2011/12/26

North Queensland-eko Euskal Etxeak Eguberri Jai jendetsu batekin itxi zuen 2011. urtea. Ia 130 lagun bildu ziren ekitaldira, tartean Olentzero ere, elkarteko gaztetxoei opariak banatzeko prest. Baina jaiak azken orduko gonbidatu bat ere bildu zuen: euri zaparrada ederra. Australiako bazter honetan ohikoak dira erauntsiak urte sasoi honetan, eta horrek ez zuen jaia zapuztu; are gehiago, elkarteko txikiek ederki pasa zuten putzuetan plisti-plasta! Madrilen, bestalde, Euskal Etxeko txikiek ere Olentzeroren bisita jaso zuten, hona ekarri dugun bideoan ikus daitekeen bezala.
Gehiago irakurri...
2011/12/26

Venezuelako hiriburuko Eusko Etxearen 'Jazoera' buletinak aldarte baikorrarekin eta berriez jantzitako abenduko ale batekin esan dio agur. Buletinak berak islatzen duenez, ekimena sustraitu egin da euskal komunitatearen baitan eta datorren urterako ere gogotsu ageri dira Jazoerako kolaboratzaile eta lagunak. Azken ale honetan Venezuelako euskal komunitatean azaroan eta abenduan egin diren ekimenen berri dakar hilabetekariak, aipatuz, esaterako, Eusko Etxean jokatu ziren Venezuelako Pilota Joko Nazionalak, Bizkaiko Abokatuen Elkargoko Koruaren bisita eta Gabonetako afariak Caracasen eta Valencian. Ate joka daukagun urte berrian urtean, gehiago!
Gehiago irakurri...
2011/12/26

Bertako euskal bizitzan garrantzizkoak izan diren bi ekintza gauzatu dira abenduan Buenos Aires probintziako Pehuajoko Etxe Alai euskal etxean. Batetik, erakundeko batzordekide den Hilda Gorri Arresek euskal kulturari buruzko 'Saski Naski' liburua aurkeztu du elkartearen egoitzan. Bestetik, eta aipatu liburuaren aurkezpenaren ondoren, Dora Mercedes Scarcella Mignaburu lizentziatuak Euskal Herrian, 2011ko Gaztemundu Bekan bizi izandakoak konpartitu zituen Etxe Alaira bildutako lagunekin. Hitzaldiak bukatuta, pintxoak eta edariak partekatu zituzten.
Gehiago irakurri...
2011/12/23

Heldu da aurtengoan ere Eguberria. Larunbat honetan Gabon gaua eta igandean Eguberria izango dugu eta urtero bezala sasoin honetan, asko izan dira azken egunotan jaso ditugun mezu eta agiantzak. Datozen lerroetan emango dugu horien berri, aldi berean aukera baliatzen dugula geure irakurle eta lagunei, eta Euskal Herriko eta munduko euskaldunen familia osoari zorionak eta agiantza onenak bidaltzeko. Mila esker hor egoteagatik eta etengabeko harreman hau zeuen presentzia eta laguntasunarekin elikatzeagatik. Besarkada bero bat!
Gehiago irakurri...
2011/12/23

Iragan urriaren bukaeran Diasporako 30 neska-mutil gazte etorri ziren Euskal Herrira, gehienak lehenengo aldiz, Gaztemundu trebakuntza programan parte hartzeko. Bi astetan zehar euren arbasoen lurra ezagutzeko aukera izan zuten, eta euskal etxeen kudeaketari buruzko trebakuntza ikastaroa burutu zuten. Azaroaren 2tik 5era, ostera, Donostian egin zen Euskal Gizataldeen 5. Batzarrean mundu osoko euskaldunak ezagutzeko aukera izan zuten. Orain etxean bueltan dira eta bizitako esperientziari buruzko hausnarketa egin dute euretako batzuk, EuskalKultura.com-ek eskatuta.
Gehiago irakurri...
2011/12/23

Abenduaren 1ean ireki zituen bere ateak Argentinako hiriburuan 'Eusko Gudariak' Jateko Etxeak. Montserrat auzoan kokaturik, 'Eusko Gudariak'-ek Euskal Herriko plater tipikoak eskaintzen dizkie bere bezeroei, tartean, txipiroiak tintan, marmitakoa, saltsa berdeak eta Pirinioetako hainbat mokadu. Jatetxea astelehenetik larunbatera dago irekita, iluntzeko 8etatik 12ak arte. Euskal Herriko sukaldaritza dastatu eta giro euskalduna gozatu nahi baduzu, Buenos Aireseko Hipolito Yrigoyen kaleko 1400. zenbakian oso aukera polita izango duzu, diote jatetxeko nagusiek.
Gehiago irakurri...
2011/12/22

Bigarren urtez antolatu du aurten Tucuman probintzia argentinarreko Yerba Buena herriak bertako Gizataldeen Azoka. Abenduaren 3an izan da eta iazkoan bezala, honetan ere anitz kolektibitatek hartu zuten parte jaialdian, tartean gizatalde andaluziar, alemaniar, boliviar, japoniar, arabiar, sardiniar, piamontear, friuliar, veneziar, laziar eta argentinarrak, euskaldunekin batera. Festa, herriko Marcos Paz Plazan egin zen, eta eguraldiak gehiegi lagundu ez bazuen ere antolatzaileek adierazi dute 2.500 bat lagunek bisitatu zituztela azokako standak.
Gehiago irakurri...
2011/12/22

Idahoko Boise State Unibertsitateak (BSU) Euskal Ikasketa Programaren zuzendaritza postua bete nahi du. Horretarako euskal ikasketa arloan eskarmentua duen Historian lizentziatu baten bila ari da. Beharrezkoa da irakaskuntzan esperientzia izatea eta ingeles maila altua izatea. Euskara, gaztelania edo frantsesa ezagutzea kontuan izango da. Kontratuak urtebeteko iraupena izango du baina berriztagarria izango da. Boise State University-k 2005ean sortu zuen Euskal Ikasketa Programa eta 2007an Euskal Ikasketa Zentroa inauguratu zuen. Programak babes handia du Idahoko euskal komunitatean eta hazten ari da urtetik urtera.
Gehiago irakurri...
2011/12/21

Gaurko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu du Eusko Jaurlaritzak Euskal Etxeentzako 2012. urteko diru-laguntzen deialdia. Oraingo honetan deialdi honetarako gorde diren diru baliabideak orotara 1.234.667 eurokoak dira. Deialdira biltzen diren programa eta jarduerak 2012 urtean gauzatu beharko dira eta abenduaren 31rako amaitu beharko dira. Eskabideak aurkezteko epea 2012ko otsailaren 29an bukatuko da.
Gehiago irakurri...
2011/12/21

Gaur San Tomas da, jai egun seinalatua askorentzat Euskal Herrian, gabon merkatua bisitatu eta txistorra jateko ohitura tarteko. New Yorken, joan den asteburuan ospatu zuten. Izan ere, arrakastatsua izan zen oso Brooklyneko Eusko Etxean larunbatean egin zen jaia, eta jende andana bildu zen bertara. Olentzero ere bertaratu zen eta haur eta guraso asko erakarri zituen, eta haiek alde egin zutenean gazte jendeak hartu zuen lekukoa; goizaldera arte luzatu zen Santo Tomas eguneko besta eta ospakizunekin. New Yorkeko Txikito jatetxeak jarri zuen sagardoa eta Errioxako ardoa, Iban Ubarretxenak Olentzeroren bizarra, eta elkarteko kideek eta lagunek ondo pasatzeko gogoa. Argazki sorta honetan ikus daiteke eguneko giroa.
Gehiago irakurri...