euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

16-18 urte arteko Diasporako euskaldun bat zara? Astebete eskas geratzen zaizu EuskarAbenturan izena emateko

2024/04/02

2023ko edizioak izan zituen Diasporako hiru partaideak: Belatz (AEB), Unai (Argentina) eta Haize (Valentzia)
2023ko edizioak izan zituen Diasporako hiru partaideak: Belatz (AEB), Unai (Argentina) eta Haize (Valentzia)

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Luzapenen ondotik, datorren asteko astelehena, apirilaren 8a, azken eguna izango dute Diasporako gazteek, baita Ipar Euskal Herrikoek ere, izena emateko EuskarAbenturaren 2024ko edizioan. Gogoratu ekimen honen 7. edizioa uztailaren 1etik 31era egingo dela, 125 espediziokide partaide, hilabetez Euskal Herri osoa oinez zeharkatuz, euskal geografia in situ ezagutuz, eta bertako biztanleen eskutik, euskal historia, kultura, ohiturak eta jendearekin zuzenean harremanduz, guztia euskaraz. Euskal Herri osoko eta Diasporako gazteentzako ekimena da, euskalki guztiak entzungo dira, eta lagun berriak ere edonongo euskaldunak egingo dituzte partaideek. Doaniko jarduera da eta Diasporakoentzako bekak daude Euskal Herriraino etortzeko.


Zeure adinekoekin elkarbizi eta EH osoko lagunak egiteko aukera da EuskarAbentura

Parte hartzea aukera paregabea da, eta merezi du izena ematea edo informazioa pasatzea opari ezinhobea da zure inguruan balia dezakeen gazteren bati. Informazio guztia euren webgunean dago, baina oroitaraziko dizugu nola parte hartu. Izan ere,  interesatuek minutu bateko aurkezpen bideo bat eta banakako proiektu bat bidali beharko dituzte, EuskarAbentura elkarteak proposatutako gaia eta formatuen artean bat aukeratuz. Oraingo edizioan, hauek dira hiru gaiak: 1.- Euskara batua eta euskalkiak, euskara batuak euskalkiak zapaltzen edota baztertzen dituela uste duzu? Edo alderantziz, euskalkiek prestigio gehiago dutela esango zenuke?; 2.- Emakumea eta kirola, egun, kirolaren esparruan parekotasunik ba al dago emakume eta gizonezkoen artean? Emakumeek mutilek adina kirol egiten dutela esango zenuke? Kasualitatea al da hori?; 3.- Utopia, Nola irudikatzen duzu etorkizuna? Mundu horretako zein elementu ditugu gaur egun eta zeintzuk aldatu dira?

Lanak sei formatu posibletan aurkeztu ahal izango dira: lan literarioak, musikalak, historikoak, ikus-entzunezkoak, plastikoak eta sormen digitalekoak. Espedizio taldea osatzerako hoberen baloratutako 125 lanak hartuko dira kontuan, baita hautagaien generoa, errealitate soziolinguistikoa eta jatorria ere, euskal gazteriaren aniztasuna jasoko duen espedizio talde bat osatzeko helburuarekin. Jasotako proiektuak ebaluatu ondoren, parte hartzeko hautatutako 125 gazteen behin-behineko zerrenda jakinaraziko da. Irakurri oinarriak eta egin klik izena emateko formularioan. Informazio gehiago nahi izanez gero, jo euskarabentura.eus web orrialdera. Ez galtzeko moduko aukera da! Eta gogoratu, zeuk ezin baduzu baliatu, egiozu mesedez oparia zure inguruko norbaiti honen berri emanez!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia