euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

80 urte bete dira Winnipeg ontzia Valparaisora iritsi zela Espainiako gerra zibileko errefuxiatu errepublikarrez beteta

2019/09/04

Winnipeg-en iritsitakoen ondorengoetako batzuk eta partaideak Winnipeg-en iristera gogoratzeko antolatutako ekitaldietan
Winnipeg-en iritsitakoen ondorengoetako batzuk eta partaideak Winnipeg-en iristera gogoratzeko antolatutako ekitaldietan

PUBLIZITATEA

Valparaiso, Txile. 2.365 pertsona haien artean, Txileko euskal etxeetara eta bertako bizimodura bilduko ziren familia euskaldunak zeuden. Amaren aldetik jatorri euskalduna zeukan Pablo Neruda poetak --Txileko kontsula orduan Parisen-- antolatutako espedizio harek oihartzun handia izan zuen eta geroztik Txileri zenbait arlotan ekarpen polita egin dioten izenak eman dizkio bertan etorritakoen eta euren ondokoen artean. Valparaiso, Santiago eta Txileko euskaldunek besoak zabalik jaso zituzten ontzian zetozen aberkideak. Egun Santiagoko Euzko Etxeari lotua den Txileko Euskal Abesbatzak ontzi hartan izan zuen jatorria, Ramon Muguruza Zubillaga hernaniarra zuzendari eta sortzaile.

1939an Pedro Aguirre Cerda bilakatu zen Txileko presidente eta urte hartako ekainean Santiagoko Euzko Gaztedijak egin zion omenaldian, errefuxiatu euskaldunak hartzeko prest agertu zen, neurri espezifikorik hartuko ez bazuen ere. Orduan 30 urte zeuzkan Pedro Aretxabala Elustondo euskal txiletarrak (Charravata, 1908), Francopean Euskadiren Txileko Ordezkari izango zenak honela aipatu zion Joseba Etxarriri 1999an Winnipeg Valparaisoko portura irailaren 3an iritsi zenekoa:

"Ongi gogoan dut egun hura", dio 2008an 100 urte beteta hil zen Aretxabalak. "Iritsitako euskaldunen bila joan ginen eta familia lagunen etxeetan banatu genituen. Batzorde batek hartu zuen non lo egin topatzeko ardura. Batzordekideetako bat Santiago Zarrantz bera zen, eta tartean zeuden Alberto Etcheverry, orduan Euskal Etxeko lehendakari zena, Pedro Azula, Fermin Borda bera... euskal elkarteko Zuzendaritzakoak ziren. Elkartasun mugimendu handi bat izan zen, guztiak euskaldunak ginelako, bakoitza bere pentsaera eta ideologiarekin, baina prest beharrean zegoen herrikideari laguntzeko. Asko etorri ziren, Winnipeg aurretik eta ondotik. Euren seme-alaba eta ondorengoetako askok euskal etxearekiko loturei eta sentimentuari eusten diote gaur egun".

1939ko irailaren 3ko goizaldean iritsi ziren Valparaisoko Prat mollara, Winnipeg-eko gizon-emakume eta familia haiek, luzaroan eta gehienek betirako bizileku izango zuten Txilera, 30 eguneko bidaiaren ostean.Aste honetan, 80 urteurrenaren karietara, programa bat antolatu da, Espainiako Justizia ministro Dolores Delgado partaide

-Ikus artikulua EstrellaValpo kazeta txiletarrean argitara emana
-Mural sobre llegada del Winnipeg a Chile se inaugura en Museo de la Memoria (El Desconcierto)
-El ‘Winnipeg’ llega al puerto de Valparaíso 80 años después (El País)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia