euskal diaspora eta kultura

2008/02/29
"3digitala" deitutako proiektuak 20.000 argazki bildu ditu momentuz. Ekimen honen bitartez, Eusko Ikaskuntzak etorkizunean euskal kultura eta artearen inguruko 100.000 irudiko kopurua gaindituko duen bilduma erraldoia osatu nahi du lehenengo fasean. Web orrialdeak eskaintzen dituen abantailen onuraduna produktuak ilustratzeko kalitate altuko irudiak behar dituen edozein pertsona izan daiteke.
2008/02/29
Hondarribiako Ostalaritza Elkarteak antolatuta eta Irun eta Hondarribiako sukaldariek prestatuta, solidaritate afaria antolatu dute martxoaren 6rako Irungo Iñigo Lavado Jatetxean. Ekimena antolatu dutenek San Ignacio de Moxosen (Bolivia) turismo azpiegitura bat sortzeko dirua bildu nahi dute "Taupadak" Gobernuz Kanpoko Erakundearen (GKE) proiektuarentzat. Boliviako Amazoniako herri honek bere baitan altxor ugari ditu, horien artean mundu mailan ezaguna den Musika Eskola, misiolarien eta bertako musika lantzen dituena, bertako haur musikari taldeetako bat aurten bertan Euskal Herrian barrena ibili delarik.
2008/02/29
Ahinitz Gerrikagoitia donostiarra eta David Santesteban iruindarra sei hilabetetan Hego Amerikako sei lurralde ezagutzera abiatu ziren. Denbora tarte horretan hauek izan dira bikoteak ezagutu dituen lurraldeak: Txile, Rapa Nui edo Isla de Pascua, Argentina eta Uruguay. Buenos Airesen, David eta Ahinitz bigarren honen familia argentinarrarekin egon ziren Urtezahar-gaua eta Urteberria ospatzen. Hau dena eta beste zenbait gauza bikoteak sortu duen blogean dago ikusgai.
2008/02/29
Munduari mundo filmea ekoiztu dute Ander Elorza eta Jon Urdangarin gasteiztar gazteak Australian, Japonian eta Gasteizen. Duela hiru hilabete abiatu ziren Ozeaniara, baina bikote honek Joseba Elorzaren laguntza izan du ere. Bera Euskal Herrian geratu da Ander eta Jonen abenturak eguneratuta daraman webgunean idazteko eta argazkiak eta bideoak ipintzeko. Filmeko protagonista Iñaki Albitxuri da eta bere buruari galdera bat egiten dio: Zergatik zait hain beharrezkoa bidaiatzea? Erantzuna topatu nahian, Albitxurik galdera hau aurkitzen dituen bidaiariei egitea erabaki du, eta bidaia-liburu bat idaztea elkarrizketa horiek liburuaren ardatz bihurtuta.
2008/02/28
Eusko Jaurlaritzako Herri Ardularitzaren Euskal Erakundeak 2006ko Kanpoko Ekintzaren Urtekaria argitaratu du eta bertan urtean zehar arlo honetan egin diren ekimenak jasotzen dituzte Jose Luis de Castro eta Alexander Ugalde egileek. Beste zenbait gaien artean urtekariak euskal etxeen erregistro ofizialean sei elkarte berrien sarrera eta Bruselako Euskal Ordezkaritzaren 20 urteak aipatzen ditu.
2008/02/28
NABOko presidentak, Mary Gaztambidek, gutuna idatzi dio Stanford Unibertsitateko buruari, Ibarretxe lehendakariari eginiko harrera ona eskertuz. Unibertsitateak Ibarretxeri mintzaldia emateko gonbitea egin zion eta duela bi aste lehendakaria bertan azaldu zuen bere proposamen politikoa. Mintzaldiaren aurkako kanpaina hasi zuen Kaliforniako espainiar nazioalista talde batek, baina unibertsitateak irmoki defendatu zuen Ibarretxek bere ideia politikoak azaltzeko adierazpen askatasun osoa zuela.
2008/02/28
Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketa Zuzendaritzaren bitartez, bi fresatzeko makina eman die Argentinako bi eskola teknikori, ikasleen heziketan eta trebakuntzan laguntzeko. Eskolak Las Flores hiriko 1go Eskola Teknikoa eta Fontanako 19. Lanbide Heziketarako Eskola dira. Dohaintza hauek euskal etxeen eta Argentinako Euskadiren ordezkaritzaren laguntza izan dute.
2008/02/28
Erakusketak "Xabier de Landaburu (1907-1963): bizitza osoa Euskal Herriaren kausarentzat" du izena eta berarekin, omenaldi berezia eskaini nahi diote politikari gasteiztarrari Abertzaletasunaren Museoak eta Sabino Arana Fundazioak, beste hainbat erakunderen laguntzarekin, Landabururen jaiotzaren mendeurrena ospatzearen karietara. Besteak beste abokatu, idazle, artikulugile, EAJko kide, parlamentari, pentsalari eta lehenengo Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde izan zen pertsonaia honi buruzko erakusketa martxoaren 9 arte egongo da zabalik Gasteizko Amarica Aretoan.
2008/02/28
Dagoeneko Eusko Ikaskuntzak sareratu duen "Andresare" webguneak Euskal Herriko emakumeen, eta batik bat feminismoaren eta generoaren alorrean, Euskal Herrian edo Euskal Herriari buruz egiten diren azterlanen egoeraren berri emango du. Teknologia berrien bidez, gune honek euskal emakumeen errealitatea erakutsi nahi du, ezagutza, sorkuntza eta zientziaren bidez.
2008/02/27
Euskal Herriko bertsolari eta Argentinako payadore gazteen arteko konexioa bizi-bizirik dago eta eman duen azken fruitua Maialen Lujanbio eta Paya anaiek Brasil, Argentina eta Uruguaira egingo duten bira da. Abentura honetan Wilson Saliwoncyk payadore argentinarra izango dute lagun eta gidari. Ikuskizun erakargarria eta euskaraz hitz egiten ez dutenentzako ulergarria eskainiko omen dute.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus