euskal diaspora eta kultura
2016/01/21
Seattle-ko The Cloud Room tabernako barman Jay Kuehner-ek euskal sagardoaz eta mescalarekin –Maguey landare mexikarretik eratorritako alkoholdun zukua– sortutako 'Txiki Manzana' koktela 2015eko edaririk onenen zerrendan sartu du The Seattle Times egunkari estatubatuarrak. “Hiriko tragorik onena?”, galdetu dio bere buruari Kuehnerrek, EuskalKultura.com-ekin hizketan. “Batek daki, baina ziur egon koktel hau eskatzen duen lagun taldea zaratatsua eta atsegina dela”.
2016/01/21
Floridako Legebiltzarrak hasi berriak ditu Tallahassee-n (estatuko hiriburuan), aurtengo aurrekontuak zehazteko bilerak. Jai Alairen etorkizuna mahai gainean dago, beste hainbat gaien artean, baina “baikor” daudela adierazi dio EuskalKultura.com-i Mercedes Mendive aktibistak, Fernando Lejardi pilotari erretiratu berriaren emaztea ere badenak. “Ongi aterako da dena, baina badugu oraindik zer borrokatua”. Otsail amaiera arte iraungo dute bilerek.
2016/01/19
San Sebastian eguneko festa hasteko ordu gutxi batzuk baino ez direla falta, Diasporako danborradak inoiz baino protagonistago izan dira aurten. Izan ere, atzo, Donostiako Udalak eta DSS2016 Fundazioak danborradei egin zuten ekitaldian merezitako errekonozimendua jaso baitzuten euskal etxeetako danborradek. Necochea, Madril, Buenos Aires, Bahia Blanca, Mexiko eta Bartzelona aipatu zituzten, baina omenaldia munduan zehar donostiarren festa zabaltzen duten danborrada handi zein xume guztientzako izan zen.
2016/01/19
Iruñeko Civivox Condestablearen aretoetan eginiko ekitaldi batean Eusko Ikaskuntzak 2015eko ENE Saria --bere ikurra den Nestor Basterretxearen estatuatxoa-- eman zion atzo Erromako Associazione Culturale Euskara (ACE) elkarteari, euskararen eta euskal kulturaren alde hiriburu italiarrean urtetan eginiko lan onagatik. ACEren izenean Alex Mendizabalek eta Roberta Grazzik jaso zuten saria, Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakariaren eskutik.
2016/01/18
Erromako Associazione Culturale Euskara euskal etxeak Eusko Ikaskuntzaren ENE saria jasoko du gaur Iruñean, eta elkarteko Alex Mendizabalek sari horrek elkartera ekarri duen poza azpimarratu dio EuskalKultura.com-i 2015 urtearen balioespena egiterakoan. "Saria ACEri eman diote, baina euskara.it plataformaren inguruan Erroman euskal kulturan musutruk lanean ari garen guztiontzako da. Viviana, Roberta, Marcello, Maurizio, Dario…" "Inoiz mintzatu beharko ginateke euskaldun izan ez eta euskararen alde lan egiten duen jendearen kontribuzio erraldoiari buruz", adierazi du ACEko eledunak.
2016/01/18
Diasporako euskaldunek aurrea hartu diete Donostia eta Azpeitiko danborradazaleei eta San Sebastian eguna ospatzen hasiak dira dagoeneko. Pariseko Euskal Etxeak larunbatean egin zuen afaria, eta New Yorkeko Euzko Etxeak igandean, biak ala biak danborrada eta guzti. Bihartik aurrera munduko beste hainbat euskal etxe ere bilduko zaizkie ospakizunei: Madril, Bartzelona, Montreal, Mexiko, Lima, Valladolid, Shanghai, Londres eta Necochea (azken hau astebeteko egitarau zabalarekin), besteak beste.
2015/12/31
Euskaltzaleok eta Laurak Bat, Valentzia hiriko bi euskal etxeak, elkarlan emankorrean dihardute azken urteotan eta horren emaitzetako bat da Diasporaren Gutunen Lehiaketa. Aurrekoetan erantzun oso ona izan du lehiaketa honek eta aurten hirugarrengoz antolatu dute bi elkarteek. Lehiaketa parte hartu nahi duten guztiei irekita dago, bereziki munduko euskal etxeetan euskara ikasten ari direneei.
2015/12/31
Desioak eskatzeko garaia da hau, eta zergatik ez eskatu bidaia bat Euskal Herrira? Argentinako Arrecifestik, eskaintza Euskaldunak Bat Euskal Etxeko erreferente den Mariana Domine Irigoyenen eskutik datorkigu eta proposatutako hamazazpi eguneko ibilbidea tentagarria da. “Esperientzia ederrak biziko ditugula segurtatuta dago, bidaia Bilboko Aste Nagusi garaian egingo baitugu” azaltzen du Dominek, "pesotan eta kreditu txartelaz ordain daitekeela" emendatuz.
2015/12/31
Gabon eta Urte Berri garaia dela eta mezu idatzia bidali die Urkullu lehendakariak munduko euskaldunei, nazioartean zehar 25 herrialde eta 189 euskal etxe harrapatzen dituen euskal sarea osatzen duten norbanako eta elkarteei. Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez idatzitako mezuak, zorionak eta urte berria opa izateaz gain, 'diasporizatzera' deitzen du eta baita elkarri laguntza ematera ere, harreman-zubiei eutsiz, eskerrak emanik munduko euskaldunei euren Euskal Herriarekiko ekarpenagatik.
2015/12/30
Iragan abenduaren 12an Olentzero Badator izeneko festa handia antolatu zuen Bruselako Euskal Etxeak, euskal mitologiako ikazkinari ongi etorria eman eta Gabonen hasiera ospatzeko. Ekitaldi hau egiten duten laugarren urtea da eta giro bikaina izan zuten; lagun asko animatu baitziren Bruselako kaleetara atera eta gabon-kantak abestera. Ondoren, afaria egin zuten eta dantza eta janari artean hasi zituzten Eguberriak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus