2013/09/25

Ekintza ugari antolatu ditu datozen hilabeteetarako Buenos Aires probintzia argentinarreko ‘Villegasko Euskaldunak’ euskal etxeak. Batzuk ohikoak eta beste batzuk proposamen berriak, gonbidatu berezien eskutik. Datorren larunbatean, irailaren 28an, esaterako, Pintxo Lehiaketa egingo du, La Platako Lazkao Tabernako Jose Boccardo chefa epaimahaikide. Urriaren 4an burutuko den mintzaldia, berriz, Norma Riosek eskainiko du hiriburuko Iparraldeko Euskal Etxearen izenean. Bestetik, eta egoitza berriaren zorua amaitzeko, Laguntza Bonoak jarri ditu salgai Gral. Villegaseko euskal etxeak.
Gehiago irakurri...
2013/09/24

Ez dago Estatu Batuetako mapetan, baina joan den larunbatean egon zitekeen, eskubide osoz. Donibane Garazi ehundaka euskal amerikanoen biltoki bilakatu zen larunbat egun osoan, Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak deiturik antolatzen den honelako zortzigarren hitzorduan. Euren bizitzetako parte bat AEB Mendebalean artzain pasatutakoek elkarretaratu eta kontu kontari ibili ahal izan zuten, aspaldi ikusi gabeko lagunak agurtuz eta elkarren berri banatuz. Emozioa eta egitate euskal-amerikarraren aldarri isila izan ziren, beste behin, egunaren ardatzak.
Gehiago irakurri...
2013/09/24

Egun batzuetako kontua baino ez da izango, baina iragan igandetik eta bihar arte euskaldunen ondorengo bat, Aurelio Iragorri Valencia, izango da Kolonbiako presidente. Iragorri Kolonbiako Barne Ministroa da egun eta, Santos presidentea AEBetan bidaia ofizialean dagoen bitartean, haren funtzioak hartu ditu bere gain. Kolonbiatik eman digute honen berri Iragorri familiako zenbait kidek. Politikarako joera ei dago sendi honetan, eta Iragorriren aita, Aurelio Iragorri Hormaza, senadorea da (eta Bogotako Euskal Etxeko kidea). Amaren aldetik ere badatorkio politikari sena, bere aitona, Guillermo Leon Valencia, Kolonbiako presidente izan baitzen.
Gehiago irakurri...
2013/09/24

Aurten ere bilduko dira Argentinako euskal etxeetako gaztetxoak FEVAk antolatutako Ume Topaketan. Jaialdiaren XVI. edizioa goiz-goizetik hasiko da ordezkaritzen harrerarekin eta arratsaldean zehar luzatuko da jolas, txapelketa, musika eta dantzekin. ‘Agur’ esateko momentuan, Eusko Kometak aireratuko dituzte ume eta laguntzaileek eta norberaren euskal etxeko oroigarriak eskuratuko dizkiote elkarri. Topaketa datorren larunbatean, irailaren 28an, izango da, Llavallolgo Euskal Echea Eskolan eta 4 eta 15 urte arteko umeei dago zuzenduta.
Gehiago irakurri...
2013/09/23

Amaitu da 2013ko Gaztemundu eta etxean dira dagoeneko trebakuntza ikastaro honetan parte hartu duten Diasporako 15 lagunak. Euretako asko laster hasiko dira baliatzen egunotan landutakoa eta euskal musika tresnak jotzen irakasten euren euskal etxeetako bazkideei: txistua, panderoa, alboka, trikitixa... Euskal Herrian eman dituzten bi asteak bizi-biziak izan dira: klaseak, entseguak, emanaldiak, bidaiak, lagunak... Nola laburbildu hainbeste bizipen? Jarraian, Gaztemundu 2013ko argazki kronika, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak utzitako irudiei esker.
Gehiago irakurri...
2013/09/23

Buenos Aires hiriak Immigrantearen Eguna ospatu zuen atzo eta hirurogei bat gizatalde izan ziren festako protagonista. Jaialdia Tres de Febrero Parkean burutu zen, hiriko Planetario ondoan, eta zenbait proposamen gastronomiko eta kultural eskaini zitzaizkion publikoari eguerditik iluntzera. Buenos Aireseko euskal kolektibitateak ez zion hitzorduari huts egin eta beste hainbat banderarekin batera ikurrinaren koloreak ikusi ahal izan ziren taula zein standetan. Bi erakundek ordezkatu zuten Euskal Herria: Ekin Dantzari Taldeak eta Laurak Bat euskal etxeak.
Gehiago irakurri...
2013/09/23

Urriaren 7tik 14ra bitartean New Yorken eskainiko den programak saio akademikoak zein zabalkundekoak eta sozialak biltzen ditu, hiriko Eusko Etxea elkartearen Mendeurrena ospatzeko. Batetik Bernardo Atxaga Katedraren eskutik CUNYn (City University of New York) egingo direnak, bestetik Euskal Herria Mugaz Gaindi (EHMG) mintegiarekin Columbia Unibertsitatean eta Eusko Etxean egingo direnak; eta azkenik, festa ekintza sozialagoak, tartean kantaldiak, piknika, saio instituzionalagoak, euskal meza bat St Patrick katedralean edota Columbus Day-ko kabalkadan euskal talde gisa parte hartzea. Urkullu lehendakaria eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusia ekitaldiotan izango dira.
Gehiago irakurri...
2013/09/20

Emaitzen eguna da gaurkoa. NABO Ipar Ameriketako euskal elkarteen federazioak argitaratutako 2014ko egutegiak Estatu Batuetara (2), Argentinara (2) eta Euskal Herrira abiatuko dira. Partehartzaileak, berriz, hiru herrialde horietakoak eta Mexiko, Txile, Brasil, Frantzia, Kolonbia, Kanada, Espainia, Italia, Alemania, Ingalaterra eta Uruguaikoak ere izan dira.
Gehiago irakurri...
2013/09/20

Mexikon jai egun handia de Independentziaren Aldarriaren eguna delakoa eta aurten Euskal Herrian bizi den euskalmexikar talde batek bazkaria antolatu du festa ospatzeko. Iragan irailaren 15ean bildu ziren Gordexolako jatetxe batean, eta giro aparta izan zuten, bertan izan zen Maitena Jaureguik azaldu duenez. Mexikotik beste ekitaldi baten berri ere heldu zaigu: astelehenean, irailaren 16ean, DF-ko Euskal Etxean bildu ziren Athletic Peña-ko kideak, San Mames berriaren inaugurazioa ikusteko. Gazte asko bertaratu zen eta giroa alaia eta koloretsua izan zen. Azkenik, atzo Euskal Etxean Guerreroko uholdeetan kaltetuak izan direnak laguntzeko elikagaiak bildu zituzten.
Gehiago irakurri...
2013/09/20

La Platako Unibertsitate Nazionaleko Gogoetarako Euskal Katedra Askeak hamar hitzaldiko ziklo bat antolatu du urriaren 1 eta 2an. Saioak arratsaldeko 6etatik aurrera burutuko dira, hiriko Abokatuen Elkartean eta ‘Euskal erakundeak eta kultura’ izango dute gai nagusi. Euskal Herriari buruzko gaietan aditu den talde bat arduratuko da mintzaldiak emateaz. Izena emateko epea irekita dago eta ekintza doakoa da.
Gehiago irakurri...