euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Irekita dago Ikasi! 2007 euskal kultura ikastaroan izena emateko epea; doan, ekainean eta Renon izango da

2007/03/15

Ikasi! 2002ko ikasleak (argazkia EuskalKultura.com) Nevada-Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studiesek (CBS) Ikasi! 2007 ikastaroaren datak ezagutzera eman ditu: ekainaren 6tik 8ra izango da, Renon. Ikastaroak euskal kulturan sakontzeko aukera emango die euskal amerikar komunitateko kideei eta arlo honetan interesa dutenei. Jardunaldietan euskera, historiaurrea eta euskal mitologia, euskal dantzak, literatura edo genealogia bezalako gaiak landuko dira, besteak beste.

Gehiago irakurri...


Joseba Tapiaren kontzertuak hasiera emango dio gaur Bartzelonako Korrika katalanari, hilaren 24an bukatzeko

2007/03/14

Bartzelonako Euskal Etxeak Korrika 15 dela eta antolatu dituen ekitaldien kartela Beste behin ere Bartzelonako Euskal Etxeak ekitaldi programa mardula osatu du Korrika, AEKk antolatzen duen euskararen aldeko lasterketaren edizio berri bati harrera egiteko. Ospakizuna gaur bertan hasiko da, Joseba Tapia trikitilariak emango duen kontzertuarekin. Ondotik, eta datozen bi asteetan zehar, kontzertuak, lehiaketak eta euskararen egoeraren inguruko mintzaldiak egingo dituzte, hilaren 24an 'Korrikaren Eguna'rekin bukatzeko. Bertan Korricursa --Korrikaren bertsio euskal-kataluniarra--, herri bazkaria eta Ene Bada taldearen kontzertua izango dira dastagai, besteak beste.

Gehiago irakurri...


Madrilgo Euskal Etxeak Korrikarekin bat egingo du lehendabizikoz, 'Madrilen ere Korrikaren alde' lelopean

2007/03/14

Haur Txokoko umeak izango dira Madrilgo Korrikaren protagonista (argazkia Madril EE) Bere historian lehenengo aldiz Korrikaren bisita jasoko du aurten Madrilgo Euskal Etxeak. Korrika Helduen Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak (AEK) antolatuko lasterketa herrikoia da, erakunde honentzat dirua bildu eta euskararen aldeko aldarrikapena egiten duena. Oraingoan, Madrilgo Euskal Etxeak Diasporako beste elkarte batzuen eredua jarraitu eta bere Korrika txikia antolatu du martxoaren 24rako. 'Lasterketa antolatzea posible izan bada Haur Txokoko umeen gurasoek jarri duten gogo eta lanagatik izan da', azaldu dio EuskalKultura.com-i Zuriñe Fernandez Euskal Etxeko euskara irakasleak.

Gehiago irakurri...


Buenos Aireseko Laurak Bat Etxeak bere 130. urteurrena ospatu eta lau ikasgela berri zabaldu zituen atzo

2007/03/14

Pablo Favrat dantzariak eskaini zuen ohorezko aurreskua atzo Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxean (arg. BasqueHeritage.com) Buenos Aireseko Laurak Bat Euskal Etxeak 130 bete zituen atzo eta urteurrena ospatzeko egitarau berezi bati ekin zion, erakundeko hainbat bazkide eta lagun partaide. Ekitaldiak arratsaldeko zazpi t'erdietan hasi ziren Montserrateko Amaren elizan eginiko mezarekin eta haren aurrean dagoen Euskal Etxera pasatu ziren ondotik. Bertan, lau euskara ikasgela inauguratu, bildutakoei euskal egoitzako beste obra abantxu amaituen emaitzak erakutsi eta, azkenik, egunari lagunarteko afari batekin ezarri zioten bukaera karia hortarat batu ziren larogei bat lagunek.

Gehiago irakurri...


Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak Euskara lektore bat kontratatu nahi du 2006-2007 ikasturterako

2007/03/13

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak egin du deia Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak (UAB) euskarako lektore bat kontratatzeko deialdi publikoa egin du. Irakasle berriak Unibertsitateko Euskara Sailak ematen dituen ikastaro eta aktibitate batzuen ardura hartuko du eta apirilean hasiko da lanean. Eskatzaileak Euskal Filologia lizentziatuak izan behar dute edota EGA agiria edo antzeko titulazioa izan. Eskaerak aurkezteko epea martxoaren 23an itxiko da.

Gehiago irakurri...


Eusko Ikaskuntzak Genevako Unibertsitatean Hezkuntza alorrean deitu duen bekarako epea etzi amaituko da

2007/03/13

Genevako Unibertsitatea, Suitzan Eusko Ikaskuntzak beka deialdia egin du Genevako (Suitza) Unibertsitateko Psikologia eta Hezkuntza Zientzietako Fakultatean ikerketa burutzeko. Aipatu bi erakundeen arteko akordioaren ondorioa da deialdia. Bekak Hezkuntza Zientziekin loturiko ikerketak lagunduko ditu, eta haien barruan hizkuntzak eskuratze eta ikaste prozesuek arreta berezia jasoko dute. Doktoreak eta tesiak oso aurreratuak dituzten doktoregaiak izango dira beka jasotzeko hautagaiak. Laguntzak ikasturte osoko edota ikasturte erdiko iraupena izango du eta hileko 2.116 euroko kopurua. Eskabidea datorren osteguna --martxoaren 15a-- baino lehen aurkeztu beharko da

Gehiago irakurri...


Mintzaldiak, erakusketak eta musika Hiru Erreka Euskal Etxea ostiraleraino egiten ari den Emakumearen Astean

2007/03/13

Hiru Erreka Euskal Etxeko Zenbakaitz irratsaioa, Andrea Elgart kazetariak zuzendua Hiru Erreka Euskal Etxea, Argentinako Buenos Aires probintziako Tres Arroyos hirian, Emakumeei eskainitako astea ari da bizitzen egunotan, Emakumearen Nazioarteko Hilabetea ospatzen dela eta. Euskal Etxeak antolatuta, aste osoan mintzaldiak, erakusketak eta kontzertuak ari dira egiten elkartearen egoitzan, helburu argi batekin: 'emakumeari bizi kalitate hobea eta espazio propioa lortzen laguntzea'.

Gehiago irakurri...


'Barikuetako Afaria' gastronomia taldeak arrakastatsu ekin die 2007ko saioei Caracaseko Eusko Etxean

2007/03/13

Brotxetak prestatzen Barikuetako Afarirako Eusko Etxean (Pedro Javier Arriaga argazkia) Venezuelako hiriburuan euskal komunitateko talde tripazain batek egin ohi duen 'Barikuetako Afaria'k ikasturte berria hasi du martxo honetan. Hain zuzen ere, taldeak Caracaseko Eusko Etxean ostiraletan afariak antolatzeari berrekin dio, aurtengo lehena joan den 2an. Koldo Ruiz de Aguirre, Iñaki Mendizabal, Xavier Coscojuela eta José Córdoba aritu ziren sukaldari lanetan eta berrogeita hamar bat pertsonentzako janaria prestatzea egokitu zitzaien.

Gehiago irakurri...


Renoko CBS-ek bildu zuen Euskal Ipuin Antologiak nazioarteko bideari darraio, oraingoan edizio italiarrarekin

2007/03/12

Euskal Ipuin Laburren Antologiaren italierazko bertsioaren azala 2004. urtean Mari Jose Olaziregik eta Linda Whitek Renoko Center for Basque Studieserako egindako euskal ipuin laburren bilduma arrakasta polita izaten ari da nazioartean, ingeles, euskara, gaztelera --bidea orden honetan izan baitzen, bitxia bada ere-- eta errusiarrez argitaratua izan delarik. Azken bertsio italierazkoa da, Gran Via Edizioni argitaletxearen eskutik, eta, besteak beste, Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Harkaitz Cano, Arantxa Iturbe edo Anjel Lertxundiren ipuinak italiar irakurleengana eramango ditu. Mari Jose Olaziregi eta Sergio Muniz idazlea Italian izango dira aste honetan liburua Milango Unibertsitatean aurkezteko.

Gehiago irakurri...


Euskal literatura modan dago Italian: Ixiar Rozasek bere azken lana aurkeztuko du Erroman hilabete bukaeran

2007/03/12

Ixiar Rozas idazle eta poeta lasartearra Euskal ipuin laburren antologiaren aurkezpenaz gain, euskal literaturak beste hitzordu bat izango hilabete honetan Italian. Ixiar Rozas idazle eta poeta lasartear gaztearen eskutik heldu da hitzordua Erroman hilaren 29an, bertako euskal elkarte Associazione Culturale Euskarak (ACE) antolatuta. Bertan Rozasek bere azken lana aurkeztuko du, 'Negutegia' eleberria, eta euskal literaturari buruzko mintzaldia ere emango du.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia