euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

17. Urteurrena ospatu berri duen Trenque Lauquengo euskal etxea San Juan Sua ari da prestatzen

2015/06/01

Bertako dantzariek edertu zuten Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak-en 17. urteurreneko afaria (argazkia EE)
Bertako dantzariek edertu zuten Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak-en 17. urteurreneko afaria (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Euskara eta dantza eskolak dira Euskal Sustraiak-ek komunitateari betidanik eskaini dizkion aktibitateak. Aurten, ordea, Mus Tailer bati ere ekingo dio, hogeitik gora interesatuk dagoeneko izena eman dutela. Asteroko ekintzez gain, jai egitarau jakin bat ere garatzen du Trenque Launquengo euskal elkarteak, eta maiatzean erakundea sortu zeneko urteurrena ospatu eta gero San Juan Suari begira ari dira orain lanean. 

Trenque Lauquen, Argentina. Euskal kultura sustatze aldera, euskara eta euskal dantzak irakasten dira Buenos Aires probintziako Trenque Lauquengo euskal etxean, bertako irakasleez. Euskara klaseei dagokienez, Euskara Munduan programan trebatutako Alejandra Bengochearen esku daude eta astero ematen dira; irakasle gisa, Bengochearekin batera, erakundeko lehendakaria den Luis Lahittek ere hartzen du parte, euskal kulturari buruzko gaietan sakontzen.

Hiru dantza talde –txikiak, ertainak eta helduak– sortu ditu aurten bere baitan Euskal Sustraiak-ek, Daiana Aguirre irakasle berriaren ardurapean. Eta beste proposamen berria ere badauka abiatzear, erakundeko bazkideek hala eskaturik –hogeita hiru pertsonak eman dute izena dagoeneko– Mus Tailer bat ere eskainiko baitu, epe laburrean Argentinan zehar antolatzen diren txapelketetan Trenque Lauquengo ordezkariek ere parte har dezaten.

Datozen asteei begira, azkenik, eta iaz hasitako bideari jarraituz, San Juan Sua piztuko dute trenquelauquendarrek ekaineko azken asteburuan. Data zehatza baieztatzear dago baina joan den urtean bezala, Suarekin batera dantza emanaldia eta txokolate bero bat eskainiko zaizkie bilduko direnei.

17. urteurrena

Euskal Etxearen urtebetetze jaia maiatzaren 9an izan zen eta erakundeak zabaldutako deialdiari erantzunez egoitzako aretoa jendez mukurru bete zen. Ongi etorria emateko, Luis Lahitte lehendakaria zuzendu zitzaizkien bildutakoei eta ondoren dantzariek aurreskua dantzatu zuten. Agurra bukatuta, txikienen txanda heldu zen eta bi koreografia taularatu zituzten. Afalostean, berriz, dantzari helduek Kepa Junkeraren Bok Spok eskaini zuten eta haren ostean, Fandangoa egitean, publikoa ere altxatu zen dantza egitera. Jaia ordu txikiak arte luzatu zen, kantu eta dantzekin.  


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia