2013/06/12

Bi berri datozkigu Argentinako Cordoba probintziako Rio Cuarto-tik. Batetik, Río Cuartoko Rotary Club-ek ohorezko aipu batez errekonozitu du bertako Gure Ametza Euskal Etxea, 'Reconociendo Colectividades' (gizataldeak aitortuz) izeneko diploma emanez. Bestalde, eta aurrekontua berdintzeko ahaleginak oro gutxi direnez, Gure Ametzako sukaldari bolondresek janaria prestatu eta salduko dute igande honetan euren egoitzan, izan ere EEan egiten ari diren obrak ordaintzen laguntzeko. 450 ano paella jarriko dituzte salgai.
Gehiago irakurri...
2013/06/11

Frankfurteko Goethe Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura irakurletzak makina bat jarduera egin ditu ikasturtean zehar. Egindako lanari amaiera biribila emateko beste bi ekimen abiatu ditu lektoretzak: batetik, dagoeneko martxan dagoen euskal zinema emanaldia; eta, bestetik, Alemanian egin den lehendabiziko Euskarazko Literatura lehiaketa. Herrialde honetan bizi diren euskera ikasleek parte har dezakete; lanak bidaltzeko epea ekainaren 28an amaituko da.
Gehiago irakurri...
2013/06/11

Euskal erakunde berri bat sortzen ari dira Quilmes hiriko euskal gizataldeko ordezkariak eta, bide horretan, izaera juridikoa lortzea eta komunitateari begirako ekintzak antolatzea hartu dute helburu 2013rako. Euskal Etxeak abian du dagoeneko Zuzendaritza Batzordea eta, honek deiturik, I. Euskal Kultur Jardunaldia antolatu du datorren ostiralerako, ekainaren 14a, hiriko Udaletxean, Eduardo Erdozain eta Luis Luquez hizlari.
Gehiago irakurri...
2013/06/10
Xamarren “Vascos. Su lengua a través de la historia" liburua eskuratzeko zozketaren epea astebete luzatu dugu, ekainaren 16 arte. Oroitu galdera bat proposatzen genizula: Zer da zuretzat euskaldun izatea? Zure iritzia jakin nahi dugu. Erantzunak, email bidez, iruzkin bidez edo Facebook bidez bidal fitzakezu. Zozketan parte hartzeko, ez ahaztu zure datuak erantzunaren amaieran ipintzea, bestela irabazle atera ezkero ez baitugu zurekin harremanetan jartzerik izango.
Gehiago irakurri...
2013/06/10

Bihar bertan izango da Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxean erakundeak antolatutako Zine Tailerreko bigarren elkarretaratzea. Deialdia 8 eta 12 urte bitarteko neska-mutikoei dago zuzenduta, honako helburuz: umeek ikus-entzunezko hizkuntza ezagutzea eta hortik abiatuta euren lanak sortzea. Eskolak astean behin dira, euskal etxearen egoitzan, Leandro Rovere koordinatzaile. Zazpirak Bat-ek jakinarazi digu, bestetik, Idoia Goñi eta Mikel Agirre EHUko geografia irakasleen bisita jaso duela euskal etxeak.
Gehiago irakurri...
2013/06/10

Zintzurra txakolinarekin bustitzeko aukera ederki baliatu zuten ia 600 newyortarrek iragan ekainaren 2an, Txikifest jaiaren hirugarren edizioaren baitan. Txikito euskal jatetxeko jabeak --Eder Montero eta Alex Raij-- orain hiru urte hasi ziren festa hau antolatzen, txakolina hiri honetan ezagutzera emateko, eta arrakasta itzela izan du ekimenak. Aurten, Bizkaiko Foru Aldundiaren sostenguarekin antolatu zen jaia eta ia 700 botila edan ziren. Bertan bildutako ia 10.000 dolarrak "Sanctuary for Families" GKEarentzat izango dira.
Gehiago irakurri...
2013/06/07

Euskara eta euskal kultura irakatsi nahi al dituzu atzerrian? Zer iruditzen, adibidez, Alemaniako edo Irlandako unibertsitate bateak jardutea? Etxepare Euskal Institutuak herrialde horietan hiru euskara irakurle hautatzeko deialdia argitaratu berri du. Alemaniari dagokionez, Frankfurteko Unibertsitatean 2013-2014 ikasturterako da lanpostua, eta Konstantzako Unibertsitatean, 2013-2014 eta 2014-2015erako. Irlandako Cork University-ren kasuan, lan-eskaintza hiru ikasturterako da: 2013-2016.
Gehiago irakurri...
2013/06/07

Igandean inauguratuko da Buenos Aires probintziako Pergaminon Gernikako Bonbardaketaren erakusketa ibiltaria. Bertako Lagun Onak Euskal Etxea antolatzaile, erakustaldia Mitre Geltokiko Nasa Ohiko Museoan burutuko da eta ekainaren 14 arte egongo da ikusgai. 15ean, ostera, hiriko San Nicolas oinezkoentzako kalean zabalduko da. Programaren baitan, Euskadiren Argentina-Mercosur-erako Ordezkari Sara Pagolaren bisita jasoko dute Pergaminoko euskaldunek ekainaren 14an.
Gehiago irakurri...
2013/06/07

35 urtetik beherako musikari gazteei zuzenduriko saria deitu du Euskal Herriko Unibertsitateko Mikel Laboa Katedrak. Sariak kantari donostiarraren izena du eta bertan parte hartu nahi duten artistek euskarazko kantu bat aurkeztu beharko dut, "Doinua hitz, hitza doinu" gaia ardatz hartuta. Kantak aurkezteko epea irailaren 16ean amaituko da. Irabazleak 3.000 euroko saria eskuratuko du; orobat katedrak 1.000 euroko bi akzesit emango ditu.
Gehiago irakurri...
2013/06/06

Jakiberri (I+D+i) ikerkuntza egitasmoak euskal 'fast food' janaria, baina osasungarri eta naturala sustatzea eta zabaltzea du helburu. Horretarako, lehenik eta behin ideiari berari izena jartzeko beharra ikusi du egitasmoak eta, hori dela eta, lehiaketa bat abiatu du. Partehartzaileek “Healthy Basque Fast Food” (Euskal Janari Azkar Osasuntsua) kontzeptua euskarara itzuli behar dute. Deiturak noski, gogoraerraza eta erakargarria izan behar du. Proposamenak, nahi adina, internet bidez bidali behar dira ekainak 28a baino lehen eta irabazleak 600 euro jasoko ditu. Jakiberrik EuskalKultura.com-i baieztatu dionez, Diasporako euskaldunek ere parte har dezakete lehiaketan.
Gehiago irakurri...