euskal diaspora eta kultura

2007/03/07
Zergatiak ez dira oraindik eman aditzera, eta informazio hau idazteko tenorean --goizaldeko bostak, Euskal Herriko ordua-- ez dago Eusko Jaurlaritzan iturririk egoeraren xehetasunak baieztatzeko, baina Mexikoko Euskal Etxeak premiazko ohar batean kaleratu duenez, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak Mexikora, Mexiko hiriburuko Euskal Etxearen Mendeurreta zela-eta, egin behar zuen bidaia bertan behera gelditu da. Horrekin batera, baita ere larunbat honetako plaka 'desestaltze' ekitaldia. Ez, ordea, Mendeurrenaren gainerako hitzorduak.
2007/03/07
Eusko Jaurlaritzak Aitor Sotes, orain arte SPRIko Estatu Batuetako zuzendari izan dena, AEBetako Euskadiko Ordezkari izendatu zuen atzoko Gobernu Kontseiluan. Arlo ekonomikoko lizentziaduna Euskal Herriko Unibertsitatean, Sotes-ek (Donostia, 1973) eskarmentua dauka Ipar Ameriketako industria eta ekonomia munduan eta zenbait urtez bizi izan da Chicagon. Orain Illinois estatua utzi eta New Yorkera aldatu beharko du, Etxeorratzen Hiria izango baita Eusko Jaurlaritzak bere Ordezkaritza estatubatuarra zabaltzeko hautatu zuen hiria, bulego zabaltze lan hori Sotesen lehentasun bilakatuko delarik datozen hilabeteotan.
2007/03/06
Guztia prest da Mexiko DFko Euskal Etxean martxoaren 10etik 18ra garatuko den Euskal Etxearen Mendeurren ospakizun programaren hasierarako. Aurretik iragarritako bilera, plaka desestaltze eta Kontzertuari, martxoaren 16an Donostiako Txistulari bandarekin antolatutako elkarretaratzea eta igandean egingo den kalejira gehituko zaizkio. Bisita ofizialak, kontaktuak eta industria alorreko egitaraua ere izango ditu Ibarretxek. Ordezkaritza artistikoari buruz, 'Euskal Herri osoko piezak joko ditugu, txistuarekin zenbat gauza egin daitezkeen erakusteko', adierazi dio EuskalKultura.com-i Jose Ignazio Ansorena txistulari banda donostiarraren zuzendariak.
2007/03/06
Hego Hemisferioko opor edo bakantza egunak bukatuta, Argentinako 'Euskaltzaleak' --euskara irakasten erakunde eskarmentuduna, 1944an helburu jakin horrekin sortu baitzen Buenos Airesen-- prest dago dagoeneko beste urte batez euskal hizkuntza eta kultura zabaltzen hasteko, edo segitzeko. Datorren astelehenean abiatuko dituzte aurtengo euskara klaseak, lau mail desberdinetan, eta Euskara eta Euskal Kultura Lantegi bati ere ekingo diote. Klaseekin batera, 'giro gazte eta euskaltzalea' eskaintzen duen elkarte honek toki berria moldatu du interneten eta, oraindik aurkeztu ez badu ere, abian jarria du sarean.
2007/03/06
Bere Zuzendaritza Batzordeko kideak berritu egin ditu Misiones probintzia argentinarreko Posadas hiriburuko 'Euskal Jatorri' Euskal Etxea gazteak. Bertan ekile eta langile fin dabilen Marta Sarasola emakumea izango da agintealdi berrian elkarteko presidente, Zuzendaritza Batzordeko lagun dauzkala, besteak beste, Edgard Urrutia, presidenteorde; Horacio Ochoa, idazkari; eta Hilda Lazcoz, diruzain. Euskal Etxeak urrats sendoz garatu nahi duen programa anbiziotsua finkatu du, elkartea sendotu eta hazteko.
2007/03/06
Interneteko web orrialde batek doaneko programak jaisteko aukera ematen die sareko erabiltzaileei, tartean genealogiari eskainitako hiru programa: GenealogyJ, GenoPro eta Personal Ancestral File. Argentina, Estatu Batuak edota Australia bezalako herrialdeetara emigratu zuten euskaldunek atal berriak zabaldu zituzten euren familien historietan. Geroztik nazio berri horietan sustraituta, euren zuhaitz genealogikoak irauli polita eman die arbasoek anartean bizitutakoari. Aipatutako genealogia programek laguntasuna ekartzen diote bere familiaren historiaren hariari tiratu nahi dion euskaldunari.
2007/03/05
Joan den azaroan hasi zen Stanford Unibertsitate kaliforniar entzutetsuan egiten ari den lehendabiziko Euskal Kultura Ikastaroa. Hogei bat ikaslek jarraitzen dituzte klaseak eta gustura dabiltza alde teorikoa eta praktikoa batzen dituen programarekin: historia, euskara, literatura, kirola, gastronomia edota euskal dantza hasi-masiak ikasiz adibidez. Estatu Batuetako euskal komunitatearen ohiturak ezagutzeko aukera ere izan dute, San Frantziskoko Basque Cultural Center-en 25. urteurreneko jaialdian parte hartuz.
2007/03/05
'Euskaldunen Argentina-L'Argentine des Basques' erakusketa sarean ikus daiteke, Argentinara joandako euskal emigrazioari buruzko material ugari biltzen duelarik. Erakusketa 2005ean estreinatu zen eta Iparraldeko Euskal Kultur Erakundeak (EKE) eta Pirineo Atlantikoetako Kontseilu Orokorrak antolatu zuten, Euskal Argentina eta Nafarroa Behereko Museoak lagunduta. Orduan erakusketa ikusteko aukera izan ez zutenek sarean ikus dezakete orain, euskara eta frantsesezko bertsioetan. Etorkizunari begira, EKEk gazteleraz ere eman nahiko luke, Argentinako interesatuek ere balia dezaten.
2007/03/05
Berritzen ari dira Buenos Aires probintziako hiriburuko Euzko Etxearen trinketea eta egokitzen Nazioarteko Pilota Federazioak dauzkan arauetara. Zaharberritze lanak otsailaren 15ean hasi ziren eta apirilaren erdialdean amaituta egotea aurreikusten da. La Platako euskal etxearen eraikin barnean kokatzen da aipatu trinketea, zaletasun maila esanguratsua biltzen duen inguru batean. Besteak beste bertatik telebista bidezko partida transmisioak egiteko moduan utziko da kirol instalazio zaharberritua.
2007/03/04
Paraná-tik emititzen duen 'Presencia Vasca' irratsaioko eta herri argentinar bereko Urrundik Euskal Etxeko lehendakaria da eta urrats garrantzitsua eman du, oraingoan bere bizimodu profesionalean. Izan ere 'lege zina' egin berria du Carlos Federico Borras Alcain-ek Entre Rios-eko Justizia Epaimahai Gorenaren osoko bilkuraren aurrean eta ondotik eta aurrerantzean abokatutzaren jarduera askeari ekingo dio Paranán bertan irekia duen bulegoan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus