euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Keiko Suzuki japoniarra: "Euskara ikastean, nire herriko kutsua aurkitu nuen Europan lehenbiziko aldiz"

2011/12/21

Keiko Suzuki japoniarra Euskal Herrian bizi da orain dela 12 urte (argazkia Argia.com) Keiko Suzukik Filologia Hispanikoa ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean eta ikasketak amaituta bertan geratu eta nafar batekin ezkondu zen. Alaba bikiak izan zituenean euskara ikasteari ekin zion, orain dela hamabi bat urte. Egun, japoniera irakaslea da Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean eta duela urtebete "Maitasunezko oihua, munduaren erdian", Inma Errearekin batera itzulitako eleberria aurkeztu zuen Durangoko Azokan. Argia aldizkariak jarraian laburbiltzen dugun elkarrizketa egin dio.

Gehiago irakurri...


Berasategirekin lan egiteko aukera ematen die Basque Stage programak mundu osoko sukaldari gazteei

2011/12/21

Azken edizioko irabazleak urtarrilean hasiko dira Martin Berasategiren Lasarteko jatetxean lanean (argazkia BasqueStage) Urtarriletik aurrera AEBetan ikasi duten bi sukaldari gaztek, Ruth Selbyk eta Elisha Ben-Haim-ek, sei hilabeteko trebakuntza beka hasiko dute Martin Besarategi sukaldari ezagunak Lasarten duen jatetxe nagusian. Euskal Herriko eta AEBetako gastronomia arloko aditu eta elkarteek sustatzen duten 'Basque Stage' programaren hirugarren bekaren irabazleak dira. Beka honek gastronomia arloko hezkuntza eta trebakuntza sustatzea du helburu, aldi berean euskal sukaldaritza munduan ezagutarazten lagunduz. Mundu osoko sukaldari gazteek parte har dezakete programan.

Gehiago irakurri...


Udako barnetegiaren data, 2012-2015 laurteko euskararen plana eta HABEko azterketak Argentinan

2011/12/21

Trenque Lauquen 2011ko neguko barnetegiko ikasle eta irakasleak (argazkia EuskalKultura.com) Euskara Munduan programaren baitan 2008an hasitako lau urteko proiektua bere amaierara heltzen ari da. Ikasle/irakasle talde honen azken barnetegia Tandil hiri argentinarrean izango da urtarrilaren 21etik 28ra. Ikastaroa bertako Gure Etxea-n burutuko da, HABE, FEVA eta euskal etxea bera antolatzaile. Etorkizunari begira, euskal etxeetan euskara irakasle berriak prestatzeko dagoen beharra aztertzen ari da FEVA. Bide batez, eta azken 20 urteetan Argentinan trebatu direnei zuzenduta, HABEko 1, 2 eta 3. mailako azterketak egiteko deialdia luzatu du Federazioak.

Gehiago irakurri...


2011ko ekintza zikloaren amaiera eta etxe propioaren lehenengo urratsak Hegoalde Argentinarra euskal etxean

2011/12/20

Literatur ikasleak, euskal etxeak antolatutako tailerraren inauguraldian Mota askotako ekintzak garatu dira aurten Patagonia argentinarreko euskal etxerik australenean. Rio Gallegos herriko Discepolín Kultur Etxe eta Artisauen Kooperatibarekin batera, gitarra, literatura eta eskulan tailerrak gauzatu ditu bertoko euskal erakundeak 2011 honetan. Ekimenen artean, paleta txapelketak ere oso arrakastatsuak suertatu dira Argentinako hegoaldean. Horrez gain, eta euskal etxeko kultur arloko arduraduna den Martha Goyheix-ek prentsaurrean jakinarazi legez, bertako ordezkaritza batek Necocheako Euskal Astean hartu zuen parte eta euren etxe propioa eraikitzen hasteko lehenengo pausoak eman ditu etxeko Zuzendaritza Batzordeak: 3 zenbakidun errepidearen ondoan lurra prestatzeko lanak egiten eta alanbratzen hasi dira.

Gehiago irakurri...


Saladilloko Itxaropen Euskal Etxeko lehendakari Hector Altamira 2012rako planez mintzo da bertako prentsan

2011/12/20

Hector Altamira, Saladilloko Itxaropen Euskal Etxeko lehendakaria, Buenos Aires probintzia argentinarrean (argazkia Infosaladillo.com.ar) Saladilloko Itxaropen Euskal Etxeko lehendakariak aurtengo balantzea egin du eta 2012rako planak aurreratu ditu herriko ABC egunkariak islatu dituen adierazpenetan. Hector Altamirak aipatzen duenez pixkanaka baina beti aurrera ari dira euskal etxearen egoitza berriaren lanekin, eta 2012an ez bada, 2013an inauguratuko dira. EEaren dantza taldea berrabiatzea, sukaldaritza eta bestelako ikastaroekin segitzea xede dute berehala hemen den urterako, eta horretan lagungarri izan zaie doaike egoitzaren lanen amaiera progresiboa. Bonoaren zozketaz, eta zozketatzen zuen Euskal Herrirako bidaiaz, 056 zenbakiaren jabe zen Julio Wright-i egokitu zaio.

Gehiago irakurri...


Olentzerok bisita egin die Australiako neska-mutilei, Sydneyko Gure Txoko elkarteak gonbidatuta

2011/12/20

Sydneyko neska-mutilak zur eta lur gelditu ziren Olentzerorekin (argazkia SydneyEE) Jakina da Olentzero abenduaren 24ko gauean ibiltzen dela munduan zehar opariak egiten, baina aurretik ere bisita bereziak egiten dabil han-hemenka, zenbait euskal etxek deituta. Horrela, abenduaren 11an, Australian izan zen, Gure Txoko elkarteak egin zion gonbiteari erantzunez. Sydneyko euskaldunek, urtero legez, Centennial Park delakoan gauzatu zuten hitzordua, eta elkarteko txikiak bertan ibili ziren, estu eta larri, ikazkina noiz agertuko zain. Olentzerok opariak banatu zituen haurren artean eta egun ederra igaro zuten denek, Australiako udako eguraldi ederraz gozatuz.

Gehiago irakurri...


Ibaimusic.com atariak Gabonetan musika oparitzeko eta zuzenean saretik jaisteko bonoak eskaintzen ditu

2011/12/20

Musika taldeei euren kantuak zuzenean saltzeko aukera eskaintzen die Ibaimusic.com-ek Olentzero badatorrela eta aurten ere opariak erosteko berandu zabiltzala? Lasai, www.ibaimusic.com atariak azken minutuan salbatuko zaituen oparia egiteko aukera ematen du, musika bonoei esker. Hamar eurokoa da merkeena eta 50koa garestiena; jasotzen duenak webgunean sartu eta gustukoen duen CDa edo abestiak erosi eta zuzenean deskargatu ahal izango ditu. Aukera ez da nolanahikoa: une honetan 7.000 disko biltzen ditu IbaiMusic-en katalogoak. Diasporari begira jaio zen webguneak taldeei euren musika salgai jartzeko aukera ematen die, eta une honetan Boiseko 'Amuma Says No' eta Argentinako 'Baietz' taldeekin ari dira hizketan, euren musika ere katalogora ekartzeko.

Gehiago irakurri...


Ipar Amerikan euskara ikasi nahi duzula? Naboeuskara.com webgunea da zure abiapuntua

2011/12/19

Aurten lehendabizikoz heldu da Korrika Boisera eta bertan izan ziren inguruetako euskara ikasle eta irakasleak, tartean Boiseko ikastolako haurrak eta euren gurasoak (argazkia NABOeuskaraz.com) Estatu Batuetan zein Vancouver eta Quebec-en euskara ikasleen kopurua igotzen ari da emeki-emeki, NABO euskal etxeen federazioak eta HABEk sustatzen duten programari esker. Euskara ikasleen ahalegina laguntzeko eta herrialde hauetan euskaraz ikasi nahi duen edonori topagune bat eskaintzeko, NABOk www.naboeuskaraz.com webgunea jarri zuen abian uztailean, ingelesez. Webguneak ikasleentzako informazioa, ikasgaiak eta lotura erabilgarriak eskaintzen ditu; badira ere haurrentzako jolasak, ikastaroetako argazkiak, berriak, txata... Izan ere euskara ikasle euskal amerikarrentzako topagune birtuala bihurtu da. Ezagutu nahi dituzu? Abentura honetako parte izan nahi duzu? Zabaldu atea eta aurrera!

Gehiago irakurri...


Euskal musika, dantzak eta historia Argentinan La Platako Villa Elisan burututako Goizuetarren 4. Topaketan

2011/12/19

Haritzaren gerizpean egin zuten Goizuetarrek familiaren argazkia Joan den azaroaren 26an Juan Angel Goizueta eta Gracia Mariezcurrena bikotearen ehun bat ondorengo elkartu ziren Villa Elisako Cabaña El Rincon-en. Laugarren topaketa honetan, 2001. urtetik hona bilaketei esker aurkituz joan ziren Goizueta eta Mariezcurrena senar-emazte nafarren ahaideak bildu ziren; lehenengo topaketa egin zenetik hamarkada pasa eta gero, euskal giroa inprimatu nahi izan zioten antolatzaileek festari. Ikurrinek, euskarak eta Buenos Aireseko Ekin Dantzari taldearen dantzek bermatu zuten Euskal Herriko kulturaren presentzia jaian.

Gehiago irakurri...


Eusko Jaurlaritzak beste 13 beka deitu ditu Gasteiz, AEB, Brusela, Mexiko, Txile, Kolonbia eta Argentinarako

2011/12/19

2011ko Beka deialdiaren gaztelaniazko bertsioa, informazio hau idazterakoan euskarazkoa ez baitzegoen prest Joan den ostiralean orrialde hauetanxe aipatu genituen Gasteiz (2), Argentina (1) eta Estatu Batuetarako (1) lau bekez gain, Eusko Jaurlaritzak beste 13 beka deitu ditu "Kanpo Harremanen arloan profesionalak espezializatzeko" xedez, kasu honetan honako lekuetarako: Gasteiz (4), Brusela (4), AEB (1), Mexiko (1), Txile (1), Kolonbia (1) eta Argentina (1). Honakoan 12 hilabeterako dira, EAEko herritarrak eta euskal etxeetako kideek eska ditzatekelarik. Diru-kopuruari dagokionez, 16.000 eta 24.000 euro arteko hornidura dauka bakoitzak. Eskabideak aurkezteko epea 2012ko urtarrilaren 16an bulatuko da.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia