euskal diaspora eta kultura

2008/02/20
Konplizeak Jabier Muguruza abeslari eta idazlearen lan berria da. Diskoko kantak aurkezteko Katalunian lau eguneko bira egingo du bihartik igandera bitartean L´Hospitalet de Llobregat, Lleida, Tarragona eta Cornellá de Llobregaten. Berarekin batera Angel Unzu kitarjolea eta Mireia Otzerinjauregi kantaria arituko dira. Ondoren, Tolosan, Atarrabian, Gasteizen eta Sestaon arituko da euskal musikaria.
2008/02/20
Kolonbiako Minuto de Dios Unibertsitateak eta Bogotako Euskal Etxeak lankidetza hitzarmena sinatu dute kooperatibismo eta garapen ekimenak sustatzeko asmoz. Helburu horrekin datozen hilabeteetan Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Mondragon Unibertsitatearen babesa lortzen saiatuko dira. Horrez gain, bi elkarteek HABErekin batera unibertsitatean euskara eta Euskal Ikasketak zabaltzako ekimenak ari dira garatzen.
2008/02/19
Euskal Kultur Erakundeak aurtengo ekitaldien egitaraua ezagutzera eman du. Erakundeak gogotsu ekingo dio urteari, are gehiago DRAC-ek, frantziar estatuko kultur zuzendaritza erregionalak, bere diru kontu eta funtzionamenduaren inguruan eskatutako auditoriak emaitza bikaina izan duenean. Ikerketak EKE Iparralden duen onarpena agertu du eta bere ekimen egitarau oparoa gauzatzeko behar duena finantziazio gehiago dela garbi adierazi du.
2008/02/19
Beka hau Euskal Ikasketen arloan adituak diren ikertzaileei zuzendua dago. Urtetik urtera bekaren ikerketa arloa aldatuz doa eta aurten Teknozientzia eta Informazio Zientzietan zentratuko da. Beka honen aurreko edizioa Bernardo Atxagak jaso zuen eta aurtengo ikasturtean Renoko Unibertsitatean dabil euskal idazlea, bere lan berrirako ikerketa egiten. Eskabideak bidaltzeko azken eguna apirilaren 1a da.
2008/02/19
Euskal txotxongiloek protagonismoa eduki dute egun hauetan N. Delhiko (India) Txotxongilo Jaialdiaren VI. edizioan. Izan ere, Taun Taun eta Teatro Paradiso konpainiek espainiar estatutik eta Portugaletik ekarritako beste 350 txotxongilorekin batera euren lanak aurkeztu zituzten esposizio batean. Iberiar penintsulako txotxongiloen ibilbide historikoa erakusteko jaitako ekimen hau Tolosako Ekinbide Etxeak (CIT), Atzerriko Ekintza Kulturaleko Sozietate Estatalak (Seacex), Indira Gandhi National Centre for the Artsek (Ignca) eta Ishara Puppet Theatre Trustek antolatu dute. Izan ere, XVIII. mendetik hasi eta gaur egungo sortzaileen obrak biltzen ditu.
2008/02/18
Hilaren 25ean hasiko da Lleidan Animac'08 Nazioarteko Animazio Jaialdia eta mundu osoko artistek hitzordua hartuko dute bertan. Partehartzaileen artean euskal talde zabala izango da aurten: Judas Arrieta Txinan eginiko egonaldi luzatik dator 'Cabaret Manga' ikuskizunarekin, Izibene Oñederrak 'Hezurbeltzak' laburmetraia aurkeztuko du eta Xabier Erkizia musikariak Arrietaren performance-an parte hartuko du eta 'Hezurbeltzak'-eko musika ere konposatu du.
2008/02/17
Mar de Platako Denak Bat Euskal Etxeko Teyu Cuare trinketearen 80. urteurrena ospatzeko, antolatzaileek Paleta Pilota partidak antolatu dituzte otsailaren 23rako. Munduko txapeldunak izango dira protagonista, Villegas anaiak Dick eta Nicosiaren aurka. Egun berezi honetan ekintzan interesatuta dauden pertsona guztiak bildu nahi dituzte eta jardunaldiari amaiera emateko haragi errearekin prestatutako afari bat egongo da.
2008/02/16
Hamaika Bide Elkarteak, erbesteko euskal kulturako azterketa eta lanen berreskurapenaren sustatzaileak, iragan urtean sortu zuen web orrialdeko edukiak berritu ditu. Erbesteratuen fitxa berriekin batera, beste hiru atal ipini ditu: "Hilabeteko pertsonaia", kasu honetan Juan Goyanarte idazle eta editoreari buruz hitz egiten duena, "Hilabeteko artikulua", Nestor Basterretxea eskultore eta idazlearen testu batekin, eta "Hemeroteka" (bertan hedabideetan argitaratutako elkarteko kideen testuak biltzen hasi dira).
2008/02/16
Euskaldunen txapela beltz ezagunak protagonismo berezia izan du aste honetan Estatu Batuetako ABC katearen prime time-ean gertatu den pasadizo bitxian. Live with Regis and Kelly saio arrakastatsuan gertatu da, Regis Philbin aurkezlea New Yorkeko Eusko Etxea-ren txapela buruan zuela agertu denean Samuel L. Jackson aktoreari (Pulp Fiction, Star Wars II) elkarrizketa egitera. Philbinek, bera 'euskaldun peto-petoa' dela behin eta berriro errepikatu zuen, nahiz eta egiaz txapela Julian Abio euskaldunarena zen. Abio saioko teknikaria da eta New Yorkeko euskal etxeko kide aktiboa.
2008/02/15
Kalifornian bizi den espainiar talde batek --Madrileko komunikabide batzuen laguntzaz-- sustaturiko kanpaina mediatikoa ezerezean gelditu zen atzo. Bost gazte espainiar ultranazionalista baino ez ziren azaldu Stanford Unibertsitatean deituriko kontzentraziora, Ibarretxe lehendakariak eman behar zuen hitzaldia zapuzteko asmoz. Mintzaldiaren aretora sartu zirenek euren galderak idatziz lehendakariari aurkezteko aukera izan zuten, beste entzule guztiek bezala. Ibarretxek ETAren biolentziaren arazoa eta 'Euskadi eta estatu espainiarraren arteko harreman arazo politikoa' desberdindu egin zituen. Ibarretxek ETAri desagertzeko eskatu zion 'alderdi politikoek arazo politikoa gainditzeko akordioa lortu edo ez lortu'. Era berean lehendakariak komunikabideen ixtea eta 'euskal gizartearen zati bat erakundeetatik kanpo uzteko salbuespen legeen erabilpena' kritikatu zituen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus