euskal diaspora eta kultura

2008/02/23
Harrigarria izan da Jexus Mari Irazurentzat urtebetean Bertsoa.com webguneak eduki duen bisita kopurua. Izan ere, epe horretan 100.000 bisitatik gora izan baititu, eta horietatik geren bat inguru Diasporako jendearenak izan dira. AEB, Hegoamerika eta Ertamerika, Europa Mendebaldeko herrialdeak, Txina, Australia, Yemen edota Indiatik jaso ditu bisitak bertso-plaza digital honek 2007ko urtarrilaren 18an sortu zenetik hona.
2008/02/23
Star Ledger egunkari estatubatuarrak euskal sukaldaritzaren arrakasta izan du hizpide joan den astean. Gero eta nazioarteko oihartzun eta onespen handiagoa jasotzen ari da euskal gastronomia eta bere sekretuak ezagutzeko asmoz egunkariak New Jersey estatuan bizi eta lana egiten duten hiru sukaldari euskal-amerikarrengana jo du: Gema Aurre, Newarkeko Casa Vasca jatetxekoa;
Carlos Izaguirre, Cherri Hill-eko La Campagna Restaurant-ekoa eta Ignacio Cenicacelaya, Dover-eko Jai Alai jatetxearen jabea. Artikuluan islatutakoetako batzuk laburbildu ditugu datozen lerroetara.
2008/02/22
Ez da sorpresa bat, baizik eta aipatutako euskal etxeak beste bizitza hobeago batera pasa direnaren egiaztapena. Aste honetan Gasteizeko gobernu kontseiluak jakitera eman duenez, Argentinako Buenos Aireseko 'Gure Etxe Maitia' elkarteari eta Uruguaiko Montevideoko 'Centro Euskarori' munduko euskal etxeen erregistroan baja eman diete. Euren etapa historikoa buruturik, gauza bera gertatu zaio Lankidetza eta Garapeneko Eusko-Argentinar Institutuari. Gaur egun bere funtzioak Argentinako Euskadiko Ordezkaritzak bere gain hartu ditu, eta beraz, aipatutako erregistroan Institutuari baja ematea erabaki du kontseiluak.
2008/02/22
Ipar Euskal Herrian euskararen sustapenean jarduten diren elkarte eta taldeek diru laguntzak eskatu ahal izango dituzte, Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak ireki berri duten deialdiaren bidez. Laguntza hauetarako jaurlaritzak eta EEP-ek jaso duten diru-fondoa 1.340.000 eurotakoa da. Laguntzak eskatzeko epea datorren martxoaren 21ra arte luzatuko da.
2008/02/22
Townsvillen, Australian, bizi diren euskaldunek Aritz Aranburu zarauztarra zuzenean animatu ahal izango dute bihartik aurrera, surflari gazteak bertan WCT (Surfeko Zirkuitu Mundiala) txapelketako debuta egingo du eta bihartik aurrera. Txapelketa honetan, denboraldian zehar hamaika probatan lehiatuko da Aranburu, munduko 45 hoberenekin. Maila gorena da beraz. Urduritasuna gainditu beharko du bihar Aranburuk, baina Townsvilleko Basque Club of North Queenslandeko euskal jarraitzaileen laguntza edukiko du.
2008/02/22
David Civico zuzendari donostiarra eta Guillermo Sánchez Asua ekoizle bilbotarra New Yorken dira egunotan, "Txakurkalea" filma New York International Independent Film & Video Festival jaialdian aurkezteko. Zinema independientearen topagune hau hilaren 29an hasiko da, baina euskal filmaren emanaldia martxoaren 3an izango da. Euskal zuzendariak New York Basque Club elkartearekin harremanetan jarri dira, euskal komunitateko kideei filma ikustera joateko gonbidapena luzatzeko.
2008/02/21
Nestor Basterretxea, erroen modernitatea Bermeoko eskultorearen bizitza eta obra kontatzeko hainbat literatok eta muskarik landutako DVDa da. Jose Angel Irigaraik eta Josu Zabalak editatutako lanean Bernardo Atxaga, John Buhamea, Andoni Egaña, Jose Luis Isasa, Kepa Junkera, Jorge Oteiza, Blas de Otero-Gabriel Aresti, Mikel Urdangarin edo Kirmen Uribe bezalako artisten elkarrizketak, irudiak, poemak, kantak eta musika biltzen dira.Bestalde, hilaren zazpitik apirilaren erdialdera bitartean Donostiako Kursaalean Basterretxearen eta Ortiz de Elgearen lanak daude ikusgai.
2008/02/21
Ordizian urriaren 25etik 28ra egingo da 'Andres de Urdaneta: gizon modernoa' izenburudun Nazioarteko Mintegia eta antolatzaileek bertan parte hartzeko ikerketak bidaltzeko epea datorren uztailaren 31a arte luzatzea erabaki dute. Mintegian itsasgizon gipuzkoarraren bizitza eta bere aurkikuntzek Filipinaseko eta Ameriketako hainbat portuen historian eta ekonomian izan zuten eragina aztertuko dute. Aurten Urdaneta Ordizian jaio zeneko 5. Mendeurrena betetzen da eta urtean zehar erakusketak, mintzaldiak eta beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte bere jaioterrian. Urriko mintegia izango da Urdaneta 500 urteurreneko itxiera ekitaldia.
2008/02/21
Interneteko guneek eskaintzen duten gaitasun lehiakorra aprobetxatuz, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko jatorrizko deiturako upategietako txakolin ekoizleek euren produktuak saltzeko web orrialde bat sortu dute: www.txakoli.com. Atari honen bidez, gero eta ospe handiago eskuratzen ari den produktu hau lortzeko interesa duen orok sarean erosi dezake. Horretarako web orrialdean sartu, produktua aukeratu eta artikulu bakoitzari eta bidalketarengatik dagokion prezioa ordaintzea nahikoa da.
2008/02/20
Centre Cultural Euskal Etxea elkarteak Bartzelonako Euskal Zinemaladiaren azken edizioa aurkeztu du jada. Otsailaren 29an hasiko da eta martxoaren 14a bitartean luzatuko da. Aurtengo kartelean dokumentalak du protagonismo nagusia, Euskal Herrian zein Katalunian ekoitzitako filmeekin. Haurrentzako filmeak eta 'Eutsi!' komedia ere izango dira ikusgai. Musika eta dokumentala ere uztartzeko aukera izango da eta 'Zertarako amestu', Berri Txarrak taldearen 'rock dokumentalak', dudarik gabe hirukoteak Katalunian dituen zaletu asko bilduko ditu Euskal Etxera.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus