euskal diaspora eta kultura

2007/04/16
Parana hiritik astero aireratzen den 'Presencia Vasca' irratsaioak, uhinetan egindako 17 urteak ospatu berri ditu, saioko lagun eta kolaboratzaileak bilduz bi orduko 'irrati ireki' emanaldi batekin. Saio berezia Federico Borras esatariaren hitzekin hasi zen, Mikel Ezkerro kolaboratzailea alboan zuela. Raúl Alcain, saioaren sortzailea ere bertan egon zen, 94 urte beteta baina beti bezain gogotsu, saioaren hasierako urteak gogoratuz.
2007/04/14
Amelia, Gabriel Arestiren alarguna, eta poetaren alaba Lyonen izan ziren joan den ostegunean 'Gabriel Aresti' izenarekin bataiatu duten Cervantes Institutuko liburutegiaren inaugurazio ekitaldian. Henrike Knörr euskaltzainak eta Jon Kortazar, Euskal Herriko Unibertsitateko Literatura katedradunak euskal kultura eta Arestiren lanaren inguruko mintzaldiak eman zituzten. Lyongo Cervantes Institutuak poeta bilbotarraren lanen fondo berezia sortu du eta antologia bat argitaratu, euskaraz, frantesez eta gaztelaniaz.
2007/04/13
Buenos Aireseko Nazioarteko Liburu Azokak ateak irekiko ditu astelehenean, azken 30 urteetan betetako hitzorduari helduz. Azoka maiatzaren 7ra arte luzatuko da eta aurtengo nobedadeen artean euskal kulturak izango duen tarte garrantzitsua aipatu daiteke, liburu aurkezpen, mintzaldi, liburu sinatze eta dantza eta musika ikuskizunekin. 33. edizio honetan Juan de Garay Fundazioaren parte hartzeari FEVA eta Eusko Jaurlaritzarena batuko zaizkio.
2007/04/13
Bideak agentziak --euskaldunentzako bidaietan eta Diasporako kideentzakoetan espezialdua dagoen agentzia-- uda honetarako euren sustraiak aurkitu nahi dituzten Estatu Batuetako gazte euskal amerikarrentzako bidaia programa berezia antolatu du. Bidaiak uztail eta abuztuan izango dira eta gazteek Euskal Herria ezagutu eta bisitatu ahal izango dute, euskara landu eta euskal kulturaren protagonistakide diren idazle, kirolari eta artistetako batzuekin harremandu. Egonaldiak 2, 3 edo 4 astekoak izango dira, eta prezioak luzeraren arabera aldatuko dira, 1.485 euro 15 egun edota 3.069 euro hil osoa, ostatu eta jarduera guztiak barne.
2007/04/13
Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordea berritu du Argentinako Patagonian, Rio Negro probintziako San Carlos de Bariloche hiriko 'Mendiko Euzko Etxea' euskal erakundeak, barne araudiak markatutakoari segituz. Ondorioz, Castor Leopoldo Garate da agintaldi berri baterako Euskal Etxeko lehendakaria, eta besteak beste berarekin batera ari dira batzordekide Hector Graña, lehendakariorde; Ana Torrontegui, idazkari; Electra Larrañaga, idazkariorde; Juan Carlos Odeon, diruzain; Maria Ines Garate, diruzainorde.
2007/04/13
Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordea berritu du Argentinako Patagonian, Rio Negro probintziako San Carlos de Bariloche hiriko 'Mendiko Euzko Etxea' euskal erakundeak, barne araudiak markatutakoari segituz. Ondorioz, Castor Leopoldo Garate da agintaldi berri baterako Euskal Etxeko lehendakaria, eta besteak beste berarekin batera ari dira batzordekide Hector Graña, lehendakariorde; Ana Torrontegui, idazkari; Electra Larrañaga, idazkariorde; Juan Carlos Odeon, diruzain; Maria Ines Garate, diruzainorde.
2007/04/12
Buenos Aireseko Defensores de Belgrano estadioak hartu zuen joan den ostiralean Euskadi eta Argentinako emakume selekzioak bildu zituen partida. Bi taldeak elkarren kontra jokatzen zuten bigarren aldia zen eta berriz ere Argentina izan zen garaile, 4-2 emaitzarekin. Galdu arren pozik agertu zen Sebastián Martija Euskadiko entrenatzailea. 'Euskadiko selekzio bat Ameriketara jokatzera ateratzen den lehen aldia da', esan zion BasqueHeritage.com-i, 'horregatik partida historikoa da guretzat'.
2007/04/12
Joan den Bazko Astelehenean Sarak Euskal Herri osotik heldutako idazle eta irakurzaleak bildu zituen, Sarako Idazle Biltzarraren 24. edizioan. Euskal Kultur Erakundeak eta Sarako Turismo Bulegoak urtero antolatzen duten ekimena huts egin ezineko hitzordua bihurtu da Iparraldeko euskal kultura munduan eta aurten 142 egile, 26 elkarte eta 17 argitaletxek parte hartu zuten bertan. Lau liburu berrien aurkezpena, Burp dokumentalaren emanaldia eta oro har Sarako Biltzarraren ezaugarri den egile eta irakurleen arteko lagunarteko giro konplizea izan ziren eguneko alde adierazgarrienak.
2007/04/12
Buenos Aires probintzia argentinarreko Las Flores herrian Euskal Etxeko Ohiko Biltzar Orokorrak bi urteko agintealdi berrirako hautatu du berriz ere Graciana Goicoechandia herriko alaba, erabateko gehiengoz emakumeek osatzen duten zerrenda bakarreko buru. Goicoechandiarekin batera arituko dira Mónica Garmendia, lehendakariorde; Nilda Ecay, idazkari; Lucía Maliani Arrazubieta idazkari bigarren; Mónica Arrazubieta diruzain, eta Marta Urrizaga, diruzain bigarren.
2007/04/11
Kirmen Uribe poeta ondarroarra New York dago egunotan, 'Bitartean heldu eskutik' poema liburuaren ingelesezko edizioa aurkezteko irakurtaldi batzuk eskainiaz. Astelehenean izan zen lehen ekitaldia, Manhattango Teachers and Writers Collaborative elkartearen egoitzan. Astean zehar aurkezpen gehiago egingo ditu Uribek, New York eta inguruko zenbait unibertsitate eta liburudendetan. Poema liburuak Meanwhile Take My Hand izenburua hartu du ingelesez eta euskaratik itzuli du Elizabeth Macklin poeta estatubatuarrak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus