euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

9 de Julio-ko Etxe Maitea Euskal Etxea, Kultur Aniztasunaren Eguneko ospakizunaren antolatzaile eta partaide

2016/10/13

9 de Julioko Etxe Maitea Euskal Etxeak 2016ko Kultur Aniztasunaren Egunean aurkeztutako standa
9 de Julioko Etxe Maitea Euskal Etxeak 2016ko Kultur Aniztasunaren Egunean aurkeztutako standa

PUBLIZITATEA

Hiriko Udalak urtero antolatzen duen Kultur Aniztasunaren Eguneko jaialdia Gral. Belgrano Plazan izan da aurten, kolektibitate italiar, espainiar, irlandar, japoniar eta euskalduna partaide. Etxe Maitea Euskal Etxeak kultur stand bat aurkeztu zuen –"jaialdiko kultur stand bakarra"– eta erakundeen arteko elkartasuna bultzatzeko ALCEC minbiziaren aldeko elkarteari eman zion stand gastronomikoaz arduratzeko aukera.

9 de Julio, Argentina. Kultur Aniztasunaren Eguna urriaren 12an ospatzen da Argentina osoan eta herrialdean zehar dauden kultura ugarien sustraiak eta nortasunak errespetatzea eta ezagutaraztea du helburu nagusia. Helburu horrekin, 9 de Julio hirian, Udaleko Kultur Zuzendaritza eta Kolektibitateen elkarte ordezkariak elkarrekin ekiten diote urtero programa antolatzeari.

Aurtengo jaialdia joan den asteburura aurreratu eta urriaren 9an egin zen Buenos Aires probintziako herrian eta eguerditik gaueko 12etara mota askotako ekintzak burutu ziren Gral. Belgrano Plazan, gehienak gizataldeek prestatutako musika eta dantza ikuskizunak.

Euskal partaidetzari dagokionez, Etxea Maitea Euskal Etxeak euskal txokoa muntatu zuen plazan. Kultur standean, besteak beste, ikurrinak, txapelak, mapak, argazkiak, euskal jantziak eta, esaterako, ‘Gernikako Arbola’ abestiaren letra ikusi ahal izan ziren, beste hamaika objektu eta gauzaren artean. Etxeko lehendakariordea den Maria Esther Beascocheak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, euskaldunena,  “festako kultur stand bakarra izan zen". "Asmo gisa, gure herrira etorri ziren immigranteen izaera eta ohiturak ezagutaraztea hartu genuen. Jende asko hurbildu zitzaigun, gehienak euskal jatorrikoak, eta oso interesgarria iruditu zitzaien standa, esan ziguten”.

“Horrez gain asko, jende askok urte askotan egin izan dugun jarduera batez galdetu zigun: gure paella erraldoiaz. Garai batean Euskal Etxeko paellak oso ezagunak ziren; 500 pertsonentzako paellak antolatzen genituen eta oso aktibitate polita zen herri osoarentzat. Egun oso kide gutxi garenez Euskal Etxean, egiteari utzi diogu; baina jendeak bere eskabideekin animatu egin gaitu eta berehala sartuko den datorren urte honetan berriz egitea planteatu dugu”, jakinarazi digu Beascocheak.

Maria Esther Beascochearekin batera, lankide aritu ziren euskal standean arratsaldean zehar Maria Julia Beascochea, Iñaki Cancellieri, Liliana Zubieta, Felicitas Lisazo, Cecilia Rocha eta Hernan Alberdi. “Aurrekoetan ez bezala," jarraitzen du lehendakariordeak, "aurten ez dugu stand gastronomikoa muntatu, ALCEK elkarteari utzi baitiogu geuri zegokigun standaz arduratzeko aukera; hala ere euskal pastela eta beste euskal plater batzuk prestatu genituen gure standean saltzeko”.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia