. Bestalde, Bergaratik Amodiozko Gutunen XX. Lehiaketaren berri bidali digu Jardun elkarteak.
Gehiago irakurri...
2011/12/13

Asteburuan jokatu dira Bilbon Nazioarteko IV. Pilota Txapelketaren finalak, joko on eta markagailu estuekin. Orohar, euskal selekzioak maila oso ona erakutsi du, eta aipamen berezia merezi dute txapelketako ezustekoa eman duten taldeek: Larrruzko Paletan argentinarrak izan dira irabazle eta Gomazkoan mexikarrak eskuratu dute txapela. Emakumezkoen atalean euskaldunek maixutasuna erakutsi dute; eta baita ere eskuz Waltari kubatar izarrak eta Larrazabal bere euskaldun lagun finak. Txapelketaren balioespena ona da eta antolatzaileen esanetan "jendeak harmailak bete egin ditu eta zenbait naziotako garaileak atera dira txapela buruan".
Gehiago irakurri...
2011/12/13

AEBetako eta Quebec-eko euskal komunitateek gogo biziz ospatu dute aurten ere Euskararen Eguna, Boisen, New Yorken eta Montrealen egindako ekitaldiekin. Gero eta gehiago dira herrialde hauetako euskal etxeetan euskara ikastean ari direnak eta, euskal etxeetako gainerako bazkideekin batera, euskara egun bakarrean ez ezik, egunero ospatzeko eta zaintzeko apustua egina dute. Jaia oso alaia izan zen hiru hiri hauetan: Boisen euskal karaokea egin zuten; New Yorken poesia irakurraldia eta euskal gabon kanta tailerra; eta Montrealen bertsolaritza lantegia.
Gehiago irakurri...
2011/12/13

Mota ugaritako ekimenak egin dira Argentinako euskal etxe askotan abenduaren lehenengo bi asteotan Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu eta 2011ko ekitaldi egitaraua ixteko. Dantzak, sukaldaritza, kirolak, euskara… urtean zehar garatutako ekintzen erakustaldiekin agurtu dute euskal argentinarrek badoan urteari. Euskararen Egunari buruzko bigarren artikulu honetan, Buenos Airesko Laurak Bat, José C. Paz-eko Toki Eder, Villegasko Euskaldunak, Olavarriako Gure Etxe Maitia, San Migelgo Askatasunaren Bidea, Concordiako Ibaiko Izarra, Mendozako Denak Bat eta Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxeetatik heldu zaizkigun berrien laburpena.
Gehiago irakurri...
2011/12/12

Gabonetako ospakizunak eta kirola izan dira egunotan Venezuelako euskal etxeetan nagusi. Carabobo-Valenciako Euskal Etxeak abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, ospatu zuen bere urteroko Gabon Jaia, elkartearen egoitzan egin zen afari jendetsuarekin. Eguneko izarrak euskal etxeko txikiak izan ziren, gabon kanta emanaldi ederra eskaini zuten eta. Joan den larunbatetik, berriz, kirola ari da izaten protagonista Caracaseko Eusko Etxean, bertako frontoietan ari direlako ospatzen Venezuelako XVIII. Joku Nazionaletako pilota partidak.
Gehiago irakurri...
2011/12/12

Saltoko euskal etxe uruguaitarrak ekimenez beteriko 2011 urteari agur esan dio abendu honen lehenengo larunbatean, afari batekin. Elkarteak bere sorreraren 19. urteurrena ospatu du aurten eta bizi bizi dirau, azken hilabeteetan egin dituen ekimen andana ikusirik: berriki, arte tailerreko ikasturte bukaera ospatu zuten, erakusketa eginez, Immigrantearen jaian parte hartu berri dute eta azaroaren erdialdera egin zen Euskal Gaua arrakasta itzela izan da aurten ere. Ekimen horien guztien berri ematen du elkarteak bere blogean; bertatik bildu ditugu argazki hauek.
Gehiago irakurri...
2011/12/09

Mark Ayling kaliforniarra Euskal Herriko kultura eta gastronomiarekin maite mindu zen Donostian irakasle izan zenean eta telefono mugikorrentzako gida aplikazio bat sortu du amerikar bidaiariei Euskal Herria ezagutzen eta gozatzen laguntzeko. “The Basque Country: Cuisine and Culture” izena du gidak eta Ayling-ek EuskalKultura.com-i azaldu dionez jatorriz ingelesez idatzitako gida gaztelaniara eta, ondoren, euskarara itzultzeko asmoa du. Horrez gain lehenengo edizio honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa besterik biltzen ez dituenez, hurrengoetan Nafarroa eta Iparraldea ere sartu nahi dituela aurreratu du. Ayling-ek azaltzen duenez bere asmoa "Espainia eta Frantziako gidetan tarte txiki batean agertzea baino gehiago merezi duen" herriari buruzko ezagutza zabaltzea da.
Gehiago irakurri...
2011/12/09

Aste gutxi dira Argentinako Arrecifes-en, bertako euskal elkarteak, 1921ko azaroaren 20an 'elkarri laguntzeko elkarte' gisa sortu zen 'Euskaldunak Denak Bat'ek, 90 urte bete dituela. Buenos Aires probintzian kokatzen den euskal erakunde honetako partaide den Juan Lucio Agotegaray-k lerro batzuk idatzi eta igorri dizkigu bere bigarren etxea den honen aipatu efemeridea gogora ekartzeko. Nafarroa eta Xiberoko euskaldunen ondorengoa da egilea, bere izaera eta jatorria azkar bizi dituena Arrecifesko euskal etxearen magalean.
Gehiago irakurri...
2011/12/08

Buenos Aires hiriburuko Udala deitzaile eta babesle, eta Espainiako Elkarteen Federazioak antolaturik gauzatu da joan den asteburuan Buenos Aireseko Mayo Etorbidean 'Buenos Airesek Espainia ospatzen du' erakustaldia, abenduaren 3an, eguerdiko 12tik iluntzeko 6ak arte. Buenos Airesko Nafar Etxeko gazteek euren gain hartu zuten jaialdian parte hartzeko konpromisoa eta bi stand ezarri zituzten bisitariek Nafarroako kultura hurbilagotik ezagut zezaten. Horretaz gain, lau koreografia aurkeztu zituzten dantzariek Mayo Etorbideko agertoki nagusian, guztia Nafarroan bertan Nafarroaren Eguna ospatzen ari ziren egun berean.
Gehiago irakurri...
2011/12/08

Dena prest da Berlinen bihar hasiko den Euskal Koreografoen 2. Jaialdirako. Asteburuan zehar Euskal Herriko dantzari eta dantza konpainien azken proposamenak izango dira ikusgai Alemaniako hiriburuan; baina jaialdia hori baino gehiago izango da: poesia ere izango da, Itxaro Borda eta Edorta Jimenezekin; eta zinemak ere bere tartea izango du, 'Apaizak obeto' eta 'Modernist Basque surfing' dokumentalen emanaldiarekin. Mikel Aristegui dantzari donostiarra da jaialdiaren antolatzaileetako bat eta Berlingo Euskal Etxeak ere laguntzen du ekitaldia.
Gehiago irakurri...